jueves, 22 de diciembre de 2011

SUFRITZERA KONDENATUAK


Suarekin jolasten denean erre egiten da bat, eta Reala erretzekotan egon zen Granadan. Lanak ia eginda zeuden joaneko partidan 4-1 irabazi ondoren, baina errenta guztiak popatik hartzera bidaltzekotan egon ziren txuri-urdinak, Philippe Montanierren defentsa planteamenduaren erruz. Koparen mamua minutu luzez itzuli zen zale guztien ondora, baina azkenean Imanol Agirretxek itzali zuen sua. Asko sufrituta, baina aurrera egin du Realak, eta Kopako final-zortzirenetarako sailkatu da.

Gaizki hasi zuen partida Realak. Sei atzelari jarri zituen zelaian Montanierrek. Estrada eskuinean, Ansotegi eta Iñigo Martinez erdian, Cadamuro ezkerrean, Demidov euskarri lanetan eta De la Bella ezker erasoan. Jokalariek entrenatzailearen planteamendua ulertu zuten, eta hasieratik defentsa lanetan aritzeari ekin zioten. Ifran eta Pardo izan ziren Granadaren areara hurbiltzen saiatu ziren bakarrak, baina bakarregi zeuden.

Granada jaun eta jabe izan zen lehenengo zatian. Gol aukerak bata bestearen atzetik izan zituen; guztira 20 jaurtiketa inguru egin zituzten andaluziarrek, baina gol bakarra penaltyz lortu zuten. Erdiraketa baten ondoren besoan eman zion baloiak Iñigo Martinezi. Ez zuen nahita egin, baina penaltya garbia zen. Sequeira atzelariak sartu zuen gola, 18. minutuan. Sufritzeko partidua izango zela ikusi zen orduan. Etengabe jarraitu zuen erasoan Granadak, eraso egin eta eraso egitearen poderioz beste gol bat sartuko zutela sinetsita. Realak bi aukera bakarrik izan zituen, Ifran eta Pardoren eskutik, baina ez ziren oso garbiak izan. Atsedenaldian arnasa hartzeko aukera izan zuen taldeak, ordura arte oso itxura kaskarra eman zuelako.

Bizirik jarraitzen zuen Realak, baina 45 minutu geratzen ziren oraindik. Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi zen, eta Granada zen gogoa jartzen zuen talde bakarra. Erritmo bizia jarri zuen Granadak lehenengo zatian, eta nekearen lehen sintomak hasi zirenean etorri ziren txuri-urdinen aurreneko aukerak. Ifranek bat eduki zuen, baina ez zen fin ibili. Halako batean, Reala erosoen zegoen momentuan, bigarren gola sartu zuen Geijok. Aspaldi txuri-urdinen agendan egondako aurrelari suitzarrak arrisku asko eragin zuen partida guztian zehar. Sufrimendua tragedia bihurtuko zela zirudien, ordu erdi baino gehiago geratzen zelako.

Montanierrek egoerari aurre egiteko joko planteamendua aldatzea erabaki zuen. Agirretxe Ifranen ordez sartu zuen aurrena, eta Llorente De la Bellagatik gero. 60 minutu Granadari oparitu ondoren, lehiakor izatea erabaki zuen frantziarrak. Bi aurrelariak zelairatzearekin batera bi aukera garbi izan zituen taldeak, biak hondarribiarraren oinetan. Robertok gaizki ateratako ateko sake baten jarraipenean kanpora bota zuen baloia aurrenik, eta aukera garbi batean ez zuen asmatu hurrengo jokaldian. Llorente ez dago fin oraindik.

Minutuak oso motel pasa ziren, eta Granadak erasoan jarraitzen zuen. Realak ahal zuen moduan urruntzen zituen baloiak, eta hamaika korner atera zituen aurkariak, arrisku gehiegi sortu gabe, hori bai. Baina patua aldrebesa da batzuetan, Reala tunela ilunago ikusten ari zen momentuan, Zurutuzak –Pardo ordezkatu zuen minutu batzuk lehenago- korner bat atera eta Agirretxek sareetara bidali zuen. Hori lasaitua hartu zuen taldeak, partida negargarria egin ondoren final-zortzirenetarako sailkatu ondoren.

Erraza zirudien partida bat erabat zaildu zen, eta Montanierrek planteamendua aldatu ondoren bakarrik konpondu zen. Lehiakor eta grinatsu jokatu zuelako irabazi zuen Realak 4-1 aurreko astean, eta gogo gabe jokatzeagatik egon zen kanporatua egotetik gertu. Suarekin jolastu ondoren erre gabe geratu zen, baina hurrengo batean bi eskuak eta gorputz osoa erre dezake. Ostiralean zozkatuko dituzte final-zortzirenak. Mirandes, Albacete, Kordoba eta Alcorcon bezalako taldeak iritsi dira. Zorte apur batekin balentria handiak egiteko gai da talde hau, gaur baino itxura hobeagoa ematen badu behinik behin.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS