Páginas

jueves, 3 de mayo de 2012

DUINTASUNA ETA BESTE HAINBAT ERRONKA


Zer geratzen zaio Realari Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan salbazioa lortu duenean? Jokalariek oporrak hartu eta atseden har dezakete, eta minutu gutxien jokatu duten jokalariek aukera bat aldarrikatu. Bada beste aukera bat: geratzen diren partidak duintasunez jokatu eta lehiakor izan. Azken aukera horri heldu zion Realak Atletico Madrilen aurka, eta luzapenean berdinketa lortu zuen. Presiorik gabe, 1-1 amaitu zuen Vicente Calderonen.

Philippe Montanierrek aldaketa txiki batzuk egin zituen hasierako hamaikakoan, baina oinarria aldatu gabe. Carlos Martinez, Demidov eta Cadamuro hamaikakora itzuli ziren, eta Agirretxek aspaldiko partez hasieratik jokatu zuen etxetik kanpo. Atzelariek lan eskerga egin zuten bai defentsan, baita erasoan; Agirretxek asko borrokatu zuen.

Europako Ligako lehian buru belarri sartuta, espero zen bezala, Atletico Madril partidaren bila atera zen lehen minutuetan, eta Realak kontraerasoan ateratzeko itxaron zuen. Adrian, Arda Turan, Gabi eta Falcaoren bitartez min egiten saiatu ziren, baina Realak nahiko eroso eutsi zituen lehen oldarraldiak. Elustondok eta Illarramendik asko lagundu zioten atzelariei. Apurka, etxeko taldea deseroso sentitzen hasi zen, eta Zurutuza zelai erdian nabarmentzen hasi zen. Xabi Prietok ere protagonismoa hartu zuen, eta Realak eskuin hegaletik eraso zuen batik bat. Prietok eta Martinezek erdiraketa bat baino gehiago egin zituzten, baina Miranda eta Dominguez erne ibili ziren. Minutuak pasa ahala Reala nagusitzen joan zen, eta Illarramendik akera garbia izan zuen atsedenaldiaren aurretik, baina ez zuen baliatu Prietok emaniko baloia.

Eztabaidarako jokaldia ere egon zen, baina Iglesias Villanuevasek ez zuen penaltirik adierazi Atleticoren arean. Lehenengo zatia amaitu bezala, indartsu hasi zuten bigarren zatia txuri-urdinek, eta bigarren minutuan markagailuan aurretik jartzeko aukera ezinhobea izan zuen Agirretxek. Zurutuzak jokaldi paregabea egin zuen, pase bikaina eman zion usurbildarrari, baina aurrelariak zailena egin zuen Courtoisen aurrean: baloia kanpora bota. Futbolean maiz gertatzen den bezala, barkatzen duenak garesti ordaintzen du. Agirretxeren hutsa eta bost minutu geroago Gabik gola sartu zuen, area ertzetik jaurtiketa lehor batekin. Atletico Madril gehien urduritzen ari zen unean etorri zen gola eta lasaitasuna etxekoentzat. Ondoren etorri ziren txuri-urdinen minutu okerrenak, baloia galdu eta etxeko erdilarien atzetik ibili zirelako.

Montanierrek azkar egin zituen aldaketak eta Ifran, Llorente eta Vela zelairatu zituen, aulkian zituen hiru erdilariak. Agirretxek, Illarramendik eta Griezmannek utzi zuten zelaia. Ifranek gogo betez jokatu zuen, Montanierri zerbait adierazi nahian edo. 70. minutuan urrutitik jotako falta batean gola lortzear egon zen. Zerbait berezia du uruguaiarrak, eta mingarria da hain minutu gutxi izana. Erasoko aldaketekin batera, etxeko taldea jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Gabi goleatzaileak hanka goregi altxaturiko jokaldi batean. Simeonek garbi ikusi zuen: golari eutsi egin behar zitzaion. Hori dela eta, Falcao kendu eta Godin sartu zuen. Realeko jokalariek ere ulertu zuten Simeonek egin nahi zuena. Bultza eta bultza area barnean sartu zuen Atletico, baina erdiraketa guztiak antzuak izan ziren. Atzelariek behin eta berriz atera zuten baloia hondoratzear zen untzitik. Eta ekinaren ekinez, luzapenean Velak argitu zuen partida. Korner bat jokaldi trabatua bilatu, Llorentek burugogor eraman zuen baloia, ozta-ozta ukitu, eta mexikarrari iritsi zitzaion, sareetara bultza zezan. Aspaldiko partez korner batean gola sartu zuen Realak.

Puntua merezitakoa izan zen. Realak galdu gabe jarraitzen du, eta, bide batez, Atletico Madril Txapeldunen Ligarako aukerarik gabe utzi du. Bestelako helbururik gabe, erronka txikietan oinarritu behar ditu partidak, jokoan gehiago duten aurkarien aurka. Presiorik gabe jokatuta, duintasunez aritu daitezke txuri-urdinak. Larunbatean Osasuna izango dute aurrean, Europa postuetatik bi puntura. Iraganeko zorrak kitatzea liga amaierarako helburu izan daiteke, zergatik ez.


Partidako onenak:

3.- David Zurutuza: Racingen aurka pase bikaina eman zion Griezmanni, atzo antzeko pasea eman zion Agirretxeri, baina aurrelariak ez zuen gola sartu. Puntaerdi lanetan eroso sentitu zen, eta  atzean ere lagundu zuen.

2.- Xabi Prieto: Itzuli da. Griezmannen berririk ez zegoenean, eskuin hegaletik egin zuen joko guztia Realak, eta Prietok nahi adina erotu zuen Felipe Luis bezalako hegaleko atzelari erasokorra. Erdiraketa ugari jarri zituen, oso onak gehienak. Tamalez, bere baloiek ez zuten errematatzailerik topatu.

1.- Gorka Elustondo: Gaizki jokatzen duenean kritika ugari jasotzen ditu eta ondo jokatzen duenean laudorio gutxi. Baina, egiari zor, oso partida ona egin zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario