2011ko urriak 1, igandea, 12:00k. Realak eta Athleticek sasoiko leen derbia zuten Anoetan. Realak etxetik kanpo lehen partida irabazi, baina oso itxura txarra eman zuen hurrengo bietan. Etxean sendo zebilen, Bartzelonaren aurka berdindu eta Granadaren aurka irabazi ostean. Dena den, Montanierri buruzko lehen zalantzak hasi ziren. Athletic askoz okerrago zegoen. Zuri-gorrien zalantzak handiagoak ziren, bi punturekin jaitsiera postuetan zeuden, Bielsa aulkitik botako zutela zirudien. Gero, gerokoak; baina derbia bidegurutzea izan zen bi taldeentzat. Athletic olatuaren aparrean jarri eta denboraldi bikaina egin zuen, Realak argi ilunez beteriko sasoia eduki zuen.
Urtebete pasa da eta Reala eta Athletic bidegurutzean daude berriro. Ezer aldatu ez dela dirudi. Txuri-urdinak zuri-gorrien aurretik. Gipuzkoarrek etxeko bi partidak sendo irabazi dituzte, eta etxetik kanpo penagarri. Bizkaitarraz zalantzaz beteta daude, eta Bielsarekiko inoiz baino zalantza gehiago daude. Gauza bat aldatu da, dena den. Montanierrek derbian entzun zituen lehen txistuak, eta horiek hilabetez hilabete areagotzen joan dira. Zaleek bere dimisioa eskatzen dute, eta Aperribaik kontrakoa esan arren, hari batean dago. Montanier bera bidegurutze batean dago, eta, agian, bere bidearen amaieran. Zirt edo zart egiteko ordua du Vernonekoak.
Eta ez dirudi patua bere alde dagoenik. Ez behintzat astean zehar gertatu dena ikusita. Bravok eskumuturra hautsi du eta bizpahiru hilabetez min hartuta egongo da. Lesionatu zen egun berean egin zioten ebakuntza, eta dena ondo joan zela esan dute medikuek. Zubikaraik ordezkatuko du denbora tarte horretan. Ondarrutarra erronkarako prest dago. Mallorcaren aurka Kopako partidan gertatutakoaz ahaztu behar dute zaleek, edonork du gau txar bat, eta Zubikaraik behin baino gehiagotan erakutsi du Bravo ordezkatzeko adina maila duela. Royo bigarren taldeko atezaina izango da atepean.
Pardo, zelai erdiko harribitxia, ez da osatu oraindik, eta deialditik kanpo geratu da berriro. Berarekin batera Elustondok bere erritmora entrenatzen jarraitzen du, bere lesiotik ahalik eta azkarren osatzeko gogoarekin. Hala, aurreko deialdietako jokalari berberak daude zelaierdian: Markel, Zurutuza, Illarramendi —hiru jokalari horiei jaraitasuna emango diela dirudi— eta Ros. Aurretik egin izan duen bezala, ez litzateke harritzekoa izango Griezmannek minutu batzuk zelai erdian jokatzea.
Atzealdean ez dago berritasunik, Carlos Martinez geratu da deialditik at. Ikusteko dago De la Bellak jarraituko duen hasierako hamaikakoan, edo Jose Angelek bere lehen aukera izango duen ezker hego atzelari gisa. Aurrelari eta hegaleko guztiak osatuta, Ifran deialditik kanpo geratu da, eta Agirretxe, Vela, Xabi Prieto, Griezmann bera eta Chori Castro deitu ditu Montanierrek. Horietako bik aulkian hasiko dute partida. Zaila da bostetako zein geratuko den asmatzea, baina, printzipioz Agirretxek, Velak eta Griezmannek dituzte aukera gehien.
Athletic ez da iazko denboraldiko bera, eta zalantzaz beteta iritsiko da Anoetara. Iaz urteko lehen garaipena lortu, eta suziri bat bezala ekin zion goraka. Aurten, baina, ezohiko uda eduki dute zuri-gorriek. Denboraldi ia perfektu bat egin ondoren —bi final jokatuta, baina biak galduta—, goizegi harrotu dira hautsak. Etxeko hautsa astindu zuen lehenengoa Bielsa entrenatzailea izan zen. Lezama eraberritzeko lanak ez ziren berak nahi bezala izan, eta izugarrizko sesioa eduki zuen lorezainarekin, eta eraberritzeko lanen arduradunarekin. Azken horri jo, eta bere buruari salaketa jarri zion, eroa ezizenaren ospea zerbaitengatik duela berretsirik.
Jokalariak izan ziren zalaparta sortu zuten hurrengoak; taldeko bi jokalari onenek gainera: Fernando Llorente eta Javi Martinez. Athletic talde berezia eta bere izaera bakarra den uste hori hamaika zatitan apurtu zuten Munduko eta Europako txapeldunek. Talde zuri-gorritik atera eta Europako talde handi batean jokatu nahi zutela azaldu zuten lau haizetara. Titulu gosea Bilbotik kanpo ase behar zutela jakitun egin zituzten adierazpenok. Aiegikoaren kasuan, Bayern Munichek etete klausula ordaindu du, eta 40 milioiren truke Alemaniarako bidea hartu du, hainbat herritarrek egoera ekonomikoaren eraginez egindako bide bera. Errixoarren bila, berriz, ez da inor iritsi. Hurrengo urtean libre geratuko da, eta guztiz irauli behar du egoerak aurrelariak kontratua berritzeko. Bitartean Athleticen jokatzen jarraituko du, eta baliteke, gainera, Anoetan sasoian lehen aldiz hasieratik aritzea Adurizekin batera. Kontuz, beraz.
Hain uda aldrebesa izan ondoren, iazko egoerarekin antzekotasun bat baino gehiago topatu dute batek baino gehiagok. 1-2koa errepikatzea golpe latza litzake Realarentzat. Aurredenboraldian eta denboraldi hasieran erakutsitako indarguneak baliatu behar dituzte gipuzkoarrek gaur arratseko partidan. Zelai erdian nagusitzea gakoa izango da, hegaleko jokalariekin azkar jokatu eta kontraerasoak egiteko. Illarramendik eta Zurutuzak Iturraspe eta De Marcos baino gehiago izan daitezkeela erakutsi behar dute
Athletic inoiz baino gehiago sufritzen ari da atzean. Amorebieta min hartuta ibili da, Castillo ere hala dabil, eta San Jose ez dago sasoiko. Hala, Gurpegi aritu da erdiko atzelari bezala. Eskarmentu askoko jokalaria da nafarra, baina ez da ez azkarra ez trebea. Ezker hegalean Castillok ordezkatu du Aurtenetxek utzitako hutsunea. Realeko aurrelarien abiadurak min asko egin diezaioke. Vela, Griezmann eta Chori lekuz etengabe aldatzen badira, zailtasunak izango dituzte jokalariek. Ezker hegalean Castillo bilatu behar dute Velak edo Prietok, asko sufritzen duelako defentsan. Zelai erdian nagusituz gero, Iraolak ezingo du erasora askotan igo, Griezmannek edo Castrok bere sorbalda hartzeko arriskua handia izango baita. Hori lortuz gero, Athleticen erasoko aukera asko deuseztatuko dira. Iraizoz min hartuta ibili da, baina derbirako osatu dela esan du Bielsak. Atezainak eta venezuelar jatorriko atzelariak hasieratik jokatuko dutela baieztatu du entrenatzaile argentinarrak.
Baina Realak Athleticen atzealdean min egiteko aukera asko dituen modu berean, zuri-gorriek ere txuri-urdinen defentsan min egiteko baliabideak dauzkate. Adurizek edo Llorentek jokatu, eskarmentu askoko jokalariak dira, eta Iñigo Martinezek eta Mikel Gonzalezek kontu handia eduki beharko dute. Bi aurrelariak bereziki abilak dira buruzko erremateetan, eta justu hori da Martinezen ahulezietako bat. Iazko derbian bi goletan aurreratu zitzaion Llorente. Gainera, Zubikarai ez da Bravo bezain ona irteeretan. Txiletarra bikain atera ohi da, eta erasoko jokaldi asko zapuzten ditu. Ondarrutarrak erne ibili beharko du, atzelariei ahalik eta gehien laguntzeko. Hegaletan ere kontuz ibili beharko dute De la Bellak eta Estradak. Ezkerretik Ibai Gomez eta Isma Lopez abilak dira, baina oso jokalari arriskutsua da, eta eskuinean Susaeta ere arriskutsua da. Munian punta erdi lanetan ari da, eta ez dabil fin, baina Markelek gertutik markatu behar du badaezpada ere.


No hay comentarios:
Publicar un comentario