Oporretan da jada Reala. Etxeko lanak ondo
eginda gainera. Ahoan irribarre zabala dutela iritsiko dira jokalariak etxera
Gabonetan. Izan ere, lehenengo itzulia amaitzeko bi partida falta direnean 25
urte pilatu ditu taldeak. Bolada bikainean sartu dira txuri-urdinak, zazpi
partida daramatzate galdu gabe, eta agurreko norgehiagokan 2-1 irabazi diote
Sevillari, partida gogor baina osoan. Velak lehen zatian aurreratu zuen Reala,
ondo gorpuztutako jokaldi batean; Medelek berdinketa bigarren zatiaren hasieran
sartu zuen eta De la Bellak sartu zuen garaipenaren gola.
2012-2013ko ajeetako baten ondorioz, ez bururik ez hankarik ez duen
ordutegi dantzaren erruz, ostegun bateko 22:00etan jokatu zuen Realak. Halere,
20.000 zale inguruk bete zituzten harmailak. Ondo doa taldea, eta merezitako
agurra eman nahi zioten jokalariei. Zaleen beroa eskertzeko, elastikoan
horietako 11ren izena eramateko ekimena bultzatu zuen taldeak. Polita ideia.
Sevilla garaitu ondoren, garaia da Europa tabu gisa ezabatzeko. Egia da
Europan lehiatzeaz hitz egin den bakoitzean taldeak txakalaldia eduki duela eta
huts egin duela. Baina jokalariek duten mailarekin, erakusten duten joko
onarekin, maila mantentzea baino erronka altuagoetan saiatzeko obligazioa dago.
Atzo erakutsi zen bezala. Lehenengo zatiko une batzuetan denboraldiko minutu
onenak jokatu zituzten txuri-urdinek. Gozamena da Pardo baloia oinetan ikustea;
etengabe eskaintzen da errioxarra, eta hegal batera zein bestera azkar mugitzen
du baloia. Bitartean, Illarramendi hazi eta hazi ari da, etengabe. Iñigo
Martinez eta, batez ere Mikel Gonzalez, sendo ari dira. Zer esan hegaleko
atzelariez; kritika gogorrak entzun ondoren, inoiz baino hobeto dabiltza De la
Bella eta Carlos Martinez, konfiantza betez ikus daitezke. Erasoan kosk egiten
dute Vela, Ifran, Griezmann eta Prietok, eta defentsa lanetan erruz laguntzen
dute.
Lehen zatian erakutsitako maila onaren erakusle izan zen lehenengo goleko
jokaldia. Bravok geldiketa erraza egin ondoren azkar atera zuen baloia
eskuarekin. Azkarregi agian, albotik aterako zela zirudielako; baina De la
Bella azkar-azkar mugitu zen ozta-ozta iristeko. Griezmanni pasa, eta
frantziarrak bat-biko azkarra gorpuztu zuen Illarramendirekin; Velari pasea eta
mexikarrak, sareetara. Gol bikaina.
Aukera gehiago izan zituen Realak, Pardoren erremate bortitza kasu, baina
ez zen aldaketarik egon. Zaleek gogor eskatu zuten Spahicen bigarren txartela
Ifrani sarrera zakar bat egin zionean, baina epailea ez zegoen Sevilla jokalari
bat gutxiagorekin uzteko prest. Anoetan argi geratu zen gaur egungo Sevilla ez
dela aurreko urteetako aurkari beldurgarri hura. Iparrik gabe aritu zen, jokoa
sortu ezinik. Baja garrantzitsuak zituen, baina maila kezkagarria eman zuen. Ez
zegoen Navasen, Reyesen eta Del Moralen berririk. Medel saiatzen zen jokoa
sortzen eta Negredo ez zen gai bera bakarrik probetxuzko ezer egiteko. Oso gris
aritu zen.
Baina futbola zer den. Bi jokaldietan guztia alda daiteke. Lehen zatian
bezala, Reala jaun eta jabe izango zela zirudien. Hasi eta berehala jokaldi
bikaina egin zuten, luzea, landua. Baloia ia jokalari guztietatik pasa ondoren,
Griezman ezker hegaletik area barneraino sartu zen, eta Prietori baloi bikaina
eman zion. Donostiarrak huts egin zuen. Huts handia. 2-0ekoa gertu izan zen.
Baina banakakoa iritsi zen hurrengo jokaldian. Negredoren erdiraketa urruntzeko
garaian huts egin zuen Bravok. Navasen pasea hanka tartetik pasatzen utzi zuen
Reyesek eta Medelek barrura bidali zuen. Huts egitea eta gola sartzearen arteko
desberdintasuna.
Mina egin zion golak Realari. Ukabilkada gogor bat jaso ondoren zabuka
dabilen boxeolaria bezala. Bat-batean, Pardoren eta Prietoren arrastorik ez
zegoen. Griezmannek ez zuen hainbeste laguntzen defentsan eta Illarramendi
gizajoa ez zen zelai erdiko odoljarioa bera bakarrik geratzeko kapaz. Une
gogorrak izan ziren, minutu zailak. Sevillak bizpahiru aukera izan zituen golak
hauspotuta. Edozein unetan kanpokoen bigarren gola etorriko zela zirudien.
Montanierrek aldaketak egitea erabaki zuen, joera aldatu asmoz. Baita asmatu
ere. Erabaki arriskutsua egin zuen, Pardo kentzea; harmailaren haserrea jasoko
zuela bazekien arren. Errioxarrak norgehiagoka grisa jokatu zuen, baina zaleen
gogokoena da.
Zurutuza zelaira sartzearekin batera asko hobetu zuten txuri-urdinek.
Minutu gutxira etorri zen gola. Velari area barnean iritsi zitzaion baloia.
Erdira jo zuen apur bat, atzelarien arreta bereganatuz. Hegaletik Carlos
Martinez iristera itxaron zuen hari pasea emateko. Nafarraren erdiraketa De la
Bellak sartu zuen. Hegaleko atzelaritik, hegaleko atzelarira; taldearen
anbizioaren erakusle. Sevillaren golak Realari min egin bazion, zer esan
Realaren golak Sevillari egin zion minaz. Oso buru-arina da Andaluziako taldea.
Zailtasunak datozenean, segituan jaisten dute burua. Hala, berdinketaren bila
jo beharrean, ostikoak ematen hasi ziren. Oso zakar aritu ziren. Cokek txartel
gorria ikusi zuen, baina ez zen harritzekoa izango epaileak beste pare bat
jokalari ere kanporatu izan balitu. Montanierrek beste pare bat aldaketa egin
zituen partida amaitu aurretik. Chory Castro sartu zuen Velaren ordez eta
Agirretxe Ifranengatik —txikituta bukatu zuten mexikarrak eta uruguaitarrak—.
Sevillak baino izaera gehiago erakutsi zuen Bravok. Golean egindako hutsa
ahaztu, eta sendo aritu zen ordutik. Sevilla jokalari bat gutxiagorekin zegoen,
baina apurka bultzakada txikiren bat emateko prest zegoen. Halako bultzada
batean kornerra lortu zuen. Kornerrean oso gertu egon zen gola. Bravok
izugarrizko geldiketa ona egin zuen; 87. minutua zen. A ze lasaitua hartu zuten
zale batek baino gehiagok. Batez ere Prietok eta Agirretxek ate aurrean
bakar-bakarrik bi aukera garbi huts egin zituztelako.
Esan bezala, bolada onean dago taldea, eta oporretako etenaldiak ondo
hausnartzeko balio du. Bueltan Santiago Bernabeun jokatuko dute txuri-urdinek,
Real Madrilen aurka. Plaza zaila zinez, baina noizbait puntuatzekotan, orain
izan liteke, oso nahasi baitatoz urak Madrilen. Mourinhoren eta jokalarien
arteko dibortzioa bistakoa da, eta presidenteak berak eta zaleek ere jada
gehiago ezin dutela dirudi. Hiru urtez elikatu duten munstroak gainezka egin
du.
Jokalari onenak:
3.- Asier Illarramendi: Izugarrizko erakustaldia eman zuen berriro
mutrikuarrak. Ruben Pardo itzalduta, berak bakarrik eutsi zuen taldea,
Sevillaren erasoak moztuz eta Realaren erasoa hasiz.
2.- Carlos Vela: Partida hasierako gola sartu eta amaierakoa
eraiki. Erasoan min egiteaz gain, defentsa lanetan asko lagundu zuen.


No hay comentarios:
Publicar un comentario