Páginas

domingo, 17 de febrero de 2013

NAHI, BAINA EZIN


Galdu gabe jarraitzen du Realak, baina bidean garrantzi handiko bi puntu utzi ditu ofizioz beteriko Levanteren aurka. Aurkaria berriro ordu erdi jokalari bat gutxiagorekin geratu arren, txuri-urdinak ez dira atea urratzeko gai izan eta berdinketarekin konformatu behar izan dute. Bi penaltiren bidez iritsi dira bi golak, eta beste bi balizko penalti adierazi gabe utzi ditu epaileak Levanteren arean lehenengo zatian. Realak izan ditu aukera garbienak, baina aurrelariek ez dute bere eguna eduki eta kamuts aritu dira Keylor Navasen aurrean. Jokalari bat gutxiagorekin, sendo defendatu dute valentziarrek, eta ezinezkoa izan da bigarren gola sartzea.

Ezohiko ordutegian, igandeko 12:00etan, Anoetako harmailak lepo beteta zeuden, eta oro har baino gaztetxo gehiago ikusten ziren zelaian. Azken bi denboraldietako ordutegi dantzek kalte handia egin diete etxeko txikienei, partida gehienak beranduegi jokatzen baitira. Hala, zaleak haien taldea hauspotzeko asmoz jarri ziren lehenengo minututik. Realaren joko eta bolada onak jendea erakartzen du, eta sufritzera baino, gozatzera hurbildu ziren guztiak. Iraganeko penuriak ahaztuta, Europan ikusi nahi baitute hainbeste negar malkoren iturri izan den Reala.

Romaredako hamaikakoari jarraipena ematea erabaki zuen Montanierrek. Aldaketa bakarra egin zuen, Agirretxe aulkian utzi eta Chory Castro zelairatu. Abiadura bilatzen zuen entrenatzaileak, hegaletatik bat biko azkarrekin min egitea, eta atzelarien altuera eta trinkotasunaren aurrean sagutxoak bezala sigi-sagaka sartzea. Zelai erdian Markelen aldeko hautua egin zuen, Pardoren kaltetan. Erasoan maila teknikoko baina defentsa gutxiko jokalariak jarrita, taldea orekatzeko erabakia izan zen, Levanteren kontraeraso arriskutsuak gelditzeko.

Lehen minutuetatik ikusi zen nolakoa izango zen partida. Baloiaren jabetza hartu zuen Realak, eta aurrera egin zuen, beldur gabe eta oldarkor. Taldeak gozatu egiten du baloia oinetan duenean, eta gustura aritzen da. Levantek atzean txukun itxaroten zuen eta kontraeraso zitaletan sustoak emateko asmoa zuen, Martinsek baloia hartzen zuen bakoitzean, arriskua etor zitekeelako. Dinamika horretan, Realak jo zuen lehen golpea. Hainbestetan bezala, Velak eskuin hegaletik erdira jo zuen, eta area ertzean zegoenean zangotrabatu egin zuen Karabelasek. Area kanpoan, barruan, falta, penaltia... zalantza segundo batzuk izan ondoren, penaltia adierazi zuen Hernandez Hernandez epaileak. Mexikarrak maisuki engainatu zuen Navas atezaina eta denboraldiko hamargarren gola sartu zuen.

Garrantzitsua zen markagailuan aurretik jartzea, Levante defentsan eroso bizi den taldea baita. Markagailuan atzetik egoteak irekitzera eta arrisku gehiago hartzera behartzen zuen Valentziako taldea, eta hor bide ona aurki zezaketen txuri-urdinek. Baina ordu laurden bat baino gutxiago iraun zuen donostiarren pozak. Levantek eskuin hegaletik egindako jokaldi batean area barneraino sartu zen Lell, eta Chory Castrok penalti inozo baino garbia egin zion. Bravok Michelen jaurtiketa nora joango zen asmatu zuen, baina ez zen iritsi gutxigatik. Ordu erdi eta berdinduta markagailua berriro.

Lehen zatia amaitu bitartean etorri ziren txuri-urdinen minutu onenak. Michelek berdinketa sartu eta berehala bigarren gola sartzeko aukera garbia eduki zuen Realak. Carlos Martinezek ezker oinarekin egindako erdiraketa bakar bakarrik errematatu zuen Velak buruz, baina erdi erdira joan zen eta atezainak erantzun ona eman zion. Levanteko jokalariek jokoz kanpokoa eskatu zuten, baina ez zen halakorik izan, aurrelari txuri-urdina ederki mugitu baitzen.

Ez zen aukera bakarra izan, Griezmannek beste bi eduki baitzituen, Velarenak bezain garbika. Lehena Velaren jokaldiaren ondoren, urrutitik egindako jaurtiketa lehor batean. Navasek ukabilekin aldendu zuen. Bigarrena, atsedenaldiaren aurretik izan zuen frantziarrak. Carlos Martinez eta Velaren arteko antzeko erdiraketa batean, mexikarrak eman zuen pasea oraingoan, eta Griezmann gutxigatik ez zen ailegatu. Baloia ukitu izan balu, gola zatekeen. Iritsi eta iritsi, bultza eta bultza, une txarrean adierazi zuen epaileak aldageletarako bidea. Berdinduta jarraitzen zuen partidak eta arnasa har zezakeen Levantek.

Entrenatzaileek taktikak errepasatu ondoren, aldaketa batekin zelairatu zen Levante. Lell, min hartuta, aldagelan geratu zen, eta Pedro Lopezek hartu zuen ezker hegaleko jokalariak gelditzeko ardura. Lehen zatian ez bezala, oldarkor zelairatu zen Levante, eta haienak izan ziren lehen aukerak. Bravo seguru aritu zen, dena den. Seigarren minutuan langa —eta zaleen bihotza— dardarka utzi zuen Michelek, area kanpotik egindako zartako baten bitartez.

Reala suspertzen hasi zen jokaldi horren ondoren, eta Choryren jaurtiketa gogorra kornerrera aldendu behar izan zuen Navasek. Ondo aritu zen Levanteren ordezko atezaina. 57. minutuan jokalari bat gutxiagorekin geratu zen kanpoko taldea, Karabelasek Choryri egindako sarrera gogor baten ondorioz. Levanteko jokalariek ez zuten protestarik egin, garbia izan baitzen txartela. Azken zortzi jardunaldiak jokalari bat gehiagorekin aritu dira txuri-urdinak. Marka da gero.

Dena den, kaleratzeak ez zion batere lagundu Realari. Levantek atzera egin zuen, lauko bi lerro garbirekin, Martins goran utzita. Uko egin zion eraso egiteari, eta kontraeraso isolaturen batean iritsi zen Bravorengana soilik. Hori bai, bi geldiketa garrantzitsu egin behar izan zituen Txiletarrak. Partida irabazteko ordu erdi zuen Realak. Montanierrek Pardo zelairatu zuen, egon zitezkeen zuloak aurkitzeko. Baloia alde batera goxo, zulo bila mugitu beharrean, presaka jokatu zuen Realak. Erdiraketa antzuak, kontrol kaskarrak, pase txarrak...

Burua galdu zuten txuri-urdinek eta ez zuten nola jokatu asmatu. Hegaletatik erdiraketa bidez saiatzen ari zirela ikusita, Montanierrek Agirretxe zelairatu zuen; eta amaieran, Ifran. Zuen bolbora guztia. Baina oso eroso zegoen Levante. Realak ez zuen aukera garbirik, eta ernegatuta area kanpotik saiatu ziren behin eta berriro. Hor egin zuten froga Velak, Choryk eta Griezmannek, asmatu gabe. Aukera garbiena Pardok izan zuen. Eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat Griezmannek esku eskura utzi zion, baina errioxarrak gaizki jaurtiki zuen baloia. Ez zen fin aritu gaztetxoa.

Hala, Levanteren armiarma sarean galduta, amaiera iritsi zen. Bosgarren postuan zen Reala une horretan, hor zegoen oraindik Europa, eta sentsazio onekin iritsiko dira txuri-urdinak derbira. Athleticek baino 11 puntu gehiago ditu Realak, eta A8aren alde batean eta bestean dagoen aldartea erabat desberdina da. Baina, derbiak beti dira derbi, eta inor ez da sailkapenaz fio.

Jokalari onenak:

3.- Bravo: Garrantzi biziko bi geldiketa egin zituen bigarren zatian. Erne izan ez balitz, galdu egingo zuen Realak. Penaltia ere geratzear egon zen.

2.- Vela: Mexikarrarena izugarria da, faltak probokatu eta probokatu jarraitzen du. Hari egindako penaltia maisuki sareratuta, sasoiko hamargarren gola sartu du —iaz 12 sartu zituen—.

1.- Chory Castro: Lesioak edo teknikariaren erabakiak tarteko, minutu asko eman ditu aulkian. Zelaian den bakoitzean maila handikoa dela erakusten du. Erritmo aldaketa izugarria du, eta bat bikoan hari baloia kentzea ezinezkoa da ia. Galdetu bestela Karabelasi. Lastima penaltia egin izana.

No hay comentarios:

Publicar un comentario