domingo, 14 de abril de 2013

ABORDAIA!

Lurra begi bistan. Europa uharte amestua eskura, hain gertu; eta pare-parean, Txapeldunen Liga izeneko portu preziatu eta ederra. Hain gutxi falta da, hor. Rayo Vallecanoko piratek ere ezin izan zuten Realaren arraunkaden erritmoa gelditu. 20 paritdatik porrot bakarra, hamahiru norgehiagoka galdu gabe. Agirretxeren bi kanoikadek hondoratu zuten igandean Madrildarren ontzia. Haizea lagun, ametsa gero eta gertuago dago, zazpi jardunaldiren faltan lau puntuko aldea diote txuri-urdinek aurkari gertukoenei.

Astean zehar lemazain eta marinel trebeenak min hartuta ibili arren, galazka hamaikakoa jarri zuen Montanierrek gudu-zelaian. Illarramendi lemaren kontrolpean, Vela eskuinetik arraunkada biziz eta Prieto erdian guztia kontrolatzen. Donostiatik euskarri lana egin zuten 2.000 zaleen bultzada ahaztu gabe. Astean zehar jokalari gakoetako batzuk nola zeuden ikusita, beldurra zegoen, baina azkenean ia guztiek jokatu zuten. Pardo bakarrik geratu baitzen deialditik at.

Rayo partida hasieratik kontrolatzeko asmoarekin atera zen, ohi duen bezain oldarkor eta bertikal, Bravoren atea begiz jota. Baina, halako taldeekin dago eroso Reala, opari bikaina izan zen halako atzealde aurreratua ikustea. Urruti joan gabe, joaneko partidan 4-0 irabazi zuten txuri-urdinek, oraindik gol gehiago sartzeko aukerak izan zituzten norgehiagokan. Opari handiagoa, oraindik, etxekoen lauko lerro horrek egin zituen hutsegite guztiak kontuan hartuta. Olatuaren aparrean dagoen talde baten aurka ezin dira hainbeste erraztasun eman, aurkariak ez baitu barkatuko. Eta Realak, noski, ez zuen barkatu.

Bigarren minutuan iritsi zen lehenengo aukera garbia, eskuin hegaletik egindako jokaldi baten ondorioz. Rayok, partida joan-etorrikoa izango zela erakusten saiatu zen bi minutu geroago, Baptistaoren eta Pitiren jokaldi batean. Hurrengo jokaldian iritsi zen Agirretxeren lehen kanoikada (6. min). Bravok luze atera zuen ezker hegalerantz, Griezmann kontrol bikaina egin eta De la Bellari eman zion baloia, Kataluniarrak zentzu handiz egin baitzuen aurrera; hegaleko atzelariak lehen ukituan pasea eman eta Agirretxek aurre hartu zion madrildarren erdiko atzelariei. Batzuetan sinplea da futbola. Hiru pase, lau jokalari eta gola. Lehen kolpea, eta Rayokoak aho bete hortz.

Zortzi minutu nahikoa izan ziren bigarren eta behin betiko kanoikadarako. Falta baten aldaratzea area barrura sartu zuen Carlos Martinezek erdiraketa loratu batekin, Rayoren atzealdeak lo hartu zuen Xabi Prieto jokoz kanpo egongo zela pentsatuta, honen erdiraketa barrura sartu zuen berriro Agirretxek (14. min). Erraz, errazegi. Ukitua eta hondoratua. Bi golak ezker hegaletik etorri ziren, eta Paco Jemezek haserre, suminduta, bi aldaketa egin zituen segituan. Lass eta Tito —eskuin hegalean jokatzen ari ziren biak— kendu zituen, Juan Carlos eta Arbilla euskal herritarra sartzeko.

Vicente del Bosque Espainiako selekzioko hautatzailea partida ikusten ari zen, eta ziur jokalari baten baino gehiagoren informe onekin itzuli zela etxera. Iñigo Martinezek eta Illarramendik hurbil izan dezakete haren deia, eta zergatik ez, baita Carlos Martinezek eta De la Bellak. Atzo laurek eman zuten erakustaldia ikusita, ez litzateke harritzekoa izango behintzat.

Bi goleko errentarekin, erritmoa jaitsi zuen Realak, buruarekin jokatzeko. Baloiaren jabetza Rayori eman zion, erasora saiatzen utzi zion etxeko taldeari, kontraerasoan azkar ateratzeko. Defentsan lan txukuna egin zuten guztiek, erdiko atzelariek eta euskarriek batez ere. Estatistikei erreparatuta, baloia Rayok izan zuen gehiago, baina ez zion etekinik atera. Partida serioa eta profesionala jokatu zuten txuri-urdinek. Handiek bezala jokatu zuten, une oro norgehiagoka kontrolpean izanda. Lau gol behar izan balituzte, sartuko zituzketen. Piti eta Baptistao saiatu ziren arriskua eramaten, baina lehena bakarregi zegoen, eta brasildarrak oso berekoi jokatu zuen aukera izan zuen bakoitzean. Javi Fuego eta Trashorras ezinean aritu ziren, bitartean. Lehen zatiaren hondarrean penaltia egin zioten Xabi Prietori, baina epaileak ez zuen ezer adierazi. Galvezek bultzada garbia egin zion.

Orain arte lehen zatietan baino, bigarren zatietan egiten zuen aldea Realak, baina azken partidetan, lehen zatietan txikitzen ditu arerioak. Valladolidi hiru gol, Malagari beste hiru, Rayori bi... ez da kasualitatea.

Bigarren zatiak lehenengoaren itxura bera hartu zuen. Rayo oldarkorrago atera zen, gol bat sartuta Reala beldurtzeko ideiarekin. Txuri-urdinak, berriz, eroso, kontraerasora itxaroten. Hala iritsi ziren etxekoen txartel horiak. Reala kontraerasoan ateratzen zen bakoitzean, falta egin eta arriskua gelditzen zuten Rayokoek. Ezintasunaren isla. Velak korrikaldi bikainak egin zituen, eta gola ez zuen urruti izan. Agirretxe ere hat-tricka lortzear egon zen pare bat aldiz, zorterik gabe.

Illarramendirekin iritsi zen eguerdiko albiste txar bakarra. Txartel horia ikusi zuen 74. minutuan, Pitiri egindako sarrera gogor batean. Ondorioz, ez du Sadarren jokatuko, eta bere hutsunea nabarituko da. Ea ordurako Pardo osatzen den. Errioxarraren eta Elustondoren artean egongo da mutrikuarraren ordezkoa. Min hartutako jokalariei atseden eman zien 75. minututik aurrera Montanierrek. Arazo fisikoekin aritutako hiru jokalariak ordezkatu zituen: Illarramendi, Vela eta Xabi Prieto. Aspaldiko partez minutuak izan zituzten Elustondok eta Castrok; Ifranek ere hamar bat minutu jokatu zituen. Berri pozgarria lehen biena, denboraldi amaierarako jokalari guztiak osatuta egotea beharrezkoa izango baita.

Askoz berri handiegirik gabe amaitu zen partida, Donostiako Martxa Madrilen ozen entzuten zen bitartean. 54 puntu ditu jada Realak, eta lau puntu ateratzen die Malaga eta Valentziari. Sadarren gertatzen dena gertatuta ere, Txapeldunen Ligako postuetan jarraituko dute txuri-urdinek Valentzia hartu arte. Denboraldiko partida izango da, ezbairik gabe. Bitartean, arraun egiten jarraitu behar da. Akidurak akidura, aurrera begira; lurra begi bistan baitago, baina oraindik hara iritsi behar baita. Bultza eta bultza hor daude Europa eta Txapeldunen Liga. Izan ere, pirata bizitza hoberena da.

Jokalari onenak:

3.- Imanol Agirretxe: Nola hazi den usurbildarra. Oztopo guztiei aurre egin, eta Realaren aurrelari nagusia bihurtu da. Denboraldi hasieran zalantzak zirena txaloak bihurtu ditu. Ikusgarria nola hartu zien aurre atzelariei bi goletan.

2.- Antoine Griezmann: Lehen Mailan 100 partida jokatu dituen europar ez espainiar gazteena da Griezmann, eta partida bikaina jokatuta bete zuen efemeridea. Kontrol bikaina lehen golean.

1.-Alberto de la Bella: Denboraldi puska kataluniarrarena. Ederki etorri zaio Jose Angelen konpetentzia. Lehen goleko jokaldian, ez ezik, beste hainbat jokaldietan igo zen erasora, zentzu handiz. Defentsan ere, estutasunik pasa gabe.
 

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS