Salbazioa behin betiko lortzeko aukera du
Realak, bihar Vila-realen aurkako partidan ( 12:00, CL2). 39 punturekin, esku
eskura du Lehen Mailan jarraitzea, eta 42 puntu aski izango lirateke. Gainera,
aurkari zuzen batek punturik ez lortzea ekarriko luke igandeko garaipenak.
Denboraldia Txapeldunen Ligan hasi arren, jaisteko lehian buru belarri sartu da
Vila-real. Mailan mantentzeko, txuri-urdinek ongi baino hobeto ezagutzen duten
entrenatzailea fitxatu dute: Miguel Angel Lotina.
Denboraldi gorabeheratsuari amaiera eman
diezaiokete txuri-urdinek. Udara partean tona bete ilusioz zegoena, kolpez
kolpe apurtzen joan da, azken asteotako etsipenera arte. Denboraldia bukatu
gabe, eta taldea mantentzeko lehian dagoen bitartean, zaleek Lorenen eta
Montanierren burua eskatu dute. Geratzen diren jardunaldietan emaitza onak
jasotzea entrenatzailea mantentzeko akuilu izan daitezke, emaitza txarrak,
berriz, Frantziara bidean jartzeko pizgarria izango lirateke.
Vila-realen aurkako partidarako, Cadamuro deialditik kanpo uztea erabaki du
entrenatzaileak. Iñigo Martinez min hartuta eta Mikel Gonzalez zigortuta
daudenez, Demidov eta Ansotegi dira deialdiko erdiko atzelari bakarrak.
Hartara, bietako batek min hartzen badu edo txartel gorria ikusten badu,
Elustondok jokatu beharko du berriro erdiko atzelari bezala. Malagaren aurka
uste baino hobeago ibili zen postu horretan, eta Montanierrek konfiantza du
beasaindarrengan.
Baina, balizko arazo horiek etorri arte, euskarri lanetan ariko da
Elustondo. Aranburu kapitaina deialdira itzuli da eta hasieratik joka dezake
ere. Hala eta guztiz ere, azkeneko partidei so eginez gero, azpeitiarrak
aulkitik hasi dezake partida, Illarramendi eta Zurutuza ariko direlako
hasierako hamaikakoan. Erasoan ere betiko zalantzak ditu Montanierrek. Anoetan
Agirretxe aldaezina da, eta Velak hasieratik jokatu beharko luke. Hala,
Griezmann eta Prietoren artean dago zalantza, Maçonekoak edo Donostiarrak,
bitako batek aulkian hasiko du partida.
Malagaren aurkako berdinketa ona izan zen, itxura ona eman zuelako Realak.
Malaga ligako talde indartsuenetakoa da, Txapeldunen Ligarako sailkatzear dago,
eta txuri-urdinek jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuten bigarren zati osoa.
Bat gutxiagorekin sartu zuten gola, eta 45 minutuz eutsi zuten markagailua.
Irabazteko aukera ere izan zuen Prietok, baina Rubenek gelditu egin zuen
jaurtiketa.
Gauzak hala, 42 puntu emango lituzke garaipenak, salbazio birtuala,
jaitsiera 8 edo 11 puntura geratuko litzakeela 12 puntu jokoan daudenean.
Denboraldi amaiera lasaia ekarriko luke horrek, eta atzera begirada trankilago
bat. Jokalariek ontzat eman dute denboraldia, hurrengo urtera begira egokia.
Zaleak ez daude hain ziur, aurrerapauso bat espero zuten, eta erabaki batzuekin
ez daude ados. Guzti hori salbatu ondoren luze eta zabal eztabaidatu ahal
izango da.
Vila-real, zerutik infernura
Inork gutxik espero zuen Vila-realek halako
denboraldia izatea. Lehenengo partidak galdu ondoren, goiz baino beranduago
gora egingo zuela espero zuten adituek, baina ez da hala izan. Denboraldi
hasieratik pilatu zaizkio zailtasunak Castelloko taldeari. Txapeldunen Ligan
multzo oso gogorra izan zuen, Bayer Munich, Manchester City eta Napoliren
multzoa. Partida guztiak galduta eta bi gol soilik sartuta esan zion agur lehiaketari.
Horrez gain, Rossik lesio larria izan zuen eta Nilmarrek Brasilera itzuli nahi
zuen. Zailtasun bati, zailtasun ugari elkartu zitzaizkion.
Zantzu txarra da talde batek denboraldi berean hiru entrenatzaile
edukitzea. Garridok hasi zuen denboraldia, baina hasiera txarra iraultzen
asmatu ez zuenez, kargutik kendu zuten. Molina atezain ohia eta harrobiko
entrenatzailea jarri zuten bere lekuan. Ondo hasi zen, baina apurka beheraka
joan zen, eta jaitsiera postuetatik gertuegi zela egotzi zuten. Salbaziorako
Lotina fitxatu zuten, Deportivo eta Reala bezalako taldeak jaitsi dituen
entrenatzailea. Puntu garrantzitsuak lortu ondoren, erronka lortzetik gertu
dago meñakarra. Bost partidetan bi garaipen lortzea nahikoa izan daiteke.
Oraintxe bertan, 5 puntuko distantzia du Zaragozarekiko.
Gol falta eta defentsako arazoak dira Vila-realen aurtengo handicapa.
Etxetik kanpo gol gutxien sartu dituen taldea da: bederatzi. Rossiren lesioak
—Realaren aurka itzuli behar zuen, baina berriro min hartu ondoren beste sei
hilabetez egongo da jokatu gabe—, eta Nilmarren joko bolada txarrak Marco
Rubeni aukera paregabea eman dio. Argentinarra oso jokalari ona da, baina
oraindik aurrerapauso batzuk eman behar ditu. Beste urtetan atzean izandako
sendotasuna galdu du Vila-realek. Aurreko
urteetan gol gutxi jaso arren, aurten 47 jaso ditu Ligan, Realak baina bi
gutxiago. Diego Lopez, Mussachio, Marchena, Gonzalo... ez dira beti bezain fin
ibili. Nabarmenenena, Zapata izan da. Diru asko ordaindu zuten kolonbiarra
fitxatzeko, baina iruzur galanta izan da; defentsako harresi behar zuenak,
lehenengo jardunalditik egin du huts.
Sailkapenean beherago egon arren, Realak kontuz ibili beharko du
Vila-realekin. Borja Valero, Senna, Perez, Ruben, Nilmar... maila goreneko
jokalariak dira, eta edozein momentutan irauli dezakete partida. Marco Ruben
eta Borja Valero min hartuta ibili dira, baina jokatzeko moduan daudela dirudi.
Halere, aurrelari argentinarrak aulkitik has dezake partida, eta Nilmarrek eta
Martinucciok hasieratik jokatu. Futbola bolada kontua izan ohi da, eta horrek
bakarrik esplika dezake aurten urpekari horiari gertatutakoa. Reala
faboritoa da, baina erne ibili beharko du. Zaragozak eta Sportingek galduz
gero, berdinketa ez litzateke emaitza txarra izango. Baina, zaleek, jokalariek
eta entrenatzaileak lasaitasuna lortu nahi dute jada; eta, horretarako,
garaipena beharrezkoa da.
Deialdiak:
Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Ansotegi, Demidov, De la Bella;
Xabi Prieto, Elustondo, Pardo, Illarramendi, Aranburu, Zurutuza, Griezmann;
Llorente, Vela, Agirretxe eta Ifran
Vila-real: Diego Lopez, Cesar; Gonzalo, Mussachio, Catala,
Mario, Zapata, Angel, Marchena; Bruno, Senna, Borja Valero, Hernan Perez, Cani,
De Guzmán; Nilmar, Martinuccio eta Marco Ruben
No hay comentarios:
Publicar un comentario