Beste partida bat etxetik kanpo irabazi gabe edo kanpoan lortutako lehen puntua. Botila erdi hutsik edo erdi beteta; baikor ala ezkor. Bizitza —eta Realaren partidak— aztertzeko bi modu daude, baina Valladoliden aurkakoaren ondoren bat nagusitu da bereziki. 90. minutura arte ontzat eman zitekeen berdinketa, Reala bi aldiz markagailuan jarri arren aurkaria baino gutxiago izan zelako. Luzapeneko hiru minututan, baina, hiru aukera garbi izan zituen taldeak, eta sentsazioa txarra da. Berdinketa ez da nahiko.
Hilabeteak daramatza Realak etxetik kanpo irabazi gabe, eta luze jarraituko duela dirudi. Atzoko itxura bera ematen badu, bederen. Astelehen bateko partida batean bezala, hotz hasi zen Reala. Bizpahiru jokaldi garbi eduki zituen lehenengo bost minutuetan, Chory Castro eta Agirretxeren oinetan, baina ispilatze bat izan zen. Uruguaiarrak hasieratik jokatu zuen aspaldiko partez, eta aukera baliatzen saiatu zen. Oso aktibo ikusi zitzaion, atea begiz jota eta aurkari guztiak atzean uzteko asmoz. Hala eta guztiz ere, jokaldi gehiegitan indibidualegi aritu zela esan daiteke. Lehendabiziko bi jokaldien ondoren, Valladolid zelai erdian nagusitzen hasi zen. Alvaro Rubio eta Victor Perez sendo ibili ziren Griezmann, Vela eta Castroren saiakerak mozten, eta Oscarrek, eta bereziki Ebertek baloia hartu eta arriskuzko jokaldiak egiten hasi ziren.
Lehenengo zatia erabat aspergarria izan zen. Reala erabat desagertuta egon zen, jokaldi gutxi batzuk egiteko aukerak eduki zituen. Valladolidek, nagusi izan arren, ez zuen askoz gehiago egin. Bi aukera garbi izan zituen Ebertek, baina Zubikaraik ederki erantzun zuen. Ondarrutarrak ez du Bravoren maila bera, baina txukun dabil txiletarra osatu bitartean. Atzo maila ona eman zuen, eta bi goletan ezin izan zuen gauza handirik egin. Valladoliden nagusitasuna ikusita, geldikako jokaldi baten soilik etor zitekeen Realaren gola, eta txuri-urdinek ez dituzte gol asko sartzen halako jokaldietan. Baina, etxeko taldeko atzelariek kornerrera urrundutako jokaldi bati esker etorri zen gola. Valladolideko jokalariek ez zuten erdiraketa urruntzen asmatu, eta Griezmann beste guztiak baino azkarragoa izan zen gola sartzeko.
Gutxi iraun zuen pozak: 5 minutu. Eta aurretik gola jasotzeko aukera garbi batekin. Atsedenaldia iristear zela, Ebertek, nork bestela, area kanpoaldetik zartako geldiezin bat bota zuen. Reala oso gris aritu zen lehenengo zatian. Jokalari gehienak desagertu antzean aritu ziren, irabazteko gogo handiegirik izango ez balute bezala. Markelek eta Illarramendik defentsa lanetan lan eskerga egin behar izan zuten, Valladoliden erauntsia saihesteko. Carlos Martinezek sasoiko lehen minutuak izan zituen, eta gogotsu nabaritu zitzaion, sendo defentsa lanetan.
Jokalari txuri-urdinek epelak entzungo zituzten aldagelan, txipa aldatuta zelairatu baitziren. Bigarren zatia hasi eta berehala, Velak jokaldi ederra egin zuen eskuin hegalean, eta pase bikaina eman zion Griezmanni. Frantziarrak, ordea, zutoinera bidali zuen baloia. Gol aukera garbia eduki zuen, baina barkatu egin zuen. Abisua izan zen. Bigarren zatia ez zen lehenengoa izango. Minutu batzuk geroago, abisua errealitate bihurtu zen. Griezmannek area ertzean jaso zuen baloia, burua altxatu, atera begiratu eta Hernandez iritsi ezin zatekeen lekuan ipini zuen, ezker zutoinetik oso gertu. Aurretik zen berriro Reala, Griezmannen beste gol bati esker. Frantziako selekzioarekin izandako arazoen ondoren, erredentzioa zen harentzat.
Baina, Realak, ez zuen erredentziorik eduki. Bederatzi hilabete geroago, konplexuak agerian geratu ziren. Bigarren golaren ondoren, atzera pauso bi eman zituzten, kikilduta-edo. Valladolidek, berriz, aurrera egin zuen, berdinketaren bila. Min hartuta, Xabi Prieto Velaren ordez sartu zuen Montanierrek, eta geroago Jose Angel Choryren partez. Entrenatzaileak hegaleko bezala jartzen jarraitzen du, asturiarra hegaleko atzelaria den arren. Aldaketa egin eta berehala etorri zen Valladoliden gola. Realeko jokalariak Eberten jokoz kanpoa eskatzen gelditu ziren, eta bitartean, Alemaniarrak pase bikaina eman zion Oscarri, eta buruz Zubikarairen gainetik sareetara bidali zuen baloia. Valladolidek bigarren aldiz berdindu zuen partida, eta Realak hiru puntuak urrun ikusi zituen berriro.
Buru makur gelditu ziren txuri-urdinak. Altxa ezinik. Noraezean zeudela, garaipenaren bila joan ziren Gaztela Leondarrak. Gertu eduki zuten. 88. minutuan epaileak ez zuen Illarramendik egindako penaltia ikusi. Ukondoan eman zion baloiak, argi eta garbi, gainera. Aurreko astean epaileak kendutako guztia berreskuratu zuen Realak. Epailearen erabakiak hauspotuta, azken minutuetan aukera garbiak eduki zituzten txuri-urdinek. Pardok area ertzeko falta bat giza-hesira jaurtiki zuen, eta aldaratzea bikain gelditu zuen Hernandezek. Atezainak gaizki atera zuen baloia gero, eta Iñigo Martinez baselina batekin garaipenaren gola sartzetik gertu egon zen. Ez zen azkeneko aukera izan. Azken segunduetan, Jose Angelek oso urrutitik jaurtiketa gaiztoa egin zuen, baina baloia sareetara zihoala zirudienean, atezainak sekulako geldiketa egin zuen. Iaz Betisen aurka irabazitako partida etorri zen guztien gogora. Baina, Iñigo Martinezek sartu zuen moduko golak ez dira sarri sartzen. Lastima.
Inor ez zen gustura geratu berdinketarekin, ez etxekoak ezta Reala ere. Dena den, guztiek botila erdi hutsik eta gris kolorekoa ikusten zuten bitartean, Montanierrek ontzat eman zuen puntua, etxetik kanpo lortutako lehen puntua dela goraipatuta. Aurrera egin ezinik darrai taldeak, jaitsiera postuetatik hurbil. Atzokoari buelta gehiegi emateko aukerarik gabe, Kopako partida dator jarraian. Zozketak ilusioari ateak itxi dizkio, baina minutu gutxien dituzten jokalariek entrenatzailea iritziz aldatzeko aukera dute.
3. Antoine Griezmann: Partidako onena beste behin ere. Lehen zatian gehiegi agertu ez zen arren, gola sartu zuen korner batean. Bigarren zatian bigarren gola sartu zuen, eta hurbil eduki zuen hirugarrena. Punta erdi gisa hegaletik gertu baino hobeto jokatzen du.
2. Asier Illarramendi: Hazten ari da Mutrikuarra. Atzerago jokatzen duenetik erosoago dabil, eta Markelekin ondo ulertzen da. Berak eraiki zuen Realaren joko guztia.
1. Carlos Martinez: Denboraldiko lehen minutuak eduki zituen, eta maila ona eman zuen. Defentsan sendo aritu zen eta erasoan laguntzen saiatu zen. Erdiraketetan ez zen fin ibili.
No hay comentarios:
Publicar un comentario