sábado, 13 de octubre de 2012
HORMA BERDINAREN AURKA BEHIN ETA BERRIZ
Betisen aurka etxetik kanpo enegarrenez galdu ondoren, 13 partida daramatza Realak etxetik kanpo irabazi gabe. 10 porrot eta hiru berdinketa soilik. Urrun dago urtarrilak 14ean Valentziaren aurka irabazitako partida. Garbi dago zerbait pasatzen dela hor, ez dela normala hain emaitza kaskarrak edukitzea, eta laster baino beranduago hobetu beharreko zerbaiten aurrean gaudela. Horregatik, atzera begiratu bat egingo dugu,
partida bakoitzean gertatutakoa oroitzeko.
19. jardunaldia. Urtarrilak 14. Valentzia – Reala (0-1) – Azken garaipena
Realak etxetik kanpo irabazitako azken partida. LaSextak zuzenean eman zuen larunbatean, 22:00etan. Atsedenaldiaren aurretik Griezmannek lortutako golak eman zion garaipena Realari. Txuri-urdinek denboraldiko partida onenetakoa jokatu zuten aurreko astean Osasunaren aurkako derbian, nahiz eta 0-0 berdindu. Sei partida galdu gabe zeramaten —lau berdinduta hori bai—, eta behingoz Montanierren eskutik
aurrerapauso bat emango zutela zirudien.
22. jardunaldia. Otsailak 4. Bartzelona – Reala (2-1) – Bartzelona beldurtuz
2-1 Bartzelonaren aurka, eta azken minutuan Kataluniarrak estutzen gainera. Galdu arren, ez dirudi hain emaitza txarra. Ulertzekoa eta logikoa da Nou Campen galtzea. Lehen zatian Guardiolaren mutilak jaun eta jabe izan ziren. Tellok 9. minutuan sartu zuen lehen gola, eta Messik bigarren zatian. Bartzelona Realarekin jolasten aritu zen lehen zati osoan, baina garesti ordaintzear egon zen Velak txuri-urdinen gola sartu zuenean. Ez zen partida ona izan, baina pozik amaitu zuten zale askok.
24. jardunaldia. Otsailak 24. Granada – Reala (4-1) – Illarramendiren txartel gorria
Illarramendik atsedenaldiaren aurretik ikusitako txartel gorriak baldintzatutako partida. Zalantza askoko jokaldi batean, gainera. Bai, baina ez. Uler daiteke bigarren zati osoa jokalari bat gutxiagorekin jokatuta, partida galtzea, baina ez hainbesteko jipoia jasotzea. Lehen zatian Bravok izugarrizko geldiketak egin zituen, beregatik ez balitz lehenengo zatitik galtzen joango ziren txuri-urdinak. Bigarren zatian, atzera bota zen Reala,
berdinketaren bila lotsagabe, baina gaizki defendatu zuen eta lau gol jaso zituen.
26. jardunaldia. Martxoak 4. Athletic – Reala (2-0) – Epaileak ikusi ez zuen gol hura
Derbia. Realak atzetik amaitu zuen lehen zatia, Susaetaren gol baten erruz. Lehen zatian ziurrenik Athletic Reala baino gehiago izan zen. Baina txuri-urdinek derbi batean behar den kasta eta grina atera zuten eta Velak gola sartu zuen. Mundu guztia ikusi zuen gola, izan txuri-urdin edo zuri-gorri. Epaileak ezik. Mateu La Hozek golik ez zela egon erabaki zuen, txuri-urdinen amorrurako. Zaleak eta jokalariak oraindik gogoratzen dira erabaki horretaz. Gola adierazi balu, asko aldatuko litzake partida.
28. jardunaldia. Martxoak 28. Getafe – Reala (1-0) – Iñigo Martinezek, bere atean
Partida bat galtzeko modu ankerrena, amaieratik gertu, norberak bere atean karanbola baten erruz. Partida berdindua izan zen, txarra, inork ez zuelako irabaztea merezi, akaso Realak. Lehen zatian aukera garbiak izan zituzten txuri-urdinek. Atzean sendo egon eta kontraerasora ateratzeko asmoarekin zelairatu zen Montanierren taldea, baina bistan da ez zuela ezertarako balio izan. Aurrerapauso bat emateko aukera zuen Realak Getaferen aurka, baina erdibidean geratu zen enegarrenez. Galdutako beste aukera bat.
30. jardunaldia. Martxoak 24. Real Madril – Reala (5-1) – Gabbana 5-1
Partadak galtzeko modu asko daude, baina mingarriena lehen minutuaren aurretik galdu izatea da. Real Madrilen etxean galtzea normala da, baina ezin da burua aldez aurretik makurtu. Hori egin zuen Montanierrek, talde ultra-defentsiboa jarriz. Entrenatzaileak aukeratutako taktikak kalte egin zion txuri-urdinei. Etxekoek nahi bezain aske jokatu zuten. Bost sartu zituzten, baina hamar ere izan zitezkeen. Hainbat jokalarik Espainiako hiriburuko diskoteka batean porrota ospatu izanak zaleak sumindu zituen
32. jardunaldia. Apirilak 7. Espanyol – Reala (2-2) – Berdinketa mingotsa
Etxetik kanpo bost partida galdu eta gero, berdinketa. Ona? Ez. Reala 2-0 aurretik jarri zen, Velaren erakustaldi baten esker. Atsedenaldiaren aurretik Demidovek bere atean sartu zuen gola, eta ondoren Uchek berdindu zuen. Bi gol, bi minutu. Baina okerragoa izan zatekeen. Lehen zatian Reala txukun aritu bazen, bigarrengoan behera egin zuen. Espanyolek aukera andana izan zituen, eta hurbilago egon zen etxekoen hirugarren gola Realarena baino.
34. jardunaldia. Apirilak 15. Malaga – Reala (1-1) – Puntu ona azkenean
Hainbeste partida etxetik kanpo irabazi gabe egon arren, ona izan zen Malagaren aurkako berdinketak, zapore ona utzi zuen. Lehen zatian etxekoak Reala baino hobeagoak izan ziren, gola lortu zuten, eta gainera Mikel Gonzalez kaleratu zuen epaileak. Zenbat gol jasoko zituen Realak? Behingoagatik etxetik kanpo kasta atera eta Xabi Prietok berdindu zuen partida. Bravok geldiketa bikainekin mantendu zuen 1- 1koa. Epaileak, gainera, baliogabe utzi zuen Demichelisek luzapenean sartutako gola.
20 jardunaldia. Maiatzak 2. Atletico – Reala (1-1) – Berdinketa, azken unean
Hobetzen ari zen Reala etxetik kanpo, bi partida galdu gabe. Atletico Madrilen aurka hirugarrena lortu zuen. Arerio gogorra izan arren, Txapeldunen Ligari begira zegoena, partida ona jokatu zuten txuri-urdinek. Etxekoak partidaren bila atera ziren, baina txuri- urdinak ez ziren gutxiago izan. Presiorik gabe, duintasuna erabili zuten. Galtzen joan arren, ez zuten etsi, eta, azkenean, luzapenean, gola sartu zuen Velak. Gustora amaitu zuten txuri-urdinek partida.
37. jardunaldia. Maiatzak 5. Osasuna – Reala (1-0) – Gogorik gabe, garaipenik ez
Gogorik gabe, ez dago irabazterik. Realak, denboraldi amaierarako helbururik gabe, gogorik gabe jokatu zuen Osasunaren zelaian. Berdin izan zion bigarren itzuli osoan etxetik kanpo partidarik irabazi ez izanak. 13. minuturako aurretik zeuden gorritxoak. Hor amaitu zen partida. Gabezia guztiak agerian geratu ziren, penagarri aritu ziren txuri- urdinak. Osasunak nahi izan balu, partida hori jipoi batean bihurtuko zuten. Onena
Bravo izan zen, beste behin ere.
1. jardunaldia. Abuztuak 19. Bartzelona – Reala (5-1) – Hasteko, bost gol
Ez da Liga hasteko modu onena Bartzelonaren aurka jokatzea. Are gutxiago bost gol jasotzea. Reala deseroso egon zen uneoro, eta ezin izan zuen ezer egin Bartzelonaren joko erauntsiaren aurka. Bost izan ziren, lasai asko beste bost izan zitezkeen. Gutxi eska daiteke taldeari Bartzelonaren aurka. Denbora guztian baloiaren atzetik ibili ziren, noraezean. Ez zuten inongo aukerarik izan. Merezitako porrota, eta golpe latza udako ilusioa errotik kentzeko.
3. jardunaldia. Irailak 1. Mallorca – Reala (1-0) – Betiko ajeak
Partida txarra jokatu gabe, baina merezimenduz galdu. Norbaiti ezagun egiten al zaio aurreko esaldia? Realak aukerak izan zituen lehen zatian Mallorcari aurre hartzeko. Baina ez zuen asmatu, eta berdinduta amaitu zen lehen zatia. Bigarrengoan gose gehiagorekin atera ziren etxeko jokalariak. Victor Casadusek 75. minutuan sartu zuen gola, eta hor amaitu zen partida. Mallorcak asko estutu zuen Reala bigarren zatian, eta
gol bakarra sartu arren, gehiago sartzeko aukera izan zuen.
5. jardunaldia. Irailak 23. Levante – Reala (2-1) – Levante, berriro Levante
Reala ez da gai Levanteri irabazteko, inoiz. Zerbait arraroa gertatzen da beti Valentziarren etxean. 5. jardunaldian hori behingoz aldatuko zela zirudien, Zurutuzak gola sartu zuenean. Lehen zati oso ona egin zuten txuri-urdinek, eta ondo hasi ziren bigarrengoan. Penaltia egin eta Levantek berdindu zuen arte. Hortik aurrera, txuri- urdinak kikildu egin ziren, atzera pausoa eman zuten, eta akabo. Martinsen bi gol balio gabe utzi zituen epaileak, baina hirugarrengoak balio izan zuen. Porrota berriro.
7. jardunaldia. Urriak 6. Betis – Reala (2-0) – Baloi gelditu madarikatu hori.
Itxurak ez du ezertarako balio. Ondo jokatuta galdu dezakezu. Levanteren aurka bezala, partida ona jokatu zuen Realak, Levanteren aurkakoa baino hobeagoa ziurrenik. Betisek baino hobeto jokatu zuen, baina galdu egin zuten txuri-urdinek. Zergatik? Batetik, kamuts ibili ziren erasoan, Betiseko hirugarren atezaina internazional bihurtuz. Bestetik, jokaldi geldituetan ez zuten ondo defenditu, eta hortik etorri ziren aurkarien bi golak. Realaren gabezia handietako bat izan da betidanik baloi gelditua; aurten ere bai.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario