lunes, 22 de octubre de 2012

ANKERTASUNAREN LOGIKA

Futbola eta logika ez dira ondo eramaten. Gehien merezi duenak ez du beti irabazten, eta 90 minutuz noraezean ibili den taldea partida irabazteko gai da. Historia halako partidez betea dago. Bakoitzaren taldearen alde gertatzen denean, futbola handia dela esaten da. Kontrako kasuetan, ankerra. Bada, bere aurpegi ankerrena erakutsi zuen Anoetan, igande gauean. Norgehiagoka osoan jaun eta jabe izan ondoren, luzapenean galdu zuen Realak, falta jaurtiketa baten ondorioz.

Modan dago Atletico Madril. Denen ahoan. Egiten ari den jokoagatik, lortu dituen emaitzengatik eta Falcao handienen mailan dagoelako. Baina atzo, ez zuen itxura onik erakutsi. Reala askoz gehiago izan zen. Pentsa, lehenengo zatian %70eko baloi jabetza izan zuten txuri-urdinek. Bartzelonarekin lehen postuan berdinduta dagoen taldea gipuzkoarra zela zirudien, ez madrildarra. Kostata sinets zitekeen zuri-gorriek Chelsea handia hankapean ibili zutela. Falcaok tigrea baino, katua zirudien Iñigo Martinezen eta Mikel Gonzalezen artean. Baina futbola ez da logikaren laguna.

Ausart ekin zion partidari Montanierrek. Zurutuza min hartuta zuela, zalantzak zeuden hamaikakoarekin. Are gehiago, frantziarrak deialdia azken unera arte atzeratu zuelako, zalantzez josita. Azkenean, Griezmann jarri zuen Zurutuzaren lekuan, zelai erdian aritu erasora igotzeko askatasunez. Hegaletan Prieto eta Vela jarri zituen eta goran, Agirretxe. Hamaikako erasokorra Ligako talde onenetako baten aurka, kontraerasoan maisuki jokatzen duen taldearen kontra. Txuri-urdinak kikildu zitezkeela pentsa zatekeen partida hasieran, baina Anoetan itxura aldatu egiten da Reala. Gotorleku du Anoeta, eta gustura jokatzen du. Lehen jokalditik erakutsi zuten partidaren bila zihoazela. Eskuin hegaletik egindako jokaldi bat indarrez errematatu zuen Griezmannek, baina Courtoisek ukabilez urrundu zuen.

Realak gogor estutu zuen Atletico Madril lehen minutuetan, presioa oso goran egiten zuten, eta lapurtutako baloi bakoitza erasoko jokaldia zen. Baina ez zuen gola sartzen asmatzen. Batzuetan kornerrera urruntzen zuten atzelariek, besteetan zuzenean kanpora botatzen zuten txuri-urdinek, area kanpotik. Euripean itotzen ari ziren madrildarrak, txuri-urdinen joko erauntsiari aurre egin ezinik. Baloi luzeekin min egiten saiatu ziren, zelai erdian zuten hutsuneari aurre egiteko. Baina ezin, Falcao eta Adrianek ezin zituzten atzelariak gainditu. Zuri-gorriak Illarramendi estutzen saiatu ziren, eta Markelek hartu zuen jokoa atzetik eraikitzeko ardura. Bikain aritu zen Elgoibartarra. Azken urteetan ezin izan du hainbeste minutu jarraian jokatu, eta sasoiko dago. Etengabe hazten doa. Girezmann eta Velarekin konektatu zuen etengabe.

Hamaika jokalariren aurka, gehiago zen Reala. Baina epailea azaldu zen partida orekatzeko. Etxekoen joko onaren aurrean, ostikoka hasi ziren madrildarrak, baina Ayza Gamezek ez zuen txartel horirik atera nahi. Realeko jokalariek, berriz, bi txartel ikusi zituzten. Epaileak ez zituen bi taldea berdin neurtu. Polemika atsedenaldiaren aurretik etorri zen. Memoria ona duten zaleak iazko partidako epaileaz gogoratzen ziren, Ayza Gamez bera. Egun hartan, epaileak ez zuen penaltirik adierazi Atletico Madrilen arean, eta kontraerasoan gola sartu zuten kanpokoek. Atzo beste penalti argi bat egon zen, barreran zegoen jokalari batek eskuekin urrundu zuelako. Dirudienez, Gamez beste alde batera begira zegoen. Hamabiren aurka, berdinduta iritsi ziren atsedenaldira. Zaleek txaloka agurtu zuten taldea; orroka, epailea.

Simeone jenio biziko entrenatzailea da, eta epelak esango zien bere jokalariei atsedenaldian, grinatsu atera baitziren bigarren zatiko lehen minutuetan. Realak barkatu egin zuen lehen zatian, eta itxura txarra hartu zuen bigarren zatiaren hasierak. Dena den, ispilatze bat izan zen, txuri-urdinek segituan jabetu zirelako baloiaz. Lehen zatia baino orekatuagoa izan zen bigarrena, eta bi areatan jokatu zen. Baina bi taldeen artean Realak zituen aukera garbienak. Berriro ere, gogor aritu zen kanpoko taldea, ostikoak ematen, bultzadaka, aurkariak zangotrabatuz... baina epaileak ez zuen txartel horirik atera nahi. Realeko jokalariak txartel gehiago ikusten joan ziren bitartean. Zaleak gero eta haserreago zeuden epailearekin. Bigarren zatiko 21. minutuan Filipe Luisek Estrada lurrera bota eta txartel horia ikusi zuenean, iseka txalotu zuten epailea.

Minutuak aurrera zihoazen, eta markagailuak berdin jarraitzen zuen. Zubikaraik meritu handiko bi geldiketa egin zituen, bata Mikel Gonzalezi, atzelariak baloi bat gaizki urrundu ondoren, eta bestea area kanpotik egindako jaurtiketa arriskutsu batean. Zelai erdiko jokoa desagertu egin zen, eta partida apur bat erotu zen. Griezmann deabrutxo bat bezala zebilen, eta Illarramendi eta Markelen laguntzarekin baloi arriskutsuak berreskuratzen jarraitzen zuten. Horrelako jokaldi batetik etorri zen Realaren aukera onena. Chory Castrok Realaren zelaian baloi bat lapurtu zuen, hanka aurkariak baino sendoago sartu zuelako. Azkar pasa zion Griezmanni. Ezker hegaletik korrika abiatu zen gaztetxoa, eskuin hegal guztia Velari libre uzteko. Bere pasea ez zuen guztiz ondo kontrolatu mexikarrak, eta eskuinarekin errematatu behar izan zuen Courtoisen aurrean. Ezkerra da bere hanka ona, eta garbi geratu zen jokaldi horretan.

Partida berdinduta amaitzera kondenatua zegoela zirudien. Entrenatzaileek aldaketa guztiak egin zituzten, eta inork ez zirudien partida irabazteko gai. Reala, kamuts aritu zelako erasoan. Atletico Madril, partida nola joan zen ikusita, berdinketa ontzat jota. Baina Falcao agertu zen, Ayza Gomezen laguntzarekin. Illarramendik falta garbia egin zuen erasoko jokaldi bat oztopatzeko. Areatik 20 bat metrora heldu zuen Cebolla Rodriguez. Hark aurrera egiten jarraitu zuen areatik hamar bat metrora bota arte. Falta, Illarramendi uruguaiarra heltzen hasi zen lekuan adierazi behar zuen epaileak. Falcaok gainera, beste bost metro aurreratu zuen baloia, Gamezen oniritziarekin. Bat-batean, jokaldia oso arriskutsua zen. Tigreak atzaparkada bakarrarekin eraitsi zuen Realaren gotorlekua.

Batzuetan, galdu arren ezin zaio gehiago eskatu taldeari, eta horren erakusle izan zen partida amaierako txalo zaparrada. Zaleek jokalarien grina saritu zuten. Ezin zitekeen askoz gehiago eskatu. Baina orain taldea puntu premian dago sailkapenean. Zortzi partidatik bederatzi puntu lurtzea emaitza eskasa da. Astelehenean Valladoliden aurka jokatuko dute txuri-urdinek. Jaitsiera postuak gertuegi ikusi nahi ez badituzte, hobe dute etxetik kanpo irabazten hastea.

Jokalari onenak:

3.- Mikel Gonzalez: Ez da erraza Adrian eta Falcao aurrean izatea, baina bikain aritu zen erdiko atzelaria. Aurrelariei aurreratu zitzaien jokaldi gehienetan, eta buruz sendo aritu zen. Noizbehinka baloia jokatuta atera zuen, irizpide onarekin.

2.- Antoine Griezmann: Frantziako 21 urtez azpiko selekzioarekin izandako affaire-a ahaztuta, eroso jokatu zuen zelai erdian. Montanierrek askatasuna eman zion, eta erasoko jokaldi gehienetan azaldu zen. Gertu izan zuen gola pare bat jokalditan, baina ez zuen asmatu. Euskarri gisa ederki moldatzen da, hegalari itsatsita baino hobeto.

1.- Markel Bergara: Kritika gehien jasotzen duen jokalarietako bat da. Asko ez dira poztu kontratua berritu duela jakin duenean. Baliteke taldean bera baino jokalari hobeagoak egotea, baina jokatzen duenean itxura ona ematen du. Ligan baloi gehien lapurtzen dituen jokalaria da, Atletico Madrilen aurka hamar berreskuratu zituen, eta falta bakarra egin zuen. Gaizki jokatzen duenean kritika ugari jasotzen baditu, ondo jokatzen duenean —eta ez du lehen partida— laudorioak merezi ditu.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS