domingo, 4 de noviembre de 2012

BIDE OKERRETIK ZUZEN

Ez doa ondo Reala. Pausoz pauso aurrera doa, burua altxatu gabe, zuzen. Pixkanaka, amildegira gerturatzen ari da, gelditu gabe: jaitsiera postuak gertuegi daude, puntu bakarrera. Eta ez dirudi etenik duenik txuri-urdinen boladak. Huts egiten jarraitzen du, eta jada Ligako azken 12 puntutatik bakarra lortu du. Anoetan bigarren partida jarraian galdu du, jaitsiera postuetan murgilduta zegoen Espanyolen aurka, 0-1 Colottok korner batean sartutako gol baten erruz.

Kezkatzeko arrazoiak daude. Azken lau partidetan bi gol sartu ditu Realak, biak partida berean. Etxeko azken bi partidetan ez du golik sortu. Kopako partida gehitu behar diogu horri. Espanyolen aurka taldearen gaitzak agerian geratu ziren beste behin ere. Partida grisa jokatu zuten txuri-urdinek, baina hala eta guztiz ere kanpoko taldea baino hobeago jokatu zuten. Arriskua eragin zuten, eta jokaldi on bat baino gehiago egin zuten, baina area ertzera iristean hondoratu egiten dira asmo guztiak. Kamuts dabil erasoan Reala, bolbora bustiarekin. Horrela, arrisku jokaldiak sortu arren, atezainak lasai ari dira donostiarren aurka. Hori izan zen Cristian Alvarezen kasua. Argentinarrak meritu handiko pare bat geldiketa egin zituen, baina, baloia bere atetik gertu ibili zen arren, ez zuen asko sufritu.

Aurkariaren ate aurrean barkatzea garesti ordaintzen da. Espanyolek partida bakarra irabazi du Liga orain arte. 75. minutuan pozez zoratzen zeuden Bartzelonara puntu bakarrarekin itzultzearekin. Aski zen haientzat, saria. Baina korner batean urrea atera eta hiru puntu lortu zituzten. Saria baino gehiago: altxorra.

Montanierrek ezustea eman zuen hasierako hamaikakoan. Zelai erdiko hutsunea Pardorekin beteko zuela zirudien, baina ez zen hala izan. Estrada eta Carlos Martinez, taldeko eskuin hegaleko bi atzelariak, elkarrekin jarri zituen. Estradak jokatu zuen aurrerago. Prieto hegaletik zelai erdira pasa zuen, eta punta erdi lanak egin zituen, Velarekin eta Agirretxerekin konektatzeko prest. Deigarria izan zen etxean, talde ahulago baten aurka, halako hamaikako defentsiboa ateratzea. Esperimentuak, baina, kale egin zuen. Estrada erabat galduta ibili zen eta ez zuen ezer ere egin. Aspaldi hegaleko gisa jokatzen zuen, baina orain atzelari bezala aritzera ohitu da. Prietok ere ez zuen zorterik eduki. Bi jokalariek aldagelan amaitu zuten, eta haiek ordezkatzeko unean txistuak entzun ziren. Egiari zor, txistu hots asko entzun zen atzo Anoetan. Partidaren atarian, Kopako partida gogoratzeko; eta Espanyolen golaren ondoren, haserrea adierazteko.

Gris hasi zen partida, eguraldia bezala. Bi taldeei kosta egiten zitzaien aurkariaren area ingurura hurbiltzea. Indarrak neurtzen ari ziren biak, aurkariak zer egingo zain. Baloia hartzen utzi zion aurkariak Illarramendiri, eta hura jokoa eraikitzen saiatu zen. Apurka, Reala zelaian nagusitzen hasi zen. Hala, arriskuko lehen jokaldiak berehala iritsi ziren. Kornerretan egin zuten min txuri-urdinek. Xabi Prieto gola sartzear egon zen 17. minutuan, baina Cristian Alvarezek geldiketa bikaina egin zuen. Hiru minutu geroago, gola sartzear egon zen Iñigo Martinez, beste korner batean, baina Sergio Garciak ozta-ozta atera zuen baloia marra ondoan. Zaleek eta jokalariek eskuarekin eman ziola esan zuten, baina epaileak ez zuen ezer adierazi. Realak beste pare bat aukera izan zituen, baina kamuts jarraitzen zuen.

Espanyolek ere lehen abisua eman zuen, geldikako jokaldi batean. Area ertzetik urrun zegoen falta batean estrategia jokaldia egin eta ondo atera zen, Sergio Garcia Zubikarairen aurrean geratu baitzen. Dena den, atezaina ausart atera zen eta gorputzarekin gelditu zuen baloia. Atsedenaldiaren aurretik, egun grisari argia ematear egon zen Illarramendi urrutitik egindako bolea ikusgarri baten bitartez. Baina, tamalez, Cristian Alvarezek izugarrizko geldiketa egin zuen.

Ilun eguraldia, ilun partida, atsedenaldian Anoetako argiak piztu zituzten 13:00k ziren arren. Bigarren zatian, baina, argi printzak etorriko zirela zirudien. Lehenengo jokaldian gol aukera izan zuen Realak, eta aurreneko hamar minutuetan lauzpabost aukera garbi eduki zituen etxeko taldeak. Gola gertu zegoela zirudien, etxeko taldea erabat nagusitzen ari zelako. Baina ez zen hala izan. Kezkagarria da txuri-urdinen gol falta. Urrutiko intxaurrak hamalau, baina... Hegaletik eraso egin zuen Realak, behin eta berriz, temati. Baina jarritako erdiraketa guztiak eroso urrundu zituzten atzelariek. Pardo bezalako jokalari baten falta sumatzen zen, jokoa eraiki eta espazioak bilatzen trebea den norbait. Montanierrek baina, Chory sartu zuen, hegaletik min gehiago egiteko asmoz.

Minutuak pasa ahala, ezinegona gehitzen ari zen zaleen artean. Choryk eta Velak jokaldi ederrak egiten zituzten, eta nahi adina jokalari uzten zituzten atzean, baina azken unean huts egiten zuten. Agirretxek oporretan zirudien, eta erremate bakarra egin zuen. 74. minutuan Markelek aldagelako bidea hartu zuen, min hartuta. Ros sartu zen. Baliteke hurrengo partidetan min hartuta egotea Markel, eta hori ez litzateke berri ona izango. Griezmann, Zurutuza, Elustondo, Markel... hutsune gehiegi zelai erdian.

Behin bakarrik iritsi zen Espanyol eta gola sartu zuen. Barkatu izanaren ordaina. Korner nahasi batean, atzelariek ezin izan zuten baloia urrundu, Victor Alvarezek ahal zuen moduan baloia jo, eta Colottok barrura bota zuen txuri-urdinen etsipenerako. 10 minutu zeuden aurretik, baina inork ez zuen markagailua altxatzean sinesten. Jokoan jaun eta jabe izaten jarraitu zuten txuri-urdinek, baina partida osoko dinamika bera izan zuten azken minutuek.

Kinka larrian geratu da Reala. Itxura kaskarra eman du azken partidetan, eta konfiantzarik gabe daude jokalariak. Prieto eta enparauak burumakur dabiltza zelaian. Erasoan dagoen kalitatea begiratuta, ez da normala hain gol gutxi egitea. Txuri-urdinek arrisku jokaldiak sortzen dituzte, baina ez dute asmatzen. Zaleak nekatu dira, eta entrenatzailearen aurka jo dute. Partida amaitu zenean, Anoeta guztiak aho batez eskatu zuen Montanierren dimisioa. Prentsaurrekoan harmailak zionak “bost axola” ziola erantzun zuen. Dibortzia agerikoa da. Ikusteke dago taldea altxatzeko gai izango den edo ez. Hurrengo partida zaila izango da, Txapeldunen Ligan dabilen Malagaren etxean jokatuko dute Realeko jokalariek. Hurrengo bi partidak, baina Anoetan dira, Rayo eta Osasunaren aurka, eta garrantzitsua da biak irabaztea. Hala ez balitz, jaitsiera postuetan amaitzeko arrisku handia dute txuri-urdinek. Hori gertatzen bada, kolokan geratuko da Montanierren etorkizuna.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS