sábado, 3 de noviembre de 2012

ERREDENTZIOA ALA KONDENA

Nahasi datoz urak Zubietan. Min handia egin du Kordobaren aurkako partidak, eta azalean zeuden gaitz eta haserre guztiak agerian geratu dira. Bat-batean entrenatzaileak ez ezik, jokalariek ere epelak entzun dituzte. Andaluziatik bueltan, bilera ugari egon dira Zubietako bulegoetan, eta presidenteak eta kirol zuzendariak kargua hartu diete guztiei. Zaleak ere bero daude, eta sare sozialak sutan dira. Xabi Prieto kapitainak “autokritika” eskatu du, eta biharko partidan, Espanyolen aurka, jokalariek bestelako itxura emango dutela espero da (12:00, Radio STU / GipuzkoaSport). Partida txukuna jokatuz gero, erredentzioaren bidean jarriko lirateke txuri-urdinak; galduta, kondenaturik leudeke, zaleen eta jokalari-entrenatzailearen arteko dibortzioa inoiz baino gertuago geratuko zatekeelako.

Binilo batean bezala, Realak Anoetan A aldea erakutsi ohi du, baina, maizegi jartzen du B aldea etxetik kanpo. Biniloetako B aldeetan altxor ezkutuak aurki zitezkeen, Realaren kasuan, baina, ezin da probetxurako ezer topatu. Istripu hitza erabili du Montanierrek prentsaurrekoan, Kopako partida “istripu bat izan dela erakutsi” behar duela taldeak. Halako egoeran pare bat aldiz egon da taldea, eta erantzun paregabea eman du. Orain dela urtebete entrenatzailearen burua mozteko aiztoa prest zegoenean, Malagaren eta Betisen aurkako garaipenek salbatu zuten. Real Madrilen kontra 5-1 galdu eta Gabanna diskotekan gaua eman ondoren, txuri-urdinek 4-0 menderatu zuten Rayo. Sasoiko momentu zailenean, berdina egiten saiatuko da Reala.

Horretarako arerio aproposa izan daiteke Espanyol. Jaitsiera postuetan murgilduta dago, eta Donostian baino nahasiago dago giroa. Urtero bezala jokalari gakoak saldu ondoren, burua altxatu ezinik iritsiko da Anoetara. Pochettino kargutik bota dezaketela ere entzun da, sei urte jarraian egon ondoren. Hori gutxi balitz, hauteskundeak berehala izango dira, eta baliteke presidente berria edukitzea taldeak. Egoera hori baliatu beharko du Realak azken partidetako joera iraultzeko.

Valladoliden aurka Griezmann izan zen jokalari onena. Sasoi guztian hobeto aritu den jokalaria izan da. Baina ezingo du Espanyolen aurka jokatu, zuntz haustura bat duelako. Ikusi beharko da Malagaren aurka jokatzeko moduan dagoen. Zurutuzak osatzen jarraitzen duen bitartean, buruhauste handia da Montanierrentzat. Ziurrenik Pardok hartuko du Griezmannen lekua euskarri edo punta erdi gisa, eta alboetara Chory eta Vela egongo dira. Baliteke ere Prietok jokatzea uruguaiarren ordez eta Vela pasatzea ezker hegalera. Kordobaren aurka jokatu zuten jokalari gehienek ez dute bere aukera baliatu, eta ordezkoen aulkian egongo dira. Behin bakarrik jokatu du Pardok hasieratik Anoetan, eta izugarrizko erakustaldia eman zuen. Sevillaren aurka izan zen, eta gol ikusgarri bat sartzeaz gain zelai erdiaren jaun eta jabe egin zen.

Izan ere, zelai erdiak egin zuen huts Kordoban. Bigarren Mailako taldeak hankapean eduki zituen Pardo bera, Illarramendi eta Ros. Illarramendik errioxarrarekin jokatuko du igandean, eta atzean Markel ariko da. Elgoibartarra inoiz baino sendoago dabil aurten, eta Montanierrek ez du hari atseden emateko asmorik. Orain arte ondo jokatu dute zelai erdiko jokalariek, eta ezinbestekoa izango da berdina egitea Espanyolen aurka. Bien bitartean, zaleen begiak erasoan egongo dira. Denboraldia hasi aurretik, zalantza gehienak defentsan zeuden. Taldeko posturik ahulena zela esaten zuten gehienek, eta Bravok eta Iñigo Martinezek soilik zutela maila gorenean aritzeko moduko kalitatea. Baina, orain arte nahiko ondo dabil defentsa. De la Bella sendo dabil eta Estrada gero eta erosoago. Iñigo Martinez soilik ez, Mikel Gonzalez ere oso maila txukuna ematen ari da, behar duenean aurreratzen eta baloia jokatuta atereaz.

Zalantzak erasoan datoz. Vela ez da iazko jokalari erabakigarria, Prieto inoiz baino okerrago dabil, defentsentzat erosoa da hura aurrean izatea; Chory indartsu hasi zen, baina atzera pauso bat eman du min hartu zuenetik; Agirretxerengandik gehiago espero dute zaleek eta Ifranek oso minutu gutxi ditu. Kamuts dabil Reala. Azken lau partidetan bi gol sartu ditu soilik, biak Griezmannek Valladoliden aurka. Beste hiru partidetan aukera garbiak eduki dituzte, baina ez dute atea zulatzen asmatu. Realak ondo jokatu arren, ez du golik sartzen. Eta, noski, golik gabe, garaipenik ez. Aurrelariak haserre daude orain arte emandako mailarekin, eta Espanyolek ordain dezake hori.

Dena den, txuri-urdinek ezin dute partida irabazitzat eman. Espanyol, jaitsiera postuetan egon arren, hobetzen hasi da. Ligan dituen sei puntutako bost azken hiru jardunalditan lortu ditu: bi berdinketa eta garaipen bat. Orain arteko garaipen bakarra, gainera: 3-2 irabazi zion Rayori Stuanik azken minutuan sartutako golarekin. Malaga eta Valladoliden aurka berdindu egin zuen. Aurretik 0-1 galdu zuen Atletico Madrilen aurka. Denboraldi hasiera zaila eduki du Pochettinok. Azken momentuan egin zuen alde Alvaro Vazquezek, erasoa umezurtz utzita. Javi Marquezek ere alde egin zuen, Cornella aldeko diru arazoez nazkatuta. Marquez gabe, kosta egin zaio iparrorratza bilatzea. Verduk hartu du ardura. Coutinho, Vilak eta Weissek ere taldea utzi zuten, aurreko denboraldian lagata egon ondoren.

Hamaikako bost jokalari gakok alde eginda, zaila zen ondo hastea. Fitxatutako jokalari askok, gainera, ez dute behar bezalako maila eman, Capdevillak, Simaok eta Tejerak kasu. Wakaso eta Longo hobeto aritu dira. Villarrealetik etorri da hegaleko jokalaria. Azkarra, trebea eta lotsagabea da, baina askotan desagertu egiten da partidatik, eta 90 minutu noraezean eman ditzake. Inter Milanek utzitako aurrelariak bikain hasi zuen Liga, debutean gol bat sartuta. Pixkanaka, baina, baretzen joan da, eta egun Stuanirekin lehiatzen da hamaikakoan lekua edukitzeko. Azken bi partidetan Sergio Garcia agertu da. Min hartuta ekin zion denboraldiari, eta Pochettinok bere beharra du. Osatu eta erritmoa hartzen duenean, hasieratik jokatuko du. Baliteke, Anoetan hala egitea. Hala balitz, kontuz ibili beharko lukete atzelariek.

Erredentzioa ala kondena. Arnasa ala soka. Oraindik asko geratzen den arren, une zaila bizi du Realak, eta Espanyolen aurkakoak haizearen norantza alda dezake. Porrot batek, are gehiago nahastuko lituzke urak, eta arriskutsua izango litzateke. Garaipena ekaitzaren osteko bakea izango litzake, eta arnas apur horrek konfiantza emango lioke Malagaren, Rayoren eta Kordobaren aurkako partidetan lasaiago aritzeko.

Deialdiak:

Reala: Zubikarai, Royo; Estrada, Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Ansotegi, De la Bella, Jose Angel; Markel, Illarramendi, Pardo, Ros; Xabi Prieto, Vela, Chory Castro, Agirretxe eta Ifran.

Espanyol: Cristian Alvarez, Casilla; Mattioni, Raul Rodriguez, Galan, Hector Moreno, Capdevilla, Colotto, Cristian Alfonso, Victor Alvarez; Tejera, Raul Baena, Verdu, Rui Fonte, Simao, Wakaso, Cristian Gomez; Stuani, Sergio Garcia eta Longo.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS