domingo, 7 de abril de 2013

AMETSAK EZ DAUKA MUGARIK

Hitz eta pitz partida atarian, eta zirt edo zart amaieran. Hamar minutu nahikoa izan zirelako partida guztiz desorekatu eta zoramena harmailara eramateko. Erakustaldia emanda, nagusitasun osoz irabazi zion Txapeldunen Liga soilik buruan duen Malagari Realak (4-2), azken minutuetan apur bat sufritzen jakinda. Ametsek aspaldi utzi zioten amets izateari, baina muga non dagoen, inork ere ez daki zehaztasun osoz. Laugarren postuan sendotu da Reala, zortzi jardunaldi falta dira, eta egurrean jarraitzen dute txuri-urdinek. 24 puntu jokoan eta bi eta lau puntuko —Valentziak egiten duenaren arabera— abantaila.

Txapeldunen Liga buruan zelairatu zen Malaga. Taldearen historiako partidarik garrantzitsuena du asteartean, Borussia Dormuntden etxean txapelketako finalerdietarako sailka baitaiteke. Hori hala, hasieratik ordezko jokalari ugari jarri zituen Manuel Pellegrinik, atezaina barne. Europako esfortza ahalik eta gutxien nabaritzeko, erritmo geldoa jartzen saiatu ziren lehen minutuetan. Batetik, ahalik eta freskoen iritsi asteartera, bestetik, Realaren oldarraldiak eta kontraerasoak murriztu.

Asmoak ona zen, baina, futbolean bi taldek jokatzen duten batak bestearen aurka. Min hartuta zeuden jokalariak kontuan hartuta, espero zen hamaikakoa jarri zuen Montanierrek. Urrun geratu dira esperimentu arraroak egiteko garai hura, jada badaki zein jokalari jarri, eta jokalariek badakite zer eskatzen dien teknikariak. Hala, Zurutuzak bete zuen Xabi Prietok zelai erdian utzitako hutsunea, eta Velak eskuinetik jokatu zuen guztiz osatu gabe egon arren. Espanyolen aurkakoarekin alderatuta, bi aldaketa soilik: aipaturiko Vela eta Xabi Prietorena eta Bravo Zubikarairen ordez.

Zurutuzaren lanak zelai erdia indartu zuen, eta haziz eta haziz doan Illarramendi eta oso maila ona ematen ari den Markelekin batera, baloiaren jabetza hartu zuen. Hegaletara pase azkarrak, zabaldu, mugitu... hogei minutu aski izan ziren Malagaren asmoak birrintzeko. Ez zen txuri-urdinen norgehiagoka onena izan, baina aurkaria baino gehiago izan ziren hala eta guztiz ere. Esne mamitan dago Reala, oso une gozoan. Azken hogei norgehiagoketatik partida bakarra galdu du. Itzuli oso bat.

Erasoan duen indarra eta bolbora da horretarako arrazoi nagusiena. Perfekziotik gertu zeuden hamar minutu aski izan ziren partida guztiz iraultzeko. Eta ez da lehen aldia. Hiru gol sartu zituzten tarte horretan, eta baloiak birritan jo zuen zutoina. Realaren 3.000 gola nork sartuko, hura zen zalantza. Griezmannek eskura izan zuen historian sartzeko aukera, baina langa dardarka utzi zuen. De la Bella ere saiatu zen kornerrean, baina aldaretzea Velak probestu zuen 3.000. gola sartzeko. Mexikarraren izena klubaren historian egongo da hemendik aurrera.

Lehen golarekin batera, beste biak iritsi ziren. Bost minutuko kontuan, De la Bellak urrutitik jaurtiketa lehorra egin eta zutoinaren ondotik sartu zen zartakoa. Denboraldi bikaina egiten ari da Kataluniarra, gol ederrak sartzen. Bost minutu geroago, Agirretxek pase bikaina eman zion Griezmanni, eta frantziarrak sarera bidali zuen baloia. Malagak nahi ez zuen hori pasa zen azkenean, partidak bizitasuna hartu eta berehala Realaren hiru golak iritsi ziren. Halako mailarekin, ez da harritzekoa hain goran egotea taldea.

Ordu erdia beteta, etorri zen lehen kolpea. Zurutuzak min hartu zuen, zelaia uztera behartuta. Une erabakigarrienean, bizpahiru aste emango ditu osatzeko. Eskerrak badagoen nor haren hutsunea betetzeko. Larunbatean, Ruben Pardo zelairatu zuen Montanierrek, ohi duena baino metro batzuk aurrerago. Harribitxia da errioxarra, eta gozatzeko arratsalde ugari emango ditu, baina ez zen bere partida izan. Pase asko huts egin zituen, eta urduri sumatu zitzaion. Lehen zatiaren hondarrean iritsi zen Malagaren gola. Aldaratze bat urrutitik jaurtiki zuen Moralesek, eta Bravok huts egin zuen. Gola iritsi arren, txalo zarta batekin agurtu zuten zaleek taldea. Oraingoan ere, ez da hori pasa den lehen aldia. Zerbaitengatik da hori.

Bigarren zatia erritmoa erabat jaitsi zen. Malagarentzat oso txarra zen porrota, ezarri dioten zigorra desagertuz gero ez baita berbera Txapeldunen Ligan edo Europako Ligan sailkatzea. Baina, astearteko partida buruan, ez zuen erritmo gogorregirik ezarri nahi. Realak, azeleragailutik altxa zuen hanka. Eta halere, korner baten irteeran laugarrena sartu zuen Iñigo Martinezek.

Norgehiagoka geldoago eta trabatuagoa izan zen bigarren zatian, albiste onena minutuak pasatzen aritzea zelarik. Velak min hartuta utzi zuen zelaia, baina Rayoren aurka egoteko arazorik ez duela izango dirudi. Santa Cruzek tartea gutxitu zuen atezaina eta atzelariak elkar gaizki ulertu ziren jokaldi batean. Azkenerako, luzea egin zitzaion norgehiagoka txuri-urdinei; Malagak, bere maila onari esker, bultzaka amaitu zuelako partida. Baina txuri-urdinek ongi defendatu zuten, eta gutxi sufritu zuten.

Garaipenak Txapeldunen Ligarako sailkatzea hurbildu du. Orain, etxetik kanpo bi norgehiagoka jarraian dituzte donostiarrek. Lehenik Europara harrotasunik gabe begira dagoen Rayo izango dute, hagitz partida gogorrean. Jemezen taldeak oso maila txukuna eman du, eta ez da batere partida erraza izango. Ondoren, Osasunaren aurkako derbia dator. Sadar zorigaiztoko zelaia izan da askotan, eta garrantzitsua izango da Mendilibarren tranpan ez erortzea. Erabat modu desberdinean jokatzen duten bi talde dira, baina puntuak pilatzea garrantzitsua izango da, ametsak mugagabe izaten jarrai dezan.

Jokalari onenak:

3.- Iñigo Martinez:
Defentsan sendo, eta hori da atzelari bati eska behar zaion lehen gauza. Etxeko lanak egin eta gero, erasora azaldu eta buruz, atzelariari aurre hartu ondoren, denboraldiko hirugarren gola sartu du. Bi denboralditan bost gol baino gehiago sartu ditu jada.

2.-Alberto de la Bella: Atzean, aurrean, baloiak lapurtuz eta sekulako golak sartuz. Zein ondo etorri zaion konpetentzia, eta zein partida ona egin zuen. Erasorako etengabeko arma izan zen, eta defentsan harresia.

1.- Asier Illarramendi: Noizbait taldea utzi edo erretiroa hartzen badu, ziur gogoratuko dugula. Perfil desberdina izan arren, Aranburu berri baten aurrean gaudela pentsatzeko arrazoiak daude. Handia.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS