Azterketa. Denboraldi guztiko lana 90
minututan aztertuta. Kale edo bale. Gora edo behera. Philippe Montanierrek argi
adierazi du: “Sasoiko partida garrantzitsuena da”. Hainbat jokalarik ere argi
utzi dute, “golpe latza” litzateke Txapeldunen Ligatik at geratzea. Valentzia
aldean ere ulertu dute igande gauekoaren garrantzia (21:00; C+) eta gerra
dialektikoa hasi dute. Ez da behin betikoa izango, norgehiagoka amaitu eta
gero, 15 puntu egongo dira jokoan, baina Anoetako zelai gainean hiru puntu
baino askoz gehiago egongo dira jokoan.
Realak irabaztea lortuz gero, zuloa irekiko
du Valentziarekiko; bost puntukoa, seikoa gol tartea kontuan hartuz gero. Ia-ia
guztiz erabakigarria. Galduta, valentziarren atzetik bost jardunaldiren faltan,
eta berdinduta, lehia estuarekin jarraitzea. Gutxik espero zuten denboraldi
hasieran taldea halako egoera batean aurkitzea. Bazegoen itxaropena, eta
baikorrenek Europara sailkatzeko lantaldea zegoela ziurtatzen zuten, Europako
postu horiengatik lehiatzeak zilegi zirudien, baina Txapeldunen Ligarako lehian
sartzea posible zela esaten zutenak zorotzat hartu ziren. Joko eta emaitza
bolada bikainak, baina, taldea aukera horretan jarri du. Badira jardunaldi
batzuk txuri-urdinak laugarren postuan daudela.
Emaitzek sortutako itxaropen eta umore ona,
baina, apur bat baretu da pasa den asteko norgehiagokaren ondoren. Realak golik
gabe berdindu zuen Iruñean jokaturiko derbia, eta horrek zale batzuen mamu
zaharrak azaleratu ditu berriro. Jokalarien grina faltari egotzi zioten errua
batzuek, entrenatzailearen lanari Montanier gaitzesteko esperoan zeudenei.
Illarramendiren eta De la Bellaren hutsuneak erabakigarriak izan ziren
Sadarren, eta taldeak ez zuen espero zen maila eman. Biak ala biak hasierako
hamaikakoan egongo dira Valentziaren aurka. Euskarria eta hegaleko atzelaria
taldeko jokalari onenetakoak izan dira sasoi honetan, beraz, berri ona izango
da haiek hamaikakoan ikustea. Haiez gain, Zurutuza ere osatu da, eta jokatzeko
moduan dago erdilaria. Erritmo falta izan dezake debatarrak, eta baliteke
aulkitik hastea.
Kontrakoan, Griezmann, Elustondo, Ros eta
Jose Angel kanpoan geratu dira, azken biak teknikarien erabakiz. Frantziarrak
bosgarren txartel horia ikusi zuen Osasunaren aurkako derbian, eta Chory Castrok
ordezkatuko du. Espero zena baino gutxiago jokatu du uruguaiarrak, baina zelai
gainean dagoen bakoitzean bere maila erakusten du, eta ezker hegaletik min
egiten saiatuko da etengabe. Gola du, abiadura eta eskarmentua. Vela, Prieto
eta Agirretxerekin batera min egiteko prest egongo da. Elustondoren hutsunea
betetzeko hainbat aukera ditu teknikariak.
Valentziaren aurkakoak, ezinbestean joaneko
partida dakar gogora. Illarramendik ez zuen jokatu egun hartan, eta Pardo eta
Zurutuza izan ziren bi euskarriak. Malagari irabazi eta Osasunaren aurka
berdindu arren, ezkortasuna zen nagusi sailkapen behealdean zegoen talde horren
gainean. Pellegrinoren mutilak hankapean ibili eta 2-5 irabazi zuen Realak.
Gerora, teknikari argentinarra kargutik kendu zuten, eta Valverde fitxatu.
Hondoa jo zuen Valentziak garai horretan, Europatik oso urrun, zalantzak
nagusitu ziren.
Dezente aldatu dira gauzak ordutik. Bi
taldeek gora egin dute, eta Ligako bi erraldoiak alde batera utzita, bolada
onenean dauden biak dira. Azken hemezortzi jardunaldietan 35 puntu lortu ditu
Valverdek, jarritako helburua betetzear da. Txapeldunen
Inork gutxik esperoko zuen markagailu horrek
etorkizunean izan zezakeen garrantzia. Hiru goleko tarte hori erabakigarria
izan daiteke nor Txapeldunen Ligara eta nor Europa Ligara joango den ebazteko.
Valentziak lau goleko tartearekin irabazi behar lioke Realari sailkapeneko
balizko berdinketa txuri-urdinen aurka joateko.
Zelaierdiko abiadura eta kontraerasoko
azkartasuna erabakigarriak izan ziren joaneko partidan, baita Jonasen txartel
gorria ere. Bide horretatik atera idtzake etekin handienak Realak igandean ere.
Argi dago erasoari eta zelai erdiari begiratzen bazaio, maila handiko taldea
dela Valentzia. Soldado, Jonas, Banega eta enparauak jokalari baliotsuak izango
lirateke edozein taldetan. Horiez gain, Parejok, Albeldak eta Feghoullik
jokatuko dute hasieratik.
Atzealdean, baina, aurreko urteetan baino
ahulezia gehiagorekin dabiltza, teklarekin nola asmatu jakin gabe. Jordi Albak,
Ramik, Victor Ruizek eta Miguelek osaturiko laukotea geldiezina zen iaz; aurten
hutsune ugari ditu. Guardado dabil azkenaldian ezker hego atzelari gisa, eta
zailtasun mordoa ditu ondo defendatzeko. Velak min handia egin diezaioke
herrikideari. Erdiko atzelariak ere ez dabiltza iaz bezain fin, eta Rami azken
unera arteko zalantza izan da; azkenean kanpoan geratu da. Frantziarraz gain,
Canales eta Tino Costa deialditik at daude.
Txapeldunen Ligako doinua Anoetan, aldez
aurretik. Goi-goian eta puri-purian dauden bi talde nor baino nor, izar
handientzako gaua, eta izar berriak zeruan dir-dir egiteko plaza aproposa. Bi
talde, leku bakarra. Lehenengo finala jokoan da; set-point eta
match-point jokoan. Irabazleak bidea egina dauka.
Deialdiak:
Reala: Bravo,
Zubikarai; arlos Martínez, Dani Estrada, Mikel, Iñigo, Ansotegi, Cadamuro, De
la Bella; Markel, Pardo, Illarramendi, Zurutuza; Xabi Prieto, Agirretxe, Vela,
Ifrán eta Chory Castro


No hay comentarios:
Publicar un comentario