Betiko filma. Aldez aurretik idatzia zegoen
gidoia. Lehen zatia amaitu zenean batek baino gehiagok esandako hitzak dira.
Etxetik kanpo, gol bat atzetik eta jokalari bat gutxiagorekin, bazkalosteko
film txar baten itxura hartu zuen partidak. Baina Xabi Prietok eta Bravok
gidoia apurtu eta norabide aldaketa bat eman zioten. Bigarren zatia hasi bezain
pronto, hegalekoak gola sartu zuen, eta atezainak berdinketa mantendu zuen.
Pelikula onenetan bezala, bukaera bukaeran beste bira bat gertatzear egon zen,
baina epaileak baliogabe utzi zuen Demichelisen gola.
Azkar jarri zitzaion partida maldan gora
Realari. 18. minutuan Iscok gol ederra sartu zuen Ansotegiren laguntzaz. Bravok
txalo egitea beste aukerarik ez zuen izan. Ordura arte ondo aritu ziren
txuri-urdinak. Partidaren bila atera ziren hasieratik, eta Griezmannek aukera
garbia eduki zuen 8. minutuan, baina haren errematea kornerrera joan zen. Isco
eta Cazorla agertu zirenera arte iraun zuen Realaren kemenak. Pixkanaka zelai
erdian nagusitu ziren eta txuri-urdinak bere areara bultzatzen joan ziren.
Realak kontraeraso bidez erantzun zuen soilik.
Berdindua izaten ari zen partida desorekatu zuten bi jokalari horiek. Iscok
Pardok baino bost hilabete gehiago ditu soilik, baina hala eta guztiz ere
titularra da Txapeldunen Ligarako lehian buru belarri murgilduta dagoen talde
batean. Pardok, berriz, gutxitan ditu minutuak.
1-0ekoa merezitako emaitza zen, eta atsedenaldira begira ez zegoen guztiz
gaizki, partida iraultzeko aukera ematen zuelako. Baina lehen zatia amaitzear
zela, Mikel Gonzalezek falta bat egin zuen zelaiko izkina batean. Seba
Fernandezi baloia kentzeko lurrera joan zen, baina jokalaria zangotrabatu zuen.
Txartel hori argia, bigarrengoa, lehenengoa Rondoni falta bat egiteagatik ikusi
zuelako; beraz, hamar jokalarirekin utzi zuen taldea. Montanierrek deialdian ez
zuen ordezko atzelaririk jarri, eta Elustondok bere postua atzeratu zuen
bigarren zatian. Sansen jokatzen zuenean, partida batean baino gehiagotan
jokatu zuen erdiko atzelari bezala. Mikel Gonzalezena denboraldiko zazpigarren
txartel gorria izan zen, iaz txuri-urdinek ez zuten txartel gorririk ikusi.
Itxura beltza zuen bigarren zatiak. Aurrekariak ikusita sufritzea besterik
ez zen geratzen. Baina, ezustean, Xabi Prietok gola sartu zuen bigarren
zatiaren hasieran. Jokalari bat gutxiagorekin, berdintzeko gai izan zen Reala.
Oraindik minutu asko zeuden aurretik, eta Realak defentsan gogor aritu behar
izan zuen. Malaga ekinean ibili zen, baina ezintasuna handitzen joan zen minutuak
pasa ahala. Realak lan ona egin zuen defentsan. Vela ezik, beste jokalari
guztiak baloiaren atzetik zeuden, espazioak itxiz eta Malagaren jabetza
presionatuz. Atzelariek ez ezik, Illarramendik eta Zurutuzak izugarrizko
ahalegina egin zuten. Bien artean kilometro ugari egin zituzten, Cazorla, Isco,
Demichelis eta Marescaren jokoa gelditzeko asmoarekin.
Nahiko eroso zegoen defentsan Reala. Bravo erne zegoen jokaldi guztietan,
eta lapurtutako baloi bat baino gehiagorekin arriskuzko erasoak egin zituzten.
Xabi Prietok garaipena bere oinetan izan zuen 76. minutuan, baina Rubenek bere
jaurtiketa gelditu zuen. Zalantza asko zeuden Malagako hirugarren atezainaren
inguruan, baina partida ona egin zuen azkenean. Bigarren zatian merituzko
bizpahiru geldiketa egin zituen. 70. minutuan —nola ez— Agirretxe Velaren ordez
sartu zuen Montanierrek, eta minutu onak jokatu zituen usurbildarrak. Hamar
minutu geroago Carlos Martinezek Griezmann ordezkatu zuen. Lodosakoak hegaleko
aurrelari gisa jokatu zuen, eta bi gol aukera izan zituen.
Malagak estutu egin zuen azken minutuetan. Van Nistelrooy, Eliseu eta
Juanmi zelaian zeuden aurretik jokatzen ari ziren aurrelariekin.
Herbehereetakoak eta Rondonek bi aukera garbi izan zituzten, baina, Bravo
ikusgarri aritu zen. Gamezi ere geldiketa ona egin zion. Eta luzapenean, gola
sartu zuen Malagak, Demichelisek Elustondoren aldaratze bat probestuta.
Marrazainak jokoz kanpokoa adierazi zuen. Errepikapenetan ikusi zenez, ez
zegoen jokoz kanpokorik, Zurutuza Demichelis baino atzerago zegoelako.
Berdinketarekin pozik amaitu zuten txuri-urdinek. Partida erdia jokalari
bat gutxiagorekin jokatu ondoren ez ziren Malagatik esku hutsik itzuli.
Gainera, gola bat gutxiagorekin sartu zuten. Aurkaria ez zen nolanahikoa,
Txapeldunen Ligarako lehiatzen ari den petrodolarrez eraikitako Malaga baizik.
Andaluziarrek irabazi balute, hirugarren postuak kokatuko liratekeen. Baina ez
ziren Reala irabazteko kapaz izan. Jardunaldiko beste emaitzak ikusita, 8
puntura dago jaitsiera. Liga amaitzeko bost partida falta dira; beraz, hurrengo
astean Vila-reali irabazita salbatuta legoke Reala. Ongietorri lasaitasuna.
Jokalari onenak:
3.- Bravo: Beragatik ez balitz, Realak partidua galduta luke.
Meritu handiko geldiketa ugari egin zituen. Golean ezin izan zuen ezer egin,
jaurtiketa Ansotegin eman ondoren gaiztotu zen.
2. Xabi Prieto: Ez zen berarentzako bigarren zati aproposena.
Defentsa lanetan distira galtzen du. Dena den, berdinketako gola sartu zuen eta
beste aukera garbi bat izan zuen. Gol hori sartu izan balu, balentria handi
batetaz hitz egiten egongo ginateke orain.
1. David Zurutuza: 65. minutura leher eginda iristen zen iaz, gehiago
ezin zuela. Atzo luzapenean korrika jarraitzen zuen alde batera eta bestera.
Puntaerdiko lanak utzi eta euskarri gisa jokatu zuen bigarren zati osoa.
Ezkerrean, eskuinean, erdian, edonon zegoen Cazorlari edo Iscori segika. Lan
ona.
No hay comentarios:
Publicar un comentario