Denboraldia amaitzeko lau partida falta
direnean, Realak bederatzi puntura ditu jaitsiera postuak. Hamabi puntu jokoan,
eta bederatzi puntuko eta golaveragearen errentarekin arnasa hartzeko garaia
da. Denboraldi hasierako ametsak alde batera utzita, salbazioa lortzea da
aurtengo erronka, eta taldeak esku-eskura du. Vila-realen aurka 1-1 berdindu
ondoren, ia lortu du, baina oraindik azken pausoa falta da. Hurrengo
larunbatean Racingi irabaziz gero, matematikoki Lehen Mailan legoke Reala.
Arraroa da 12:00etan jokatzea arratsaldean edo gabean jokatzera ohituta
dauden jokalariak. Zaleek ere nagiak kendu ezinik hasten dute partida, hotz.
Hala hasi ziren bi taldeak, lokartu antzean. Errespetu handia zegoen bi taldeen
artean, eta lehenengo minutuak tanteo minutuak izan ziren. Vila-real Realaren
area ertzean jokatzen hasi zen, baina arrisku handirik egin gabe. Txuri-urdinak
bere aukera itxaroten ari ziren kontraerasoan ateratzeko.
Elustondo eta Aranburu Borja Valeroren inguruan ibili ziren, hura eroso
egon ez zedin. Zalantzarik gabe, Valero da Vila-realen iparrorratza, eta
aurkariek bere jokoa zapuzten dutenean iparra galduta dabil Castelloko taldea.
Real Madrileko harrobiko jokalari ohia indargabetuta, Senna beteranoak hartu
zuen protagonismoa, hegaletatik De Guzmanek eta Hernan Perezek lagunduta.
Reala, batez ere eskuin hegaletik saiatu zen min egiten. Prietok eta Estradak
atzelariak erotu zituzten, baina, azken pasearekin huts egin zuten. Bien
erdiraketek ez zuten errematatzailerik aurkitu.
Minutuak pasa ahala, gero eta astunagoa eta geldoagoa bihurtu zen lehen
zatia. Zelai erdi jokoa ugaritu zen, eta bi taldeek ez zuten beren eguna izan.
Makina bat aldiz galdu zuten baloia batek eta besteek. Reala defentsan eroso
zegoen, Demidovek eta De la Bellak pare bat huts egin arren. Erasoan, baina,
kamuts zebilen. Aranburu ez zegoen eroso, eta Zurutuza lo zegoen; oso motel eta
baldar. Elustondo, partida borobila egin gabe, izan zen zelai erdiko hirukoteko
onena. Lehen zatia 0-0koarekin amaituko zela zirudien, batez ere Xabi Prietok
35. minutuan baloia langara bidali ondoren. Baina, Sennak desorekatu zuen
partida atsedenaldiaren aurretik. 42. minutuan erdiraketa baten ondorengo
aldaratze bat hartu, eta sareetara bidali zuen. Vila-realek ez zuen merezi, baina
markagailuan aurretik iritsi zen atsedenaldira. Zaleek txistuka agurtu zuten
Reala.
Lehenengo zatiko nondik norakoak aztertuta, bigarren zatian presioa gorago
egitea erabaki zuen Realak. Vila-realek asko sufritu zuen txuri-urdinek baloia
aurkarien areatik gertu lapurtzen zutenean. Bigarren zatia hasi bezain pronto,
Agirretxek gola gertu izan zuen korner bat burukatu ondoren, baina Diego
Lopezek ondo gelditu zuen.
Behingoagatik, aldaketekin asmatu zuen Montanierrek. Goiz egin zituen —57.
eta 65. minutuan lehen biak—, eta taldearen beharrak erantzun zituen. Aranburu
eta Zurutuza itota zeuden zelai erdian. Horregatik, Griezmann punta erdi
lanetan eta Pardo euskarri bezala jarri zituen. Frantziarra grinatsu atera zen,
eta aukera garbi bat izan zuen. Lotsagabe eskatu zuen baloia uneoro, eta
arrisku jokaldiak egin zituen. Errioxarra baloiaren jabe bihurtu zen, eta jokoa
hegal batera eta bestera irekitzen hasi zen. Taldekideek Pardo bilatzen zuten
uneoro, hark jokoa antola zezan. Gaztea izanik ere, beldurrik ez duela argi
utzi zuen area kanpotik egindako bi jaurtiketekin. Gozamena da Pardo zelaian
ikustea.
Aldaketek partidaren norantza aldatu zuten. Reala partidaren bila joan zen,
eta jokoa irauli egin zen. Ordura arte nagusitasuna zuen Vila-real atzean sartu
zen, ahal zuen moduan erasoak gelditu eta kontraerasoan ateratzeko. Hala bi
aukera garbi izan zituen, bata Marco Rubenen oinetan, aurrelaria Bravoren
aurrean bakarrik geratu zenean, eta bestea Caniren eskutik erdiraketa bat
errematatu zuenean. Baina Realaren atezainak paregabe erantzun zuen
txuri-urdinak bizirik mantenduz. Bravoren geldiketek Reala hauspotu zuten, eta
golaren bila lotsagabe jardun ziren erasoko joko erauntsian. Montanierrek
Llorente sartu zuen, Agirretxeren ordez, hondarribiarraren gol gosea
baliatzeko.
Halere, minutuak joan, minutuak etorri gola sartu ezinik zebilen Reala,
apur bat itsututa, nola eraso egin jakin gabe. Zaleak urduritzen hasi ziren.
Azkenean, partida amaitzetik gertu, 85. minutuan, Griezmann, Prieto eta Vela
agertu ziren. Frantziarrak jokaldi ona egin zuen ezker hegalean, haren
erdiraketa donostiarrak buruz ukitu zuen eta mexikarrak txilenaz sartu zuen
gola Diego Lopezen etsipenerako. Izugarrizko gol ederra sartu zuen Velak,
denboraldiko hamaikagarrena, eta txilenaz Anoetan sartzen duen bigarrena.
Berdinketak Vila-realen defentsa birrindu zuen, eta garaipenaren gola gertu
egon zen. Griezmannek lehenik, jokaldi eder batean, eta Velak gero, Pardoren
pase bikain bat baliatuta, gertu izan zuten gola, baina ez zuten asmatu.
Azkenean berdinduta amaitu zen partida, 1-1. Berdinketa ona zen bi
taldeentzat, matematikoki ez bada ere, oso gertu dutelako hurrengo urtean Lehen
Mailan jarraitzea. Azken pausoa ematea falta zaie bi taldeei. Denboraldi
gogorra izan da bientzat, eta sasoiari agur esateko irrikan daude, hurrengorako
itxaropen betez itzultzeko.
Partidako onenak
3.- Claudio Bravo: Txiletarrari esker lortu zuen Realak puntu bat.
0-1ekoarekin egin zituen bi geldiketengatik ez balitz, esku hutsik amaituko
zuten partida txuri-urdinek. Segurtasun handia ematen du. Realarekin ligan
jokatutako 100. partida zuen gainera.
2.- Carlos Vela: Itzalita zirudien, lokartuta. Lehenengo zatian ez
zen asko agertu, baina agertu zenean arriskua sortzen zuen. Bigarren zatian
nekatua zirudien, eta aldatua izango zela zirudien, baina, bat-batean, agertu
egin zen eta izugarrizko gola sartu zuen erdi txilena, erdi eskortzo batean.
Denboraldiko hamaikagarren gola du ligan.
1.- Xabi Prieto: Lehen zatian bere oinetan egon zen gola, zutoinera
bidali zuen jaurtiketa indartsu batean. Erdiraketekin ez zuen asmatu, baina.
Bigarren zatian bere gain hartu zuen partida, eta erotu egin zituen Catala,
Mussachio eta Bruno. Golean, buruz eman zion pasea Velari.
No hay comentarios:
Publicar un comentario