miércoles, 11 de abril de 2012

BAT GEHIAGO, BAT GUTXIAGO


Bana berdindu zuen Realak Betisen aurka Lehen Mailako 33. jardunaldian. Espanyolen kontrako berdinketaren ondoren, beste berdinketa bat gehiago. Larunbatean bezala, aurretik jarri ziren txuri-urdinak, baina beste behin ere ez zuten errenta zaintzen asmatu, eta Ruben Castrok orekatu zuen Velaren denboraldiko hamargarren gol. Hala, puntu bat gehiago salbaziora bidean, partida bat gutxiago liga amaitzeko. 


Ondo ekin zion Realak partidari, zelai erdian egindako lanari esker. Pase azkar eta pareten bidez, aurkarien presio guneak gainditu erraz gainditzen zituzten txuri-urdinek eta arazoak sortu zituzten andaluziarren atzealdean. Nolanahi ere, partidako lehen aukera garbia Betisek izan zuen. 18. minutuan Realak zuen baloia, lasai ari ziren paseak ematen atzean hutsuneak bilatzen, Ion Ansotegik laprast egin zuen arte. Baloia  Jefferson Monterok hartu zuen eta bakar bakarrik  joan zen aurrera, Ruben Castrori pasea eman, eta Eñaut Zubikaraik izugarrizko geldiketa  egin zuen ezker eskuarekin. Estreinaldi ona Lehen Mailan.


Lehen sustoari buelta emanda, partidaren kontrola hartu zuten berriro. Lehen minutuetan Betisek baloia izan zuen arren,  25. minututik aurrera talde bakarra egon zen zelaian. Ez zen joko erauntsi bat izan, zelai erdian asko jokatu zelako, baina hiruzpalau aukera garbi izan zituzten txuri-urdinek. Argiena Zurutuzak izan zuen, Velaren jokaldi paregabe baten ondoren. Mexikarraren pasea zutoin ondotik joan zen zaleek gola zela uste zuten bitartean. Bi  minutu geroago  Vela gola sartzear egon zen, eta hurrengo jokaldian Mateu Lahozek Cañasen penalty garbia ikusi  zuen. Eskuarekin jo zuen baloia Betiseko erdilariak eta epaileak ez zuen zalantzarik izan. Denboraldiko bigarren penaltya  zen  Realarentzat. Aurrekoa, Betisen aurka adierazi zuten ere, joanekoan, eta Griezmannek huts egin zuen. Xabi Prieto aulkian, zalantzak zeuden zeinek botako zuen penaltya. Agirretxek hartu zuen baloia konbentzimendu osoz, paradinha bat  ere egin zuen, baina bere jaurtiketa negargarria Fabricio atezainak errazegi gelditu zuen. Aukera garbi huts egin zuen usurbildarrak. Atsedenaldira arte ez zen aldaketarik izan markagailuan, Reala Betis  baino gehiago izan zen arren.


Lehen zatian erakustaldia eman ondoren eta minutu oso onak jokatu ondoren, antzera hasi zen bigarren zatian. Zelai erdian Illarramendi eta Elustondo bikain ari ziren, eta pase zehatzak eman  zituzten hegaletara. Ordurako Nachok eta, batez ere, Chicak amesgaiztoak zituzten Griezmannekin eta Velarekin. Agirretxek ez zuen ate aurrean asmatu, baina lan eskerga egin zuen defentsan. Chicak bi hilabete zeramatzan jokatu gabe, baina Nelsonek min hartu ondoren, Melek hasieratik jarri zuen. Bigarren zatiko hamargarren minutuan haren hegaletik etorri zen gola. Zelai erdian baloi bat berreskuratu ondoren pareta ona egin zuten Velak eta Agirretxek, eta usurbildarraren asistentziaz baliatuta denboraldiko hamargarren gola sartu zuen mexikarrak. Sasoiko dabil  Vela, eta erakustaldia ematen duen partida bakoitzean ikuskatzaile gehiago ditu gainean. Zaila  izango da  hurrengo denboraldian Anoetan mexikarraren bihurrikeriekin gozatzea, baina zuzendaritzak esfortzua egin beharko luke.


Velaren golaren ondoren, Pepe Melek bi aldaketa egin zituen. Beñat eta Pereira atera ziren Cañasen eta Salva Sevillaren ordez. Erasorako aldaketa izan zen, eta bete-betean asmatu zuen entrenatzaileak. Zurutuza eta Elustondo nekatuta zeuden, eta Illarramendik ez zuen hasierako freskotasuna. Apurka Realaren zelaierdia hondoratzen joan zen, eta Iriney eta Beñat jaun eta jabe ziren. Halere, Griezmannek aukera garbia izan zuen partida behin betiko desorekatzeko. Illarramendik pase bikaina eman zion, baina frantziarrari ihes egin zion kontrolak eta  ezin izan zuen errematatu.


Betis Realaren area  ingurura hurbiltzen ari zen arren, sendo zeuden bai Mikel Gonzalez bai Ansotegi. Partida ona egin zuten eta  Bigarren Mailan jokatutako partidetan bezala elkar ondo ulertzen dutela erakutsi zuten. Dena den, Reala barkatzen ari zen, eta Betis berdinketaren bila zihoan. 70. minutuan Realeko erasoko jokaldi baten aldaratzea hartu zuen Jefferson Monterok eta korrikaldi bizia hasi zuen Realeko jokalarien artean. Inork ez zion faltarik egin eta Ruben Castro bakarrik ikusi zuen. Kanariar uhartetakoak ez zuen huts egin eta Zubikaraien azpitik sartu zuen gola. Ez zuen zorterik izan atezainak.


Montanierrek Prieto lehenik eta Aranburu ondoren sartu zituen, batetik erasoan hegaletik min gehiago egiteko, eta, bestetik, zelai erdiko kontrola berreskuratzeko. Nahi eta  ezin, baina. Reala atzean sartzen hasi zen Betisen bulkaden  eraginez. Noizbehinka kolpe batzuk emateko gai izan zen,  Aranburuk izan zuen aukera garbi batean adibidez, baina gehiago saiatu zen Betisen erasoa oztopatzen. Agirretxeren erreferentzia gabe, erasoan min gutxiago egiten zuen taldeak.


Berdinketarekin ados zirudien taldeak, eta horrek zaleen haserrea eragin zuen. Bana joan arren, Montanierrek ez zuen hirugarren aldaketarik egin, Llorente eta Ifran beroketa lanak egiten ari ziren arren. 85. minutura aldera, Mujika Taldea entrenatzailearen dimisio eske hasi zen. Hasieran gutxik jarraitu zioten, baina bukaerarako jende dezentek egiten zuen oihu. Bi taldeentzat berdinketa onargarria zen arren, azken minutuetan gertu egon zen eromena. Aurrena, Zubikaraik salbatu zuen Reala, Santa Cruzen jaurtiketa bortitza gorputzarekin geratu ondoren. Minutu bat beranduago, Griezmannek kornerra probokatu zuen, eta Ansotegik zutoinera bidali zuen baloia, buruz. Hor amaitu zen partida.


Baikor izanda, atzokoarekin hiru partida jarraian daramatza galdu gabe Realak. Ligako momentu erabakigarrienean murgilduta, garrantzitsua da partidak aurrera eramaten jarraitzea, eta hirunaka ezin bada, ondo dago puntuak banaka pilatzea. Asteazkeneko partidak kontuan izan gabe, hamar puntura dago Zaragoza, 18. sailkatua. Realak 38 puntu ditu bakarrik, baina, agian ez du askoz puntu gehiago pilatu beharko denboraldia amaitu aurretik. Denboraldi  bat gehiago amaitzear da, proiektu bat gehiago bukatzear. Denboraldi berriak aurten amatatutako itxaropena berpiztuko du, beti bezala; baina, bitartean aurtengoa duintasunez eta lasaitasunez bukatu behar da.  Etorriko dira etorri beharrekoak.


Partidako onenak:


3.- Carlos Vela: Erakustaldi bat bestearen atzetik ematen jarraitzen  du. Bera gabe Realaren argia  itzaltzen da, eta ez  du norabide egokia aurkitzen.  Mexikarrak atzelari guztiak erotu egiten ditu, golak sartzen  ditu, paseak eman... Ezin zaio gehiago eskatu. Zaila izan arren, fitxatu egin behar dute, diferentzia markatzen duelako.


2.- Antoine Griezmann: Erasoan hegaleko atzelariak erotu ez ezik, defentsan lan ona egin zuen. Minutu asko jokatu zituen eskuin hegalean, eta ez da leku aproposena bere dohainak erakusteko. 2-0ekoa izan zuen, baina kontrolean huts egin zuen.


1.- Mikel  Gonzalez: Min hartuta egon  ondoren itzuli zen hamaikakora,  Ansotegi ondoan zuela, Bigarren Mailan bezala. Ondo ulertu zuten elkar eta seguru ibili ziren defentsan. Behin baino gehiagotan aurreratu zen Betisen aurrelariei eta baloia jokatuta ateratzen saiatu  zen.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS