Ekaitzarekin hasi zen Rayoren aurkako
partida. Aste osoko trumoi hotsek eragindako zeru beltzarekin. Giro nahasia
nabari zen, eta deserosotasuna zegoen Anoetako harmailetan. Seigarren
minuturako hasi zen, halere, zerua oskarbitzen eta atsedenaldirako
txuri-urdinek giroa baretu zuten. Bigarren zatian, berriz, tsunamia etorri
zen, eta Realak Rayori 4-0 irabazi zion.
Ekaitzetik, barealdira. Jaitsiera
postuak zortzi puntura daude orain, eta Lehen Mailan mantentzea
errazagoa dirudi. Espanyolen aurkako partida ez
da hil edo bizikoa izango, gutxienez.
Madrilgo diskoteka batean hainbat jokalarik egindako irtenaldiak giroa
nahastu zuen, eta zaleek hautsak harrotu zituzten beren haserrea adieraziz.
Futbolaz gutxi hitz egin zen aste osoan.
Partida ordutegia ere ezohikoa zen, igande bateko 21:30ak, beranduegi aukeran. Partida hasi baino ordu erdi lehenago normalean baino
mugimendu gutxiago zegoen Anoetako kanpoaldean, eta harmailak erdi hutsik
geratzeko arriskua zegoen. Osagai guzti horiek nahastuta edozer atera zitekeen
nahasketatik, zerbait ona edo zerbait txarra.
Azkenean, aste zalapartatsuenak partida lasaiena izan zuen. Ordu erdi iraun
zuen partidak, eta azken 30 minutuak soberan egon ziren. Agirretxek 6. minutuan
sartu zuen gola, Estradaren erdiraketa on bati esker. Zorte apur bat izan zuen
usurbildarrak Arribas atzelaria
irristatu egin zelako. 30. minutuan Zurutuzak buruz bigarren gola sartu zuenean
akabatu zen Rayoren itxaropena. Ekaitza eta barealdia. Burua makurtu zuten eta
bigarren zatirako gorde zituzten
indarrak. Baina indartsuen Reala atera zen bigarren 45 minutuetan. Barealdiaren
ondoren, tsunamia iritsi zen, eta bi minututan bi gol sartu zituzten
txuri-urdinek; Griezmannek lehenbizi eta Velak segidan. Eta, tsunamiarekin,
olatua, zaleak olatuarena egiten hasi zirelako, pozarren. Hor behin-betiko hil
zen partida.
Egiari zor, 4-0 irabazi arren, Reala
ez zen Rayo baino askoz gehiago izan.
Rayok ausart ekin zion partidari, eta
hiru puntuen bila joan zen
uneoro. %61eko baloi jabetza aurkariaren
asmoen erakusle garbia da. Movilla jaun
eta jabe izan zen zelai erdian eta
Michuk eta Diego Costak beldurra sartu zuten harmailetan hainbat aukerekin.
Lehen hiru minututan bi aukera garbi izan zituzten, baina ez zuten asmatu. Erasoan huts egindakoa, atzealdeko hutsekin
ordaindu zuten. Defentsa ahul baten gatibu izan ziren. Sandovalek Diakate jarri
zuen hasieratik, eta hark ez zuen behar bezalako maila erakutsi.
Partida berezi eta garrantzitsua izan zen Realarentzat. Asko zuten
erakusteko aurreko asteko jipoiaren ondoren. Bravok estreinekoz jokatu zuen
kapitain bezala, eta Juan Gomez
handiaren ondoren, Realeko kapitain gisa jokatzen duen bigarren atzerritarra da. Partida eta
bigarren zatia hasi aurretik, zelai erdian jokalari guztiak elkartu zituen
harengatzeko. Montanierrek epelak entzun ditu, eta ia zale guztiek bere
dimisioa eskatu dute, nekatuta baitaude entrenatzailearen hainbat erabakiekin.
Jokalariak, baina, Montanierren alde daude, eta hainbat detaile izan zituzten haren
laguntza eskertzeko. Griezmannek eta Velak gola sartu zutenean korrika bizian
joan ziren entrenatzailearengana hari besarkada bero bat emateko. Detaile
polita.
Sandoval, Rayoko entrenatzaileak ere xehetasun politak izan zituen.
4-0ekoarekin Labaka Realeko jokalari ohia jarri zuen beroketak egiten,
Azpeitikoak harmailetako beroa jaso zezan.
Ordurako Tamudo ere beroketa lanak egiten ari ziren. Dena den, Rayok
dagoeneko bi aldaketa egin zituen, eta bietako batek joka zezakeen bakarrik.
Labakak jokatu ez arren, gutxienez, zaleen eskerra jaso zuen. Tamudo txalo
artean zelairatu zen gero.
Partida amaitua zegoela ikusita, Montanierrek minutuak eman zizkien Pardori
eta Llorenteri. Ordu laurdena izan zuten
bi jokalariek. Ez zen aski izan, eta agian, lehenago egin behar zituen
aldaketak. Dena den ez zen gehiegi
jokatu azken hogeita hamar minutuetan. Hasieran, Rayok defentsa
aurreratuarekin berdinketa bilatu zuen,
baina laugarren golaren ondoren, metro batzuk atzerago defendatzen hasi
zen. Tsunamiarekin sarraskia egon
zitekeen, eta gol festa handiagoa
etorri, baina sarraskia lesio moduan
iritsi zen. Iñigo Martinez min hartuta atera zen zelaitik, eta azterketa medikuek adierazi beharko dute zenbaterainoko
lesioa duen. Dena den, kezkagarria izan daiteke. Hurrengo astean Demidovek eta
Ansotegik jokatu beharko dute hasieratik. Minutu gutxi izan dituzten bi jokalarik.
Ikuskizuna zelaian ez zegoenez, harmailetara pasa zen festa. Gonbidatu
bereziekin eta guzti. Rayoko zale ugari
etorri ziren Anoetara, eta taldea hauspotzen ibili ziren 90 minutuak.
Lau golez atzetik egon arren, “Badago lortzea” eta antzekoak abestu zituzten.
Aitor Zabaleta gogoan izan zuten eta behin baino gehiagotan jaso zuten zaleen
arreta eta txaloak. Bikain aritu ziren, errespetu guztiz. Hamarrekoa haientzat.
Nire aldetik, chapeau. Beste f ondoa hutsik egon zen. Mujika taldeak
protesta egin zuen Getafeko partidako gertaerak salatzeko. Isun gogorra jarri
diote Mujikako 39 jarraitzaileri, eta
bi urtez ezingo dute futbol zelai batean sartu.
Atzoko garaipenarekin 36 puntu ditu taldeak. Jaitsiera postuak 8
puntura daude, Zaragozak markatzen du
muga, eta hurrengo astean Bartzelona hartuko dute, beraz, 8 puntuko langak hor
jarraituko du bi astez bederen. Realak
Bartzelonara bidaiatuko du, Espanyolen etxean, Cornellan, jokatzeko. Ez da
partida erraza izango, baina atzoko itxura emanez gero, aukerak izango
dituzte Donostiako txuri-urdinek. Nahi dutenean, badakite futbolean jokatzen.
Partidako onenak:
3.- Imanol Agirretxe: Golak eta asistentziak. Partida borobila egin zuen
Usurbilgoak. Buruz ia baloi guztiak
eraman zituen, eta uneoro zirikatu zituen atzelariak. Bikain.
2.- Asier Illarramendi: Movilla eta
Michu bezalako jokalariak aurrean
izan arren, ez zen koldartu. Defentsan fin, eta erasoan pase garrantzitsuak ematen. Harribitxia da Mutrikuko gaztea.
1.-
Dani Estrada: Jokalari askori eman diezazkioket puntuak
gaurkoan, horregatik ematen diot
puntu hau Estradari. Partida
kaskarra egin zuen Levanteren aurka, eta bosgarren txartel horia ikusi zuen.
Madrilen ez zen egon, beraz, eta atzokoa zen bere itzulera. Maila ona eman
zuen, eta lehenengo goleko pasea. Ondo.
No hay comentarios:
Publicar un comentario