martes, 10 de abril de 2012

LASAITASUNAREN IZENEAN


Egutegian gorriz markatutako partidetako bat du Realak Betisen aurka (20:00). Ez da distira ematen duen garaipen horietako bat, nazioarteko prentsan oihartzuna lortzekoa. Ez, ez da prestigioduna, baina haiek baino garrantzi gehiago du ia. Sailkapenean puntu bat gehiago du Betisek, eta Anoetan garaile ateratzen den taldeak, matematikoki ez bada ere, salbazioa lortuko du liga amaitu baina sei jardunaldi lehenago.

Larunbateko berdinketaz sakon hausnartzeko aukerarik gabe dator Betisen aurkako partida. Hiru egun pasa dira, eta bi taldeek elkar ikusi behar dute. Realak bina berdindu zuen Espanyolen etxean, eta andaluziarrek 3-1 irabazi zioten Vila-reali, etxean. Esan bezala, antzeko puntuekin datoz bi taldeak, eta irabazten duenak lasaitasun osoz biziko du liga amaiera. Jakin badakite biek eskura dutela erronka, baina, deskuidatuz gero ataka estu batean amaitu dezaketela. Hobe, beraz, etxeko lanak ahalik eta azkarren amaitzea,  salbazioaren izenean.

Partida irekia izango da, bi taldeek erasoko futbolean aritzea gogoko dutelako. Joaneko partidaren antzekoa bada, gol festa egongo da Anoetan. Espanyolen aurka bezala, 0-2 jarri ziren aurretik txuri-urdinak Agirretxek eta Velak sartutako golei esker, baina bost minututan berdindu zuen Betisek. Norgehiagoka berdinduta amaituko zela zirudienean, luzapenean, Iñigo Martinezek zelai erditik sartu zuen gola.

Larunbatekoaren aurrean, aldaketak egin beharko ditu Montanierrek. Bravok bi txartel hori ikusi zituen ulertzeko zaila den erabaki bategatik. Botilakada bat jaso zuela kexu, lehen txartel horia erakutsi zion Muñiz Fernandezek, denbora galtzen ari zelakoan. Partida amaitu zenean berriz kexatu zen atezaina, baina errespetu osoz, imintzio edo irainik bota gabe. Realari oso erraz ateratzen dizkiote txartelak. Bi txartelen aurkako helegitea jarri du taldeak, eta hura onartuz gero hamaikakoan izango da txiletarra. Nolanahi ere, entrenatzaileak badaezpada hiru atezainak deitu ditu, eta Bravok zigortuta jarraitzen badu, Zubikaraik jokatuko du. Ondarrutarrak estreinako aldiz jokatuko luke Lehenengo Mailan.

Atekoa ez da aldaketa bakarra izango, defentsan ere mugimenduak egongo direlako. Demidovek min hartu zuen Espanyolen aurka, eta ez da guztiz osatu izterreko gainkarga batetik. Haren lekua Mikel Gonzalezek hartu beharko luke ondo bidean, guztiz osatu dela dirudielako. Dena den, ez dago argi 90 minutuak jokatzeko moduan egongo den, eta baliteke Cadamurok jokatzea Ansotegiren ondoan. Haiekin batera, Estradak eta De la Bellak jokatuko dute hegaletan.

Montanierrek ohiko erabakiekin jarraitzen badu, Agirretxek bere lekua berreskuratuko luke Griezmannen, Prietoren edo Velaren kaltetan. Erokeria litzateke mexikarra kanpoan uztea, esne-mamitan baitabil azkenaldian. Beraz, beste bietako bat geratuko da kanpoan. Zelai erdian Elustondok, Aranburuk eta Zurutuzak jarraitu beharko lukete, eta Illarramendik bigarren zatian jokatu. Ziurrenik Mutrikukoa da lauetan onena, baina ez da komeni arriskatzea lesio batetik atera den jokalari batekin. Pardo, gaixorik, deialditik kanpo geratu da.

Atzera begira, Reala gaizki moldatu da aste berean hiru partida jokatu dituen astetan. Espanyolen aurka berdindu ondoren, nekea pilatuta badago, aldaketak egin ditzake Montanierrek, taldea astean bizpahiru partida jokatzera ohituta ez dagoelakoan. Horrelako bolada eteteko aukera aproposa du, Betis ez delako Reala baino gehiago.

Betis, ‘jogo bonito’-a eta futbol ausarta

Aurtengoa ez da Betisek espero zuen denboraldia izan. Sevillarrak ez ziren ohiko talde igo berria. Ekonomikoki indartsuak, Lehen Mailan sendotzea eta Europara sailkatzeko asmoa zuten. Aurreikuspen horiek soberan bete zituzten lehenengo partidetan, lehen lau partidak irabazita. Betis lider zen orduan, eta laudorio ugari jaso zituen Pepe Melek, emaitzengatik eta jokoagatik. Halere, indarra galdu zuen taldeak segituan, eta kolpez sei partida jarraian galdu zituen. Lider izatetik 12. postura. Betisek alai eta ausart jokatu bai, baina hondoratzear den itsasontzi batek baino zulo gehiago zituen defentsak.

Melek arriskuan ikusi zuen bere lana. Apurka, norabidea bideratzeko gai izan zen, baina Betisek ez du distirarik egin. Partida ederrak saio negargarriekin tartekatu ditu. Andaluziarrek oso jokalari onak dituzte zelai erditik aurrera, eta atzelariek kontuz ibili beharko dute Ruben Castro, Roque Santa Cruz eta enparauekin. Kanariarrak 12 gol sartu ditu jada. Zelai erdian Beñatek darama aginte makila Iriney eta Salva Sevilla ezkutari finak ondoan dituela. Azken jardunalditan deialditik kanpo egon ondoren itzuli da Iriney deialdira.

Baina erasoan arriskutsuak diren heinean, atzealdean dituzte arazoak. 44 gol jaso dituzte —Realak baino hiru gutxiago—, eta erraztasun asko eman dituzte. Castok titular gisa hasi zuen liga, baina, azkenaldian Fabriciok jokatzen du. Nelson hego atzelaria min hartuta deialditik kanpo geratu da, eta Chicak jokatuko du hasieratik. Bi hilabete daramatza minuturik izan gabe, eta, ziur nabarituko duela sasoi falta. Velak edo Griezmannek min handia egin dezakete ezker hegaletik. Neguko salerosketa merkatuan etorri zen Paulao eta Dorado ez dira oso abilak, eta asko sufritu dezakete aurrelari txuri-urdinek asmatuz gero. Ezker hegalean Realeko zaleentzat ezaguna den jokalari batek jokatzen du: Nachok. Bigarren Mailako lehen urtean etorri zen, Iñaki Badiolaren eskutik, ezker hegaleko aurrelari gisa jokatzeko. Ez zuen gehiegi jokatu Anoetan, eta denborarekin atzelari gisa amaitu du. Erasora igotzeko ohitura du, eta Xabi Prieto edo Vela bezalako jokalari batekin oso gaizki pasa dezake.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai, Ramírez; Dani Estrada, Carlos Martinez, Ansotegi, Mikel Gonzalez, Cadamuro, De la Bella; Xabi Prieto, Aranburu, Zurutuza, Elustondo, Illarramendi, Griezmann; Agirretxe, Vela, Llorente eta Ifran

Betis: Fabricio, Casto; Nacho, Chica, Juanma, Dorado, Amaya, Paulao; Beñat, Iriney, Cañas, Matilla, Salva Sevilla, Jefferson Montero; Pereira, Santa Cruz, Molina eta Ruben Castro

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS