Trumoi hotsen eta ekaitzaren iragarle izan ohi da tximista. Zerua
koloreztatzen denean bat prest dago burrunba bat entzuteko. Bada, oraingoan,
trumoi hotsak eta ekaitza Rayo-aren aurretik etorri dira. Oihartzun
ozena izan du Realeko hainbat jokalarik Real Madrilen aurka jokatu ondoren
diskoteka batean emandako ikuskizuna. Zelaiko tristura algara bihurtu zuten Gabana izeneko
dantzalekuan. Horrek, noski, zaleen haserrea eragin du, eta aste zaila bihurtu
da. Hainbeste harrotu dira hautsak, non Philippe Montanier
entrenatzaileak eta Mikel Aranburu
kapitainak prentsaurrekoa eman behar izan
duten urak baretzeko. Futbolaz gutxi hitz egin da, beraz, asteon, baina
komeni da aurkaria begiratzea, eta
igandeko partida oso zaila eta garrantzitsua dela konturatzea. Realak Rayo
hartuko du Anoetan (21:30; C+L2), eta galduz gero komeriak etor daitezke.
Hiru porrot jarraian daramatzate
txuri-urdinek, eta laugarrena galtzea kezkagarria litzateke. Rayok ez
ditu gauzak erraz jarriko gainera. Anoeta gotorleku bihurtu du Realak bigarren
itzulian hiru partida jarraian irabazita, baina Levantek astean zehar zelaia
setiatu eta behera bota zuen. Sugarretan dago Anoeta, zaleak bero daudelako,
eta jokalariak harrera lehor baten beldur direlako, eta sugarretatik sua atera
nahi du Rayok, horretarako gai direlako.
Berri onak ere badira, eta Montanierrek ia jokalari guztiak izango ditu
jokatzeko moduan. Hilabetez min hartuta ibili ondoren, Carlos Martinez guztiz
osatu da, eta txartel horia eta gorria ikusi zuten Estrada eta Elustondo ere
itzuli dira. Lodosakoa hala ere deialditik kanpo geratu da erritmoa hartu arte.
Mikel Gonzalez ere deialditik kanpo dago, min hartuta bi astez. Jokalari
gehienak osatuta, norbaitek geratu behar zuen kanpoan, eta eta Ifrani tokatu
zaio gaitza. Egoera zaila bizi du
uruguaiarrak, baina egia da ere harritzekoa zela entrenatzaileak azkenaldian
lau aurrelari deitzeko zuen ohitura. Beti bakarrak jokatuta, hiru aurrelari
aulkian ikustea nahiko arraroa izaten zen.
Mikel Gonzalezen lesioak hamaikakoan aldaketak egitera behartuko du
Montanier. Atzean lauko lerrora itzuliko da frantziarra, eta arrasatearraren
lekua Demidovek hartuko du Iñigo
Martinezen ondoan. Estrada eskuin hegalean egongo da, eta De la Bella edo
Cadamurok jokatuko dute ezkerrean. Ziurrenik, bigarrenak, Real Madrilen aurrean
itxura kaskarra eman zuen arren. Vela hamaikakora itzultzea espero da, bera baita sasoi onenean dabilen
txuri-urdina. Anoetan denez, Agirretxe izango da taldeko aurrelaria, eta Xabi Prietok
edo Griezmannek jokatuko dute hasieratik. Donostiarra sasoi onean dabil, Liga
nahiko gaizki hasi ondoren, eta Maçonekoa ez dabil bere onenean egia esan. Zelai erdian aukera ugari
ditu Montanierrek, eta hipotesi ugari daude. Elustondo euskarrira itzuli
daiteke Illarramendirekin, Zurutuza ia punta erdi lanetan lagata. Pardo gaztea
beste behin sartu du deialdian, eta zaleek errioxarrarentzako minutuak eskatzen
jarraituko dute.
Aste osoan partida honi buruz gutxiegi hitz egin den arren, izugarrizko garrantzia
du. Jaitsiera postuak urruti samar daude, zortzi puntura, baina hor murgilduta
dauden taldeak esnatzen hasi dira, Zaragoza kasu, eta komeni da 43 puntuko
langara lehenbailehen iristea. Jardunaldi
honetan elkar jokatu dute Sportingek eta Zaragozak eta Granadak eta Racingek. Horrek bi gauza esan nahi ditu,
basoa erdi hutsik ikusiz gero, bi talde gerturatuko direla, erdi beteta ikusiz
gero, berriz, bi talde esku hutsik geratu direla. Liga bere amaierara iristen
ari da, eta dibertigarria ez den arren, hobe azken partidak lasaitasunez
bizitzea Europara ailegatzerik gabe, baina jaitsiera postuetatik urrun.
Jarraian galdutako hiru partidek mina egin dute, baina suspertzeko denbora dago
oraindik. Horretarako Rayo gelditu eta ekaitzaren ondorengo barealdia bilatu
behar da.
Rayo, bi txuri-urdin ohiekin
Zale txuri-urdinek ederki ezagutzen dituzten
bi jokalari ditu Rayok: Mikel Labaka eta Raul Tamudo. Haurra zenetik ibili da
Labaka Realean, baina aukerarik izango ez zuenez, Montanierrek joatea aholkatu
zion. Tamudori, berriz, ez zioten kontratua luzatu iaz, eta Rayon minutuak izan
eta golak sartzen ari da. Urteak betetzen jarraitu arren, kataluniarrak ez du
berezkoa duen gol sena galdu. Kontuz
ibili beharko dute atzelariek. Ziur
berezia izango dela partida bientzat. Labakak ez du gehiegi jokatu, baina
azkenaldian minutu gehiago izaten ari da.
Baina Rayo ez da Labaka eta Tamudo
bakarrik. Rayo, talde umila, langilea eta borrokalaria urteko ezusteko
handienetakoa da. Isil isilik eta Bigarren mailatik igo berri, gauza handiak
lortzen ari da. Zaleen eta berripaperen ikusmira lortu dute. Joko polita,
oldarkorra eta erasokoa egiten dute.
Sandoval entrenatzaileak laudorio ugari jaso ditu. Guztien gainetik jokalari
bat nabarmendu da: Michu. Celtatik fitxatua, estreinekoz ari da Lehen Mailan, eta bizi erdia han daramala dirudi.
Jokalari teknikoa, altua eta bizia. Punta erdian ederki mugitzen da eta gol
ugari sartu ditu. Batek baino gehiagok Espainiako selekzioan aukera beharko
lukeela esan dute. Beraz, gertutik jarraitu beharko diote. Arribas atzelariak,
Lass hegaleko jokalariak, Movila beteranoak eta Trashorrasek ere oso ondo
jokatzen ari dira.
Neguko merkatuan ondo mugitu da gainera Rayo. Arazo ekonomiko franko ditu
Vallecaseko taldeak, eta gainera jokalari batek baino gehiagok min hartu zuen
neguan. Horregatik, fitxaketak egin zituzten; Joel atezaina eta Diego Costa,
biak Atletico Madrilek utzita, eta, hara, atezaina ondo dabil, eta aurrelaria
golak eta golak sartzen.
Rayo Ligako laugarren talde onena da etxetik kanpo, Bartzelona, Real Madril
eta Valentziaren atzetik. Bada zerbait. Talde arriskutsua izango da zinez. Dena
dela, luze egiten ari zaio denboraldia Rayori, eta Realaren antzeko egoera
batean dago; hori bai, lau puntu gehiagorekin. Europarekin amets egitera iritsi
zen Madrilgo taldea, baina urrunegi dute orain. Halere, Anoetatik hiru
puntuekin itzultzen saiatuko dira.
Deialdiak:
Reala: Bravo, Zubikarai; Estrada, Ansotegi,
Demidov, Iñigo Martinez, Cadamuro, De la Bella; Prieto, Illarramendi,
Elustondo, Aranburu, Pardo, Zurutuza,
Griezmann; Vela, Agirretxe eta Llorente
Rayo: Cobeño, Joel; Tito, Javi Fuego, Arribas, Casado, Labaka;
Armenteros, Movila, Diamanka,
Trashorras, Michu, Sueliton, Lass; Diego Costa,
Piti, Pacheco eta Tamudo
No hay comentarios:
Publicar un comentario