viernes, 5 de octubre de 2012

“BEHINGOZ” IZANGO AL DA “ORAIN”?


Desorekatua da oso Realaren aurtengo denboraldia. Gaur gora, bihar behera. Errusiar mendian bezala. Batzuetan goibel, astebete geroago pozarren. Esaera zaharra bezala, etxean otso da Reala, hiru partidatik hiru irabazi ditu, tartean oso maila ona emanda, gainera. Kalean, kanpoko partidetan, berriz, uso da, arkume beldurtua, eta jokatutako dena galdu du.

Lotsagarri gelditzeraino. Hala eta guztiz ere, Europako Ligatik puntu bakarrera daude txuri-urdinak, lehen hamar taldeen artean. Etxetik kanpo irabaztea lortzen badu, gora begira jarriko da behingoz, eta aspaldiko mamuak uxatuko ditu.

Betis, gainera, talde aproposa izan daiteke. Ez talde txarra delako, ez baita horrela; baina txuri-urdinak iaz andaluziarren etxean irabazteko gai izan ziren. Aurten bezala, derbiaren ondoren jokatu zen partida hura, baina Realak 1-2 galdu zuen orduan zuri-gorrien aurka. Aldarte erabat desberdinarekin iritsi ziren jokalariak Benito Villamarinera. Lehen zati bikaina jokatu zuten txuri-urdinek, Velak bereziki, eta bi goleko abantaila hartu zuten. Montanierri, baina, beldurra sartu zitzaion, defentsa sendotzeko aldaketak egin zituen bigarren zatian, eta bere lepoa urkatzeko zorian egon zen. Bost minututan, Betisek partida berdindu zuen, luzapena baino apur bat lehenago. Hirugarrena sartzeko zorian ere egon ziren. Epailea partidaren amaiera adieraztear zela, Iñigo Martinezek zelai erditik sekulako zartakoa eman, eta Montanierrek arnasa hartu zuen. Gol horrek frantziarrak taldean jarraitzea bermatu zuen.

Reala, etxean etxeko lanak eginda doa oraingoan Sevillara. Etxean 9 puntu pilatu ditu, bere baliabide onenak ustiatuta. Baina etxetik kanpo beti bezain kamuts jarraitzen du. Jokalariek, entrenatzaileak, presidenteak eta zaleek; guztiek, mezu bera errepikatu zuten Levanteren eta Mallorcaren aurkako partidan -ahaztu dezagun Bartzelonaren aurkakoa: “Ea behingoz irabazten dugun”. Behingoz, urtarrila urrunegi baitago. Behingoz hori, dena den, ez da “orain” bihurtu. Amaiera bereko filma ikustera ohitu dira zaleak. Trama interesgarria, akzioz beteriko lehen zati bat, golak eta momentu onekin. Film erditik aurrera, akziozko izatetik beldurrezko izatera igarotzen da, ezusteko eta momentu txarrez beteta. Eta bat-batean, amaiera, ikusita dagoen zerbait, drama, negarra.

Betisen aurka joera iraultzeko derbiko antzeko deialdia egin du Montanierrek. Agirretxek aldakan zuntz haustura bat duela, atseden hartuko du, eta baliteke bi aste barru Atletico Madrilen aurka jokatzeko moduan ez egotea gainera. Ifranek ordezkatuko du deialdian -baina ez hamaikakoan. Elustondo ere senda agiria jaso gabe dago oraindik, eta Pardo osatu den arren, jokatzeko moduan ez dagoela erabaki du entrenatzaileak. Carlos Martinezek beste behin ere etxetik jarraitu beharko du partida.

Velak ditu Agirretxeren hutsunea betetzeko aukera gehien. Aulkitik hasi zuen derbia, eta hamaikakoan jokatzeko moduan dagoela erakutsi nahiko du mexikarrak. Bi gol daramatza, biak penaltiz, beraz, geldikako jokaldiez gain golak sartzeko moduan dagoela erakutsi nahiko du. Griezmann esne-mamitan dago, pozik, beste jokalari guztiak baino puntu bat gorago. Betiseko defentsak erotuko ditu azken partidetan bezala jokatzen badu.

Derbiaren ostean, jokalari bat nabarmendu zuten hedabide guztiek beste jokalarien gainetik: Asier Illarramendi. Mutrikuarrak orain arte baino metro batzuk beherago jokatu zuen, eta erakustaldia eman zuen. Ikusteke dago non jarriko duen Montanierrek oraingoan: Markel baino aurrerago edo bere parean. Illarramendik atzerago jokatu nahi du, entrenatzailea ez dago guztiz ziur, baina bere errendimenduak argi utzi du non jokatu behar duen.

Aurkarien aldetik, berritasun nagusia atean egongo da. Castok txartel gorria ikusi zuen azken partidan eta ezingo du jokatu. Fabriciok ordezkatuko du. Garaipen gosez zelaraituko dira andaluziarrak, jipoi gogorra jaso baitzuten pasa den astean Malagaren aurkako derbian. Castoren txartel gorriak baldintzatu zuen partida, baina 4-0ekoa oso mingarria izan zen. Zaleen babesarekin laugarren garaipena bilatuko dute.

Ez da partida erraza izango. Betisek Realaren puntu berak ditu, 9, eta joko ona eginda irabazi dituzte orain arteko partidak Pepe Melen mutilek. Derbiko gakoetako bat zelai erdia menderatzea izan zen, baina, hori da Betisen indar gune nagusia. Beñat da taldeko kapitaina, baloiaren jaun eta jabea. Bere inguruan mugitzen da Betis. Bizkaitarra ere joko bolada paregabean dago, eta Espainiako selekzioan jokatzeko deitu dute berriro. Baloia eduki zalea da Betis, eta jabetza edukita erasoan oldartzen dira. Kontraerasoan sufritzen dute gehien, eta hori balia dezakete txuri-urdinek. Jokalari azkarrak ditu Realak erasoan (Vela, Griezmann, Ifran...), eta min handia egin dezakete.

Oraindik goiz den arren, mugarria izan daiteke Betisen aurkako partida. Irabaziz gero, etxetik kanpoko mamua uxatuko lukete jokalariek, eta jardunaldia Europako postuetan amaitzeko aukera handia litzateke. 12 punturekin, goraka begira jarriko ziren jokalariak, lehian sartuta. Europa ez da helburua, ezta gutxiago ere, baina lehian egoteak izan behar luke helburu, eta ez kostata eta sufrituta salbatu. Aldarte ona positiboa izango zen, Atletico Madrilen aurka ahalik eta emaitza ona lortzeko. Galduz gero, noski, ez da munduaren akabera izango, ezta gutxiago ere. “Behingoz” “oraindik” ez dela erakutsiko luke, eta etxetik kanpo irabazi ezinik jarraituko luke taldeak. Athleticen aurka irabazi ondorengo poza desagertuko litzateke, baina ez da puntu premiarik egonen. Dena den, hobe irabaztea, eta etxera pozik itzultzea.


Deialdia:

Reala:  Zubikarai, Royo; Estrada, Cadamuro, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella, Jose Angel; Markel, Illarra, Zurutuza, Ros; Xabi Prieto, Vela, Ifran, Chory eta Griezmann.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS