Historiako orrialde beltzenak izkiriatzen jarraitzen du Realak. 24 urteko madarikazioa 25era pasatzeko lehen pausoa eman zuen Nuevo Arcangel zelaian, Kordobaren aurka 2-0 galdu ondoren. Lehen minututik azkenera arte itxura kaskarra eman, eta merezitako porrota jaso zuten txuri-urdinek. Orain, balentria egiten saiatuko dira hilabete bukaeran Anoetan. Hiru gol sartu beharko dituzte horretarako, eta bat bera ere jaso. Lor daiteke balentria, baina lehen zauria hor dago, eta sutan dira zaleak.
Hamaikakoan hasieratik jokatu ohi duten jokalari batzuk min hartuta zituen Montanierrek, edo guztiz osatu gabe. Horrez gain, Kopa ohikoak ez diren jokalariak ipintzeko erabiltzen dute entrenatzaileek orokorrean. Dena dela, hamaikako duina atera zuen entrenatzaileak. Teorian. Zaleek aspalditik eskatzen dituen jokalari askok jokatu zuten hasieratik. Jose Angel ezker hegalean jarri zuen, baina atzelari gisa, berak behin eta berriz eskatu duen bezala. Ifranek ere hasieratik jokatu zuen, eta Agirretxeri itzala egiteko prest dagoela erakusten saiatu zen uruguairra. Aldaketa nabarmenena zelai erdian etorri zen. Illarramendik, Pardok eta Rosek elkarrekin jokatu zuten, zaleek internet bidez hamaika aldiz eskatutako hirukotea. Haiez gain, Ansotegik, Chory Castrok eta Prietok minutuak izan zituzten, azken partidetan ordezko izan ondoren. Mikel Gonzalezek, Estradak eta Zubikaraik bete zuten hamaikakoa. Partida hasi baino hiru ordu lehenago jakinarazi zuen Realak deialdia, eta harridura eragin zuen Hervias harrobiko jokalaria kanpoan gelditu izanak. Donostiatik Kordobara bidaiatu ondoren, askok ez zuten entrenatzailearen erabakia ulertu. Bere arrazoiak izango zituen frantziarrak, baina ez zen oso erabaki diplomatikoa izan. Fuchs deialdian sartu zuen, baina ez zuen minuturik jokatu.
Hamaikakoa ikusita, Realeko zelai erdia zelan moldatuko zen ikusteko interes handia zegoen. Esperantza handia dago Illarramendi eta Pardorengan, eta biak elkarrekin ikusteko irrikan zeuden zaleak. Horrez gain, batek baino gehiagok pentsatzen du Rosek minutu gehiago merezi dituela, eta Markel eta Elustondo baino hobea dela. Aukera ezin hobea zeukaten Kordoban jokatu zuten jokalariek. Baina ez zuten baliatu. Irrati esatarien arabera, zelai erdian galdu zuen partida Realak. Desagertuta aritu ziren hiru jokalariak. Kalitate handiko hiru jokalari dira, baina baloirik gabe galduta aritu ei ziren. Beti ere irratitik entzundakoaren arabera, Illarramendik partida grisa egin zuen, Ros alde batetik bestera korrika zebilen baina zentzu handirik gabe, eta Pardo, bere mailaren printza batzuk erakutsi zuen arren, beste bien parean ibili zen. Errioxako gaztetxoa falta jaurtiketa baten bidez gol bat sartzear egon zen 25. minutuan, baina Gaizka Saizarrek ederki erantzun zuen. Bi minutu geroago pase bikaina eman zion Ifrani, baina uruguaiarrak huts egin zuen atezainaren aurrean.
20. minututik 30.erako tartean esnatzen saiatu zen Reala, etxekoen hasierako bultzada epelduko zuela zirudien, eta maila altuago batean jokatzen duela erakutsiko zuela. Baina, asmo hutsalean gelditu zen dena. Interes handia piztu du Kopak Kordoban. 16.700 ikuslek bete zituzten harmailak –18.280ko edukiera du—, eta taldea lehen minututik hauspotu zuten. Atzelarien huts baten ondoren, 5. minutuan lehen gola sartzear egon zen Patiño, baina Zubikaraik sekulako gelditua egin zuen. Lehen jokaldi hori partida osoaren isla izan zen: Realeko jokalariak pattal, huts egiten eta ia gogorik gabe; Kordoba lehiatsu, irabazi desiratzen. 10. minuturako bigarren aukera garbia eduki zuten etxekoek.
Ordurako, etor zitekeenerako prest zeuden zaleak. Fede Vico eta Patiñoren izenak etengabe entzuten ari ziren. Hegaletik min handia egiten ari zen Vico, eta ez zirudien jokalariek hura nola gelditu zekitenik. 42. minutuan Mikel Gonzalez erasora animatu zen, baina baloia galdu zuen. Kordobak azkar jokatu zuen, eta Vicori iritsi zitzaion baloia ezker hegalean. Izkin egin eta eskuinez errematatzen saiatu zen, ezkerra izan arren. Area barnean Patiñok boleaz jo eta Zubikarai engainatu zuen. Atsedenaldira 0-0ekoarekin iristea markagailu ona zen, lehen zatia nola zihoan ikusita, baina ezinezkoa izan zen.
Bigarren zatian lehiatsuago izateko asmoarekin atera ziren txuri-urdinak. Asmoarekin, ez gehiagorekin. Bigarren zatia lehenengoaren antzekoa izan zen. Kordoba jaun eta jabe izan zen, eta hankapean ibili zituen jokalari txuri-urdinak. Arrisku gehiegirik egin gabe, baina Realaren zelai erdian jokatzen zen partida. Donostiarrek ahal zuten eran defendatzen zuten, baina ez zegoen Prieto, Chory eta Ifranen berririk. Prietoren izena ez zen behin ere entzun irratian. Susto handiren bat ere egon zen, atezainak min hartu zuela baitzirudien. Badaezpada ere, Royo beroketa lanak egiten hasi zen. Zelai erdia nola zegoen ikusita, Ilarramendi kendu eta Markel sartu zuen, kontrola berreskuratzeko. Galtzen joan arren, teorikoki aldaketa defentsiboa egin zuen, zelai erdian oreka bilatze aldera. Geroago, Pardo kendu eta Vela sartu zuen.
Baina gidoia ez zen aldatu. Dubarbierrek, Vicok eta Patiñok min egiten jarraitu zuten. Lopez Garaik Realaren saiakera guztiak antzu bihurtu zituen. Berdinketak urrun zirudien, eta bigarren gola askoz gertuago zegoen. 75. minutuan Ansotegik penalti garbia egin zuen. Areatik kanpo heldu zuen Vico, baina epaileak abantaila adierazi zuen, harik eta area barnean erori zen arte. Rennella italiarrak ez zuen huts egin eta bigarrena sartu zuen. Ilun jarri zen partida txuri-urdinentzat. Dena den, gol batek guztia irauli zezakeen. Anoetara 2-1ekoaren joatea oso emaitza ona baitzen. Kordoba, horren jakitun, denbora galtzen hasi zen. Etxekoentzat garrantzitsua zen golik jaso gabe amaitzea. Choryk aukera bat izan zuen, baina Saizar fin ibili zen.
Hilabete amaieran balentria egiten saiatuko da Reala. Kordobaren aurka irrigarri geratu ondoren, zaleen aurrean ondo gelditzen saiatuko da. Oso zaila izango da, Kordoba abantaila eustera joango baita Anoetara, eta gol bat sartzen badu, Realak lau sartu beharko dituelako. Estatistikak ere Realaren aurka daude. Txuri-urdinek ez dute inoiz 2-0 hasi zen kanporaketa bat irauli, eta Kordobak azken bi urtetan etxean golik jaso ez duenean aurrera egin du. Racingek eta Betisek ederki dakite hori. Kopan ere etxetik kanpo irabazi gabe jarraitzen du Realak, eta lau partidan jarraian daramatza irabazi gabe. Betis, Atletico Madril eta Kordobaren aurka galdu egin du. Ez dira garai onak Donostia aldean. Baliteke egun hauetan lotsagarritu, eta igandean 12:00etan erakustaldia ematea, Rayo Vallecanoren aurka. Iaz hala gertatu zen, Real Madrilen aurkako partida famatu horren harira. Baina, oraingoz, orrialde ilunak idazten jarraitzen du taldeak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario