domingo, 10 de febrero de 2013

USOA, OTSOA ETA ARDI LARRUA

Futbolaz gutxi hitz egin den aste baten ondoren, txipa aldatu eta kirolari buruz hitz egiteko garaia iritsi da, izan ere Realak eta Zaragozak elkarren aurka jokatuko dute bihar, Romaredan (17:00; www.gipuzkoasport.com). Partida zaila baina garrantzitsua Europako ametsa egonkortzen jarraitzeko. Puntu bakarrera dago Europa eta hirura Txapeldunen Liga. Donostiarrek emaitza ona ateratzen badute, Europako postuetan amai dezakete jardunaldia. Gainera, etxean uso dabil aurkaria. Hamar puntu soilik eskuratu dituzte aragoarrek, Ligako talde txarrena bihurtuta. Reala, berriz, normalean baino otsoago dabil, bederatzi puntu eskuratuta Anoetatik urrun. Ez da berebiziko emaitza, baina aurreko urteetakoa baina nabarmen hobeagoa, batez ere emandako itxuragatik. Dena den, jokalariek, inauteri egun hauetan, ardi larrua gainetik jarri dute, badaezpada. Izan ere, Zaragozan emaitza txarrak eskuratu dituzte azkenaldian txuri-urdinek.

Aste nahasi baten ondoren, futbolaz hitz egiteko desiratzen daude jokalari eta zaleak. Iñaki Badiola presidente ohiak hautsak harrotu ditu, dopaketa salaketak komunikabide nagusietan lau haizetara aireratuta. Ez da beste gairik izan hizpide, eta Eufemiano Fuentes kirol medikuaren epaiketaren hariari lotu du Reala. Ezaguna da presidente ohiak Astiazarenen aurka duen afera, baita bere megalomania zoroan hedabideen aurrean agertzeko duen grina. Tamalez, bere probetxurako edozer zapaltzeko gai da, eta oraingoan Reala —bere talde kutuna— lokatzez zikindu du.

Baina utz ditzagun gai ilunak estolderietan, futbola hamaika jokalarik elkarren aurka jokatzen duten kirola da, ez pertsonai batzuen handinahikeria. Mallorcaren aurka garaipen garrantzitsua lortu ondoren, bide onetik jarraitzen du Realak, apurka Europara hurbilduz. Jokalarien adierazpenak entzunda, denboraldi hasierako helburua aldatu dela uler daiteke. Europaz hitz egitea ez da tabua jada eta askatasun osoz hitz egiten dute jokalariek horren inguruan.

Albiste txarrez beteriko aste honetan, pozteko arrazoiak ere egon dira. Iñigo Martinezek kontratua 2017ra arte luzatu du, eta badirudi Ruben Pardo ere kontratua berritzear dagoela, 2018ra arte. Etorkizun handiena duten bi jokalariak izanik, Jokin Aperrribai presidentearen jarduna txalotzea besterik ez dago. Ez dago hain urruti jokalari onenak A8ko bestaldeko diru hotsei begira zeuden garai horiek. Orain, anbizioz beteriko jokalariek etxean geratu nahi dute, taldearekin batera joan nahi dute gora eta gora.

Futbolarekin jarraituz, Gorka Elustondo eta Diego Ifran deialditik kanpo geratu dira. Biak arazo fisikoekin egon dira astean zehar, eta azkenean teknikariak haiei atseden ematea erabaki du. Mikel Gonzalez osatu da, eta hasieratik jokatzeko moduan dagoela dirudi. Hala, Elustondo ordezkatuko du, Iñigo Martinezekin lehen itzuliko bikotea errepikatuz. Alberto de la Bella ere deialdira itzuli da zigorra pasa ostean eta hasieratik ariko da ezker hegalean. Izan ere, Jose Angel azken unean deialditik at geratu da, arazo fisikoak direla-eta. Asturiarrak Mallorcaren aurka hasieratik jokatu zuen, baina ez zuen bere aukera guztiz probestu.

Zelai erdian, Zurutuza osatzen den arte, Markelen eta Pardoren artean dago zalantza. Errioxarrak maila txukuna eman zuen pasa den astean, baina baliteke Phillipe Montanierrek Markelen alde egitea etxetik kanpoko partidetarako. Horri astean zeharko partida gehitu behar zaio. Pardok estreinakoz jokatu zuen Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin, eta 90 minutuak jokatu zituen, taldeko onenetakoa izanik. Ez litzateke harritzekoa izango entrenatzaileak hura aulkian uztea.

Erasoari begira, Ifranen ausentziak asko argitu du nork jokatu duen eta nork ez. Mallorcaren aurka hartutako erabakia ongi atera ondoren, ziurrenik Velak aurrelari gisa jarraituko du. Hala, Chory Castro eta Griezmann tartekatuko dira ezker eta eskuin hegalean eta Xabi Prietok jokatuko du puntaerdi gisa. Lau jokalariek mugikortasun handia dute, eta minutu batzuetan lasai asko ikus daiteke Prieto eskuin hegaletik, Griezmann 9 faltsu gisa edo Vela erditik erasoa eraikiz. Mugikortasun hori da Realaren erasoko jokaldi askoren gakoa, aurkariak erotu egiten baitituzte hainbeste desmarke, abiadura eta teknikarekin.

Reala baino okerrago dabil Zaragoza. Ongi ekin zion Ligari, eta aurreko urteetan baina zailtasun gutxiago pairatzen ari dira, baina joko eta emaitza bolada txar batean murgildu ondoren, jaitsiera puntuak gero eta hurbilago dituzte. Orain, lau puntura daukate Celta, jaitsierako azken postua. Aragoarrek bost partida daramatzate irabazi gabe, eta urduritzen hasi dira. Aurreko partidetan min hartuta ibili da Helder Postiga, baina aurreko astean jokatu ondoren, Realaren aurka ere hasieratik egongo da. Denboraldi txukuna egiten ari da portugaldarra, bera da erasorako armarik garrantzitsuena eta 8 gol sartu ditu jada —Velak baino bat gutxiago—.

Aurreko urteetako fitxaketa ugari, eztabaidagarri eta arraroen ondoren, erabaki normalagoak hartu ditu Zaragozak aurten. Jada ez dira jokalari ezezagun, garesti eta exotikoak iristen. Kirol errendimendurik eman ez baina agintarien poltsikoa komisioz betetzen zuten horietakoak. Estrategia argia erabili du Zaragozako taldeak aurten. Jokalari gazteak fitxatu ditu, Espainiako harrobi garrantzitsuenetarikoak. Bartzelona eta Real Madrilen bigarren taldeko hainbat jokalari iritsi dira, beste bi taldeetan lekurik ez zutenak baina Lehen Mailan aritzeko maila dutenak.

Jokalari gazte horietako adibide garbiena Montañés da. Ez da bi talde handienetako batetik etorri, Alcorcón umiletik baizik, baina jatorriz Bartzelonako harrobikoa da, ondoren Villarrealen harrobian ere aritu bada ere. Hegaleko jokalari trebea dela erakutsi du, eta hamaikakoan egonkortu da Postigarne bikote onena bezala. Abraham atzelaria ere, Barcelona Btik etorria hau, oso maila ona ematen ari da.

Esperientzi gutxiko baina maila handiko jokalari hauen ondoan, jokalari beteranoak ezarri ditu Jimenezek, Apoño edo Movilla, kasu, zeinek 38 urte bete berri dituen. Denboraldi hasieran emaitza ona eman badu ere, esan bezala, beherakako joera hartu du taldeak. Realak, bolada horri jarraipena eman nahi dio, bere bolada ona mantentzeko, Europarako trenean jarraitzeko.

Deialdiak:

Zaragoza:
Roberto, Leo Franco; Movilla, Paredes, Álvaro, Rodri, Bienvenu, Edu Oriol, H. Postiga, Apoño, Montañés, N. Romaric, Fernández, Sapunaru, Pintér, Rochina, Carmona, Héctor eta Víctor Rodríguez.

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Iñigo Martinez, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Cadamuro, De la Bella; Illarramendi, Pardo, Markel, Ros; Prieto, Griezmann, Chory Castro, Vela eta Agirretxe.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS