Ezarri da helburua. Jada eztabaida ez da
Europaz hitz egin daitekeen ala ez. Guztiek, jokalariek eta entrenatzaileak
barne, argi dute taldeak, gutxienez, Europarako lehian egon behar duela.
Lortuko duen edo ez, hori beste kontua da, eta hurrengo asteetan jakingo da.
Baina helburua finkatu da. Noski, Reala ez da xede hori duen talde bakarra.
Txuri-urdinak bezala, badaude beste sei-zazpi talde gogo berarekin. Eta guztiek
ezingo dute sailkatu. 25 jardunaldi eta gero, une erabakigarrian sartzen hasi
da Liga, eta kale edo bale horretan, aurkari zuzenak izango dituzte
donostiarrek hurrengo jardunaldietan. Betisetik hasita, igandearekin (21:00,
C+).
Hazita doa norgehiagokara Reala derbiaren
ostean. San Mameseko garaipen bikainak aldarte onez eta itxaropen betez utzi
ditu guztiak. Ez baita urtero 1-3 irabazten Bilbon, sekulako errepasoa emanda
gainera. Txuri-urdinek hankapean izan zuten Athletic bigarren zati osoan, eta
historiarako geratuko da San Mames zaharreko azken derbia Realak irabazi zuela.
Donostiarrek eman duten aurre pausoa eta goranzko bolada ere zalantza ezina da.
Ia itzuli oso bat egingo du Malagaren aurka lortutako garaipen horretatik.
Zuloan ziren orduan txuri-urdinak, eta Montanierrek hanka eta erdi zuen
taldetik at. Orain, berriz, gero eta argiago dago hurrengo denboraldirako
entrenatzaile onena bera dela. 2013 osoan partida bakarra galdu du Realak, Real
Madril ahalguztidunaren aurka. Isilik eta zalaparta handirik egin gabe,
seigarren postuan daude, Europan. Aurten, gainera, inoiz baino merkeago dago,
zazpigarrena, eta ziurrenik, zortzigarrena ere, Europan lehiatuko baitira.
Airean gazteluak egiteko garaia pasa da,
ametsak errealitate bihurtu dira aspaldi. Gazteluak, orain, Anoetan eraikitzen
dira. Harresi baterako harriak etxean jartzen baitira. Bataila gogorrenak
etxean irabazi behar dira, eta kanpoko borrokatxoetan lortutako ospil
preziatuak ere garrantzitsuak dira helburua betetzeko. Bihar, bada, Betis
izeneko gerlari sendoa iritsiko da Anoetako lurraldera. Azkarra eta hilgarria
erasoa jotzen duenean, baina nabarmen ahulagoa atzeguardian. Jada menderatu du
Reala aurtengo sasoian, Benito Villamarínen bere armarria harro astinduz.
Aukera garbiak izan zituen Realak gau horretan. Lehiako onenak izan ziren
txuri-urdinak, baina oso kamuts aritu ziren, gola sartu ezinik, huts egite
ulertezinekin, eta Betis pragmatikoagoa izan zen. Iritsi, gola, eta garaipena.
Esne mamitan ziren garai hartan sevillarrak,
baina aldatu da hori. Esne mamitan Reala dago orain, Ligan gol gehien sartzen
dituen taldea da, lehen hiru sailkatuen atzetik. Betis, garai hartan
Txapeldunen Ligan zegoen Betis, atzetik doa, Europan sartu, ez sartu, astero.
Ez du jokatzeko modua aldatu. Ausart beti, nahiago du erasotzen hil, atzean
itxaron baino. Beñat da lemazaina, bere inguruan mugitzen da talde osoa. Neguko
merkatuan joan zitekeela uste arren, zuri-berdeekin geratu da. Baloia
bizkaitarraren oinetan dagoenean, arriskua. Hegalean Arsenalek utzitako
Campbell gazteak txundituta utzi ditu guztiak. Azkarra, trebea, arriskutsua. De
la Bellak estu lotu beharko du estutasunik pasa nahi ez badu. Eta erasoan,
Ruben Castro. Gola erraietan. Hiru izenekin deskriba daiteke Pepe Melen Betis,
baina hiru izen ez dira nahiko. Hor baitaude Cañas euskarri beteranoa, Pabon
fitxajea, Molina aurrelaria eta Pozuelo eta Juan Carlos harrobiko jokalariak.
Realak, baino, goitik begiratzen du gaur
egun edozein talde. Une gozoan egonda, jokalari guztiak konfiantza betez daude.
Carlos Martinez da adibide argiena. Denboraldia harmailetan hasi ondoren,
erakustaldiak ematen ari da partida bat bai eta bestea ere bai. Hain ondo ari
da jokatzen, kontratua 2018ra arte luzatu berri diotela. Baina oro ez da urre,
eta San Mameseko gauak ondorioak ere ekarri ditu. Lerrook idazterakoan,
deialdia konfirmatu gabe bazegoen ere, ez dirudi Chory Castro eta Elustondo
jokatzeko moduan egongo direnik. Bi jokalari horiez gain, Illarrramendi eta
Iñigo Martinez arazo fisikoekin ibili dira aste osoan. Entrenamenduak era
egokian osatu ezin gabe.
Castrorena da betetzeko hutsune errazena.
Griezmann ezker hegalean jarri, Vela eskubikoan, eta Agirretxe goran.
Buruhauste gehiago ekarriko lituzke Illarra edo Martinez ordezkatzeak.
Ansotegik jokatu duenean maila txukuna eman du, baina Ondarrutarra maila
handiagoko atzelaria da. Illarramendi denboraldiko jokalari onena izan da.
Realaren birika eta bizkarrezurra da. Nabari da jokatzen duenean, arnasa ematen
baitio taldeari, defentsan ere gogor egiten du lan. Ez dagoenean, hala ere,
Realak irabazten jarraitu du. Valentziaren aurkako garaipen bikaina da horren
lekuko. Markel-Pardo; Markel-Zurutuza edo Pardo-Zurutuza bikoteak ere poztasun
handiak ekar ditzake mutrikuarra ez dagoenean.
Garrantzi handiko hiru puntu daude jokoan
Anoetan. Puntuak pilatzen jarraitzea (lehengo urtean helburua ziren 43
puntuak!) eta aurkari zuzen bat puntuatu gabe uztea. Europako postuetan
jarraitzen dutela esango luke garaipenak, eta konfiantza areagotzea ekarriko
luke. Beharrezkoa, hurrengo erronka ez baita nola nahikoa. Atletico Madrilen
etxean jokatu beharko dute txuri-urdinek. Etxeko partida guztiak irabazi
dituzte madrildarrek, bigarren postuan dira eta Falcao dute. Baina, bolada hori
norbaitek apur badezake, Reala da talde hori.
No hay comentarios:
Publicar un comentario