domingo, 2 de junio de 2013

TXAPELDUNAK DIRA

Txapeldunak. Txapeldun hitzak adiera eta itxura asko har ditzakeelako. Txapelduna da Reala, ametsetako denboraldia laugarren postuarekin burutu baitu; Txapeldunen Ligako atariko kanporaketara sailkatuta. Txapeldunak, Bigarren Mailako infernutik Europako zerurako bidaia egin dutelako. Txapeldunak, amets egiteko eta hegan egiteko aukera eman baitiete zaleei. Txapeldunak, Liga osoan joko onena egiten zuen taldea izan baita, laudorioak bata bestearen atzetik bilduz. Txapeldunak, Martin Lasarteren aholkua jarraituta batuta jarraitu dutelako. Txapeldunak, hurrengo urtean ozen entzungo baita Anoetan Txapeldunen Ligako ereserkia, eta are ozenago Europan txuri-urdinen orroa. Txapeldun dira, eta txapeldun gara. Denok. Reala.

Balentria handia egin baitu Realak. Izugarria. Hamar urte geroago, Europarako sailkatu dira txuri-urdinak, eta nola, gainera. Urte luzetako negu gorria udaberri loretsu batean ernatu da. Azken jardunaldira arte geratu ziren etxeko lanak amaitu gabe, eta Getaferen eta Granadaren aurkako estropezuen ondoren, nahi baino gehiago zaildu zen laugarren posturako lehia. Txapeldunen Ligatik at iritsi zen Reala azken jardunaldira, eta Deportivori irabaztea ez ezik, beharrezkoa zen Sevillak Valentziaren aurka gutxienez puntu bat lortzea. Amets egiteko atea irekita zegoen oraindik.

Ate horri eta ilusio horri helduta, A Coruñaraino bidaiatu zuten milaka zalek, une erabakigarrenean jokalarien burua hauspotzeko. Finala zen Riazorrekoa, dramaz beteriko partida. Jaitsiera eta desagertzeko arriskua etxeko taldearentzat, Txapeldunen Ligak ihes egitekoa donostiarrentzat. Ia ezinezkoa zen biek pozik amaitzea gaua. Begi biak A Coruñan eta belarriak Sevillan zituztela. Buruarekin eta bihotzarekin jokatzeko partida.

Lotuta atera ziren bi taldeak, jokoan asko zegoela jakitun. Espero ziren hamaikakoak jarri zituzten bi teknikariek. Etxeko taldeak hartu zuen lehen minutuetan baloia mugitzeko ardura, eta Realak lasai itxaron zuen, presarik gabe. Bien bitartean, Valentzia laster jarri zen aurretik Banegak sartutako gol eder baten ondoren. Gauza horrela, Realak ez zuen zereginik, Sevillak golen bat sartu arte. Baina jokalariek berera jarraitu zuten, zelaitik kanpo gertatzen ari zen guztia jakin gabe. Deportivok baloia izan arren, gero eta gehiago hurbildu ziren etxeko taldearen ate ingurura.

Denboraldi osoko joko eder eta erasokorra itzuli zen. Hegaleko atzelariak erasoan agertu ziren, Illarramendi lemazain bilakatu zen berriro eta Griezmann eta Vela hegaletatik min egiten. Falta gogorrak egin zituzten etxeko atzelariek, haien erasoa saihesten saiatzeko. 22. minutuan hasi zen ametsa egi bihurtzen, zerbait erReal bihurtzen. Agirretxek area barruan mugimendu on bat egin, baina jaurtiketa Aranzubiak gelditu zuen. Aldaratzea, baina, Griezmannek hartu eta sareetara bidali zuen. Burua eta bihotza.

Bihotza, baina, Sevillara begira zegoen berriro, etxekoen gola beharrezkoa zelako. Luze pasa ziren minutuak, Deportivo ezinean zebilen, presioa ondo kudeatu ezinik. Presaka jokatzen saiatu zen, eta baloia azkar galtzen zuen. Griezmannek bigarren gola sartu zuen, baina jokoz kanpo, eta balio gabe utzi zuen epaileak. Minutu batzuk geroago Velak egin zuen huts. Reala partida erabakita utzi ezinik zebilen, eta garesti ordain zezakeen, Granadaren aurka bezala. Eta, bat-batean, miraria jazo zen, Sevillan, Done Alvaro Negredoren oinetan. 40. minutuan txilenaz berdindu zuen partida, eta bi minutu geroago Sevilla aurretik jarri zuen penalty garbi bat sartuta. Zorionezko bost minutu izan ziren, hurrengo jokaldian Jonas egotzi baitzuen epaileak, Morenori ukondoarekin jotzeagatik. Ametsa ote zen hura? Reala laugarren zegoen berriro, Txapeldunen Ligan.

Sevillakoa ia erabakita, etxeko lanak amaitu behar ziren. Baina, Deportivorentzat hil ala bizikoa zen norgehiagoka. Bigarren zatian gogotik estutu zuen Reala etxeko taldeak. Erasoan ibili ziren, eta Realak ahal zuen moduan defenditu zuen. Aukerak bata bestearen atzetik izaten hasi ziren, eta zale bat baino gehiagoren buruan agertu ziren Mendizorrotzako irudiak, Granadaren aurkakoak, Vila-realen kontrakoa, Valentzia... pentsamendu gehiegi. Baloia behin eta berriro kanpora zihoan, Bravoren atean baloiak uxatzen zituen tramankulu bat balego bezala.

Argi zegoen garaipena sufrimenduarekin etorriko zela. Soldadok Valentzia eta Sevillaren artekoa berdindu, eta minutu bat geroago Negredok bere bengantzarekin jarraitzea erabaki zuen. Aurrelaria minduta dago Soldadoren mesedetan Konfederazio Kopako deialditik at geratu izanagatik, eta lau gol sartu zituen bere aurkariaren aurrean.

Azken hogei minutuetan atzera egin zuen Realak, nabarmen; beldurrak edo presioak behartuta. Bi minututan bi aukera garbi izan zituen Deportivok. Lehenengoan huts nabarmena egin zuen Bravok eta Salomaok kanpora burukatu zuen baloia atea guztiz hutsa zuen unean. Hortik gutxira langa jo zuen Abel Aguilarren jaurtiketak. Sufrimendua areagotzeko, 84. minutuan txartel gorria ikusi zuen Markelek. Realak, baina, eutsi egin zion markagailuari, eta jarraitzaile askoren bihotza lehertzear egon zen arren. Lehertu, festa lehertu zen, epaileak amaiera adierazi zuenean.

Txapeldunen Ligarako sailkatu da Philippe Montanierren Reala. Joko bikaina egin du taldeak sasoi guztian zehar, eta merezitako txartela lortu du. Teknikaria badoa, eta umezurtz utziko ditu jokalariak, baina izpiritua hemen geratu da. Txuri-urdinek ikasi dute urratu beharreko bidea. Ikasi dute akatsengatik, eta hurrengo urtean gozatzeko aukera emango digute. Claudio, Eñaut, Carlos, Dani, Mikel, Iñigo, Jon, Liassine, Alberto, Jose Angel, Markel, Javi, Asier, Ruben, David, Gorka, Xabi, Carlos, Gonzalo, Antoine, Imanol, Diego, Philippe, Michel, Jokin; eskerrik asko!

Onenak:

3.- Jokalariak: Handia egin dute, eta talde osoaren izena denbora luzean gogoratuko da. Historia egin duten jokalari horiek guztiek bezala. Multzo gaztea da, gainera, eta gozatzeko urte asko dituzte zaleek aurretik. Haiek dira sailkapenaren erantzule nagusiak.

2.- Zaleak: Une onetan zein zailetan, jarraitzaileek ez dute inoiz huts egin. Hamabigarren jokalaria izan dira, harmailatik bultzaka. Kanpoko partidetan ez da zaleen babesik falta, kolore txuri-urdina astebururo ikusi da.

1.- Teknikaria: Ez da guztien gogokoa izan, eta kontratua ez berritzea erabaki du. Halere, ezin ahaztu lortu duen guztia. Taldearen hazkundea lortzeko ekarri zuten, eta Txapeldunen Ligarako sailkatu da, aurreikuspen oro gaindituta. Denbora pasa ahala, liburuek dagokion aitorpena emango diote.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS