Orain bost jardunaldi zuen aldea galduta, Realaren eskuan soilik liga laugarren postuan amaitzea. Bi puntu ateratzen dizkio Valentziak, eta irabaziz gero, gutxi axolako du txuri-urdinen emaitzak. Dena den, konfiantza betez dira txuri-urdinak, aukera dagoela sinisten dute, gutxien espero zenean Sevillak Europa Ligara sailkatzeko aukera baitu. Bederatzigarren geldituta Europan sartu daitezke andaluziarrak, izan ere Malagari ezarritako zigorraz gain, Europan jokatzeko lizentzia ukatu dio UEFAk Rayori, jokalariekin eta hartzekodunekin dituen zorrak tarteko. Bi taldeek TASera jo dute, helegitea jarrita. Sevillak zerbait jokoan izatea eta Emeryren taldeek azkenera arte lehiatzen dutela —galdetu Deportivori bestela— dira Realak alde dituen bi argudio nagusiak.
Xabi Prietok Real Madrilen aurkako partidaren hondarrean sartutako gola erabakigarri bihurtu daiteke. Hori bai, jokalariek ezinbestekoa dute Valentziaren partida burutik kentzea; karanbolak funtziona dezan beharrezkoa baita galiziarren aurkako garaipena. Denboraldi osoan bezala, zaleen babesa izango du Realak. Norgehiagoka erabakigarrirako 3.000 jarraitzaile ingururen bultzada izango dute. Riazorreko infernuan euskal oihuak entzungo dira, beraz. Meigen eta queimaden lurraldean, euskal akelarrea.
Real Madrilen aurka garaipenak ihes egin arren, madrildarren aurka erakutsitako joko erauntsia erakutsi nahi du Realak. Talde guztia deitu du Montanierrek, 22 jokalariek bidaiatuko dute. Elustondo eta Estrada min hartuta daude, eta teknikariek aldez aurretik jakinarazi dute biak deialditik kanpo geratuko direla; baina baztertutako gainontzeko jokalariak egunean bertan jakingo dira. Txartel horien pilaketaren ondoren deialditik kanpo geratu ostean, hamaikakora itzuliko da Vela. Mexikarrarena izango da, ziurrenik, hamaikako aldaketa bakarra. Chory Castroren ordez sartuta, ez da aldaketa gehiagorik espero. Esperimentuak eta probak egiteko garaia amaitu da, eta azken jardunaldietako hamaikako bera jarriko du entrenatzaileak.
Bravok azken partidan argi utzi zuen sasoiko dagoela, eta atzeko lerroan ez da aldaketarik egongo. Maila bikaina eman dute laurek, Mikel Gonzalezek Real Madrilen aurka egindako hutsa garesti ordaindu bazen ere. Illarramendi guztiz osatuta dago, eta Iñigo Martinezekin batera Espainiako 21 urtez azpiko selekzioaren kontzentrazioan egon ondoren, hasieratik jokatzeko moduan dago. Alboan Markel Bergara izango du; Elgoibarkoak bere ibilbideko denboraldi onena bete du. Erasoan lau magnifikoak: Carlos Vela, Xabi Prieto, Antoine Griezmann eta Imanol Agirretxe. Mexikarrak ez du denboraldia sasoi betean amaitu, baina arriskua sortzen du baloia oinetan duen bakoitzean. Kapitainak maila bikaina eman du erditik jokatuta, eta frantziarrak jokalari berezia dela erakutsi du. Usurbilgo aurrelariaren kasua izan da bereziena, urtero bezala eztabaidak sortu ditu, iaz hamar gol sartu arren. Hamaikakoko lekua borrokatu du, eta mesfidatienen ahoa itxi du azken jardunaldietan erakutsitako mailarekin. Zur eta lur utzi ditu denak, eta taldeko golegile nagusia da Velarekin batera hamalau gol sartuta.
Ez da norgehiagoka erraza izango, baina. Realarentzat garrantzitsua bada, hil ala bizikoa da etxekoentzat. Maila mantentzea ez ezik, taldearen beraren jarraipena jokoan dago. Zor handia pilatu du Lendoirok urte hauek guztietan, eta Bigarren Mailara jaisteak desagertzea ekar dezake. Horren harira, zoritxarreko adierazpenak egin ditu galiziarren presidenteak, txuri-urdinentzat Txapeldunen Ligara sailkatzea “egun baterako ogia” dela iradokita, eta bere taldeak jokoan askoz gehiago duela nabarmenduta.
Zorionez, lekuz kanpoko hitzak izan dituen bakarra izan da Lendoiro, eta inor ez da sartu joko horretan. Realari aurre egin eta aurkariek huts egitean bildu dute indarra besteek. Donostiarrek bezala, oso zale fidelak ditu A Coruñako taldeak, une onetan eta txarretan babesa ematen duten horietakoa. Fernando Vazquez entrenatzailea —sasoiko hirugarrena— miraria lortzera dago. Kargua hartu zuenean, Deportivok hanka eta erdi zituen Bigarren Mailan, eta aldartea eta joera iraultzea lortu zuen. Unerik okerrenean iritsi dira, baina, berriro emaitza txarrak eta partida bakarrean jokatuko dute guztia. Pasa den jardunaldiko Malagaren aurkako porrota izan da bereziki mingarria.
Orain, Celtak, Zaragozak edo Mallorcak irabazten badute, hirurek Deportivo pasatzeko aukera dute. Celtak Espanyol hartuko du, jokoan ezer ere ez duen taldea; Mallorcak, egoera berean dagoen Valladolid; eta aragoarrek jada Txapeldunen Ligarako sailkatu den Atletico Madril. Ez dute ezer jokoan hiru aurkariek, ez Realak bezala. Txuri-urdinen aurkakorako, fedea zelai erditik gora dute galiziarrek. Pizzi, Bruno Gama eta Riki maila oneko jokalariak dira, batez ere bi hegalekoak, eta alboan Valeron izango dute, 38 urte eduki arren edozein unetan magia egiteko gai den jokalari fina. Defentsan ditu, baina arazoak Deportivok. Atzealde benetan ahula dutela erakutsi dute, eta gol gehien jaso dituen bigarren taldea dira. Gainera, Marchena beteranoa min hartuta dago eta deialditik kanpo geratu da. Laban bat gurinean bezala sartu daitezke Realaren erasoko jokalariak han.
Irabazi, berdindu ala galdu, denboraldi bikaina burutu du Realak. Hasiera gorabeheratsua orekatu eta suziri batek bezala egin du gora Philippe Montanier entrenatzailaren lemapean. Nabarmen hazi dira jokalari guztiak, eta mutil koskorrez beterik zegoen taldetxoa gizonez beteriko talde sendoa bilakatu da. Ligako ezustea izan dira eta aurkari, kazetari eta futbol zale guztiek txalotu dute txuri-urdinen joko ona, Real Madrilena eta Bartzelonarenaren mailan dagoela azalduta. San Mamesen, Calderonen eta Mestallan irabazi da —batzuk aipatzearren—, eta Bartzelona, Athletic eta Valentzia makurtu egin dira Anoetan. Europan jokatuko du Realak datorren sasoian, hamar urte geroago. Doinua Txapeldunen Ligakoa edo Europa Ligakoa den zelaian erabakiko da. Riazorrek eta Sanchez Pijuanek dute hitza.
2013ko ekainaren 1a, larunbata, 21:00ak. Historia egin edo bidean geratzeko momentua. Kale edo bale, ez atzera bueltarik ez bigarren aukerarik. Iritsi da momentua, eta 90 minuturen buruan Riazor infernu edo paradisu bilakatuko da. Denboraldi osoa partida bakarrean laburtuko dute bi taldeek. Merezi duen Txapeldunen Ligako atarikora sailkatzeko azken aukera du Realak, amesteko denboraldiari amaiera ezin hobea emateko. Deportivo amildegiaren ertzean dago, kili-kolo, ufada txiki baten ondorioz zulo ilunenera erortzeko beldur. Aste osoko adierazpen, kalkulu eta pronostikoak atzean utzita, zelaik du hitza orain. Zelaiak, edo zelaiek, izan ere, zelai batean baino gehiagotan gertatuko direnek izango dute hitza. Riazor eta Sanchez Pizjuan Realarentzat, begi bat bakoitzean; Son Moix, Balaidos eta Romareda galiziarrentzat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario