Ohitura txarrak hartu ditu Realak urteotan. Iaz, Lehenengo Mailarako itzuleran, ez zuen punturik lortu etxetik kanpo bigarren itzuli osoan; orain bi urte, Bigarren Mailan, zortzi puntu besterik ez zituen lortu, garaipen bakarra eta bost berdinketa. Atzera hiru urte egin behar dira emaitza onargarri bat izateko: 22 puntu, Juanma Lilloren gidaritzapean. Aurtengoak ere ez du itxura onik. Philippe Montanierren taldeak ez du punturik eskuratu Anoetatik kanpo, eta gainera itxura kezkagarria erakutsi du irteera gehienetan. Getaferen aurkako partida kenduta, merezimenduz galdu ditu besteak. Horregatik, ohiturak aldatzeko baliatu behar du larunbatean Espanyolen aurka jokatuko duen partida (18:00, C+L).
Zaila izaten da hartutako ohitura txarrak alboratzea. Nahigabe, buruan errotuta geratzen direlako. Espanyolen zelaiak, gainera, ez dirudi lan horietarako aproposena. Iaz 4-1 galdu zuten donostiarrek, eta oro har, etxean talde sendoa da Bartzelonakoa. Dena den, bigarren itzulian hiru partida galdu dituzte. Lan ona egin beharko du Realak, Cornella del Praten hiru puntu eskuratzeko. Aste Santuak egonda, luditzerako erabiliko dute txuri-urdinek norgehiagoka.
Zaleen haserrea baretzeko aproposa izan zen
Anoetako azken partida, Rayori 4-0 irabazitakoa. Aspaldi baino partida
lasaiagoa izan zuten txuri-urdinek, eta zaleek txaloka agurtu zituzten.
Markagailuan lau goleko tartea egon arren, egiari zor, apur bat engainagarria
izan zen amaierako emaitza. Rayok ez zuen partida txarra egin. Berri txarrak
ere egon ziren, Iñigo Martinezek agur esan baitio denboraldiari. Meniskoa
hautsi du Ondarrutarrak, eta bi-hiru hilabete beharko ditu guztiz osatzeko.
Hurrengo denboraldiari begira egin beharko dio beraz.
Demidovek hartuko du bere lekua hamaikakoan.
Espanyolen aurka Ansotegi izango du ondoan, Mikel Gonzalezek osatu gabe
jarraitzen duelako. Minutu gutxi jokatu
dituzte bi atzelariek, eta kontuz ibili
beharko dute. Reala arazoetan egon daiteke bi zentralak ondo ulertzen ez
badira. Berriatuakoarentzat aukera aproposa izango da.
Lesioak direla eta, aldaketak egin behar izan ditu
Montanierrek deialdian. Martinez eta Gonzalez
bezala, Illarramendi ere deialditik at geratu da, aste osoa arazo
fisikoekin egon delako. Hala, Elustondok hamaikakoan jarraituko du. Levanteren
aurka taldeko txarrena izan ondoren, oso
partida sendoa jokatu zuen Rayoren aurka. Sasoi horretan jarraitzen badu, asko
emango dio taldeari. Ondoan Mikel Aranburu eta David Zurutuza izango ditu. Bada
beste berritasun bat deialdian, Carlos Martinez itzuli delako. Hilabete luzez
min hartuta egon ondoren, bueltan da
Lodosakoa, aulkian geratuko den arren. Ifran ere itzuli da deialdira.
Hiru puntuak lortu eta ohitura txarrak
kentzeko kontu handiz ibili beharko du
Realak. Txuri-urdinen antzeko taldea du Espanyolek. Harrobiko jokalari gazte
ugari ditu, eta erasoan oso jokalari arriskutsuak ditu. Atzealdean sendotzeko
beharra du, baina. Velak, Griezmannek edo
Xabi Prietok min handia egin
dezakete atzelarien sorbalda bilatuz
gero. Arantza handi bat kitatzea litzateke Cornellan irabaztea.
Espanyol, neguko fitxaketen laguntzarekin
Baina, Espanyolek ez ditu gauzak erraz
jarriko. Europako lehian sartua dago nor baina
nor. Bederatzigarren postuan dago, Europako Liga bi puntura du, eta
Txapeldunen Liga ez oso urrun. Gainera, behetik gora doaz kataluniarrak. Egoera
ekonomiko txar baten gatibutasunean, urtero jokalariak saldu eta saldu ari da,
baina halere, talde sendoa eraikitzen
asmatzen dute. Aurtengoa ez da
salbuespena.
Osvaldo aurrelaria eta beste
jokalari batzuk saldu ondoren, hala moduz hasi zuen Liga Pochetinnoren taldeak. Baina,
jardunaldiak pasa ahala, joko ona eta
eraginkorra egin du. Horrez gain, gutxik bezala probestu ditu neguko
fitxaketak. Alvaro Vazquez eta aurrealdeko beste jokalari batzuen lesioen ondorioz, salerosketa
merkatura jo zuten kataluniarrek. Horrela, Coutinho eta Uche etorri dira, eta
diferentzia markatzen hasi dira. Brasildarra utzita etorri da Inter Milandik, eta harribitxi bat
dela erakutsi du. Puntaerdi lanetan, jokalari tekniko eta azkarra da. Gola
falta zaiola diote adituek, baina
ausartu ditu jada. Batzutan luzimendurako jokaldiak egiten ditu,
eraginkortasunari begiratu beharrean. Baina hala ez balitz, ez litzateke
Espanyolen egongo, Interren titular gisa baizik. Uche, bestetik, inoiz egin ez duena egiten
ari da orain. Beti izan da aurrelari
ona, baina gol falta izan du. Aurten golak sartzen ari da.
Bi jokalari horiez gain, Javi Marquez, Sergio Garcia eta Verdu
dira taldearen birika. Kalitate oneko jokalariak, edozein unetan irauli
dezakete partida. Egun ona dutenean, ia geldiezina da Espanyolen joko
erauntsia. Erne ere Weissekin, denboraldiko sorpresa. Manchester Cityk utzitako esloveniarra benetan jokalari
arriskutsua da. Joanekoan utzi zuen bere kalitatearen distira. Hala ere,
erregulartasun ezak kondenatu ditu hainbat partidatan, eta Zaragoza bezalako
taldeen aurka aukera ezin hobeak galdu dituzte.
Europako lehian murgilduta, eta zaleen
bultzadak hauspotuta, partidaren bila egingo dute hasieratik. Ez da arraroa
lehen zatian gol asko sartu izana. Cornella futbol zelai izugarria da, eta
jokalariek ondo baino hobeto nabaritzen dute zaleen bulkada. Espanyolek zer
egingo duen ikusita, eta Madrid eta Granadako aurrekariak kontuan,
txuri-urdinek hobe lukete hasieratik erne ibili eta atzean ez sartzea. Espanyol
garaitzeko era aproposena erasoan jokatzea eta zelai erdia itotzea da.
Deialdiak:
Reala: Bravo,
Zubikarai; Estrada, Carlos Martinez,
Ansotegi, Demidov, Cadamuro, De la Bella; Prieto, Elustondo, Aranburu, Zurutuza, Pardo, Griezmann; Vela, Agirretxe, Llorente eta Ifran
Espanyol: Rodriguez,
Bena, Alvaro, Sergio Garcia, Verdu, Romaric, Uche, Kiko Casilla,
Hector Moreno, Javi Lopez, Weiss, Forlin, Victor Sanchez,
Pandiani, Didac, Coutinho, Cristian Gomez eta Edgar.
No hay comentarios:
Publicar un comentario