domingo, 30 de septiembre de 2012
HORRELA IRABAZTEN DIRA DERBIAK
Adio zalantzei. Realak nagusitasun osoz irabazi zuen Anoetako euskal derbia, Athleticen aurka 2-0 egin ondoren. Aurkaria baino gehiago izan zen, eta merezimendu osoz lortu zituen hiru puntuak. Bigarren zatian hankapean izan zituzten zuri-gorriak, eta nahi izan balute, markagailua oraindik ere zabalagoa izango litzake. Intentsitatea, erritmoa eta presioa izan ziren garaipenaren giltza. Horrela irabazten dira derbiak, beste taldeak baino gogo gehiago jarrita. Gainontzeko partidak ere horrela jokatuz gero, une gozoak biziko dira Anoetan.
Bereziak derbiak, egutegia ateratzen denean gorriz markatzen den egun hura. Donostiako Zinemaldiaren itxiera egunean, futbol jokalariak bilakatu ziren izarrak. Dans le Maison filmak Urrezko Maskorra irabazi aurretik, Realak jaso zuen saria. Egun berezia izan arren, hotz ekin zion egunak, bazkalostera arte ez zen berotu giroa Donostiako kaleetan, lokartuta ziruditen goizean zaleek, partida 20:00etan zelako ziur aski. Baina giroa berotu zenean, tenperaturak nabarmen egin zuen gora, eta gau berezienak ekarri zituen gogora.
Partida bera egun osoan ikusitakoaren isla izan zen. Halere, derbiaz mintzatu aurretik, partida hasierako omenduei tarte bat egin behar zaie. Londresko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan parte hartu zuten 11 kirolarik egin zuten ohorezko sake olinpikoa: Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Samuel Hernanz piraguistek; Nely Carla Alberto eskubaloi jokalariak; Ainhoa Murua triatletak; Oiana Blanco judokak, Leire
Olaberria ziklistak; Richard Oribe eta Ander Romarate igerilariek eta Juanjo Aranburu tiratzaileak. Iker Martinez, Xabi Fernandez, Eli Pinedo, Mikel Arrizabalaga eta Julen Aginagalde ere omendu zituzten, Anoetan ez izan arren; baita txuri-urdinez jantzita zegoen Iñigo Martinez ere. Bejondeiela denei, lortutako emaitzengatik, ea Rion parte hartzen duten.
Futbolarekin jarraituta, hotz ekin zion partidari Realak. Athletic eta Reala elkarri begira zeuden, indarrak neurtuz, lehen kolpea emateko beldur. 6. minutuan kendu zituen lotsak kanpoko taldeak, baloi luze bat errematatzeko zorian egon zen Aduriz, baina Iñigo Martinez azkarragoa izan zen eta kornerrera urrundu zuen baloia. Zuri-gorriek penaltya eskatu zuten, baina ez zen ezer egon. Kornerrean gora bidali zuen baloia Amorebietak. Urduri ziruditen Realeko atzelariek, eta Athletic hori baliatzen saiatu zen pare bat eraso jarraian eginda, baina aukera handirik sortu gabe.
Poliki-poliki esnatu egin ziren txuri-urdinak. Derbia zen, etxean jokatzen zuten, zaleen bultzada zuten, ez zuten onartuko aurkaria hobeto aritzea. Griezmann, Zurutuza eta Illarramendi agertu ziren, atzoko hiru jokalari onenak. Zelai erdiko nagusitasuna hartu zuten, eta elkarren artean paseak egiten lehen zuloak aurkitu zituzten Athleticen atzealdean. Baloiaren jabetza txuri-urdinena zen, gutxi irauten zuen aurkarien oinetan.
Presioa oso goran egin zuen Realak, eta baloi arriskutsu ugari lapurtu zituzten. Zuri-gorriek presioa gainditzen zutenean, Markel eta Illarramendi agertzen ziren zelai erdian baloia lapurtzeko, eta bestela Mikel Gonzalezek eta Iñigo Martinezek arazo barik urruntzen zuten baloia.
Goiz eman zuen lehen abisua Griezmannek, 10. minutuan. Derbietan golik sartu gabe zegoen frantziarra, eta gosez zegoen. Azkeneko urteetan bi aldiz bota zuen baloia zutoinera, eta oraingoan hiru zutoinen artean sartu nahi zuen. Iturraspek Zurutuzari area ertzean egindako falta bat gogor errematatu zuen, baina Iraizoz erne aritu zen. 20. minututik aurrera jaun eta jabe ziren txuri-urdinak. Iturraspe eta De Marcos erabat desagertuta zeuden, Muniain ez zebilen batere fin, Susaeta eta Isma Lopez erdilariak bezain desagertuta eta Aduriz bera bakarrik ez zen nahikoa bi atzelarien aurrean. Halako atakan, hegaleko jokalariak ez ziren zelai erditik pasatzen, eta atzelariek luze jokatu behar zuten.
Agirretxek behin eta berriz itxi zion bidea Amorebietari, oso abila baita horrelako jokaldietan, eta txuri-urdinek Gurpegiri behartzen zioten baloia ateratzea. Hori izan zen gakoetako bat. Nafarrak baloi andana galdu zituen, asko bere areatik gertu. Lapurtutako baloi horietako baten ondoren, gertu izan zuen berriro Griezmannek gola, Zurutuzak Iraizozen aurrean utzi ondoren. Minutu batzuk geroago frantziarrak laga zuen Agirretxe bakarrik, baina atezainak kornerrera urrundu zuen baloia. Lehen zatia amaitu aurretik, Illarramendik ezkerrez sekulako zartakoa eman zion baloiari oso urrutitik, baina Iraizoz aldagelara golik jaso gabe itzultzen tematu zen. Bera izan zen Athleticeko jokalari onena.
Berdinduta joan arren, eta egiari zor partida borobila jokatzen ez zegoen arren, aurkaria baino askoz gehiago izan zen Reala lehen zatian. Gogo gehiago jartzen zuela zirudien gutxienez. Jarraitu beharreko bidea argia zen: presioarekin jarraitu, Athleticen zelai erdia estutu, eta aurrelariak eta hegaleko jokalariek sartuko zuten golen bat. Jarraitu beharreko bidea ezagututa, bikain ekin zioten bigarren zatiari etxeko jokalariek. Ez zioten aukera bat bera ere eman aurkariei. Lehen minututik hasi ziren bultzaka, zuri- gorrien areatik gertu, arrisku jokaldiak bata bestearen ondoren eraikiz. 50. minutuan Agirretxe gola sartzear egon zen, baina gutxigatik ez zen iritsi Xabi Prietok bikain jarritako erdiraketara.
Zeruak ekaitza eta euria igartzen zuen, oraindik eztanda egin gabe bazegoen ere. Eztanda, dena den zelai gainean ikustear zegoen. Desello hori bat ikusi zen 60. minutuan, Asier Illarramendi Messitaz mozorrotu zenean. Zelai erdian baloi bat berreskuratu zuen, eta tximista bezala bost jokalari utzi zituen atzean, area barrura sartu zen eta oso gertu izan zuen gola. Jokaldi horretan gola sartu izan balu, zerraldo eroriko ziren Anoetako zaleak. Tximistaren ondoren dator trumoia, baina Realaren joko alai eta sendoari eraginkortasuna falta zitzaion. Griezmann agertu zen arte. Maçoneko deabrutxoa Iraola, Gurpegi eta enparauak erotzen ari zen, baina zerbait falta. David Zurutuzak —bibote eta guzti—, buruz pasatu zion baloia Imanol Agirretxeri, eta honek azkar pasa zuen baloia Griezmannen oinetara. Ezkerretik eskuinerako bidea hartu eta Iraizoz, Amorebieta eta Gurpegiren artera gurutzatu zuen baloia, eromena harmailetara eramanik.
Trumoi hotsak hamar minutu geroago iritsi ziren bilbotarrentzat. Griezmannek, nork bestela, jokaldi ona egin zuen, baina atezainak baloia urrundu zuen; aldaratzean, Xabi Prietoren errematea ukondoarekin gelditu zuen Amorebietak. Penaltya eta bigarren txartel horia Venezuelar jatorriko jokalariarentzat. Penaltia Prietok behartu zuen, 300. partida jokatzen zuen kapitainak, eta penaltiak normalean botatzen dituen jokalariak; baina, Velak konfiantza osoz eskatu zion baloia. Donostiarrak ez zuen arazorik izan eta Mexikarrari utzi zion erantzukizuna. Urduritasunik gabe sartu zuen gola. 2-0 eta hogei minutu aurretik, jokalari bat gehiagorekin, gainera.
Partida gol sorta ederra sartzeko moduan zegoen. Athleticeko jokalariak buru makur eta konfiantzarik gabe zeuden, txuri-urdinak, berriz, hazita. Aurkariak gutxi saiatu ziren, Muniain izan zen zerbait eraikitzen saiatu zen bakarra, besteek nahikoa zuten ostiko bidez jokoa gelditzearekin. Etxekoek, aldiz, kontrolatuta ikusi zuten partida, eta ez ziren gehiegi saiatu. Kontraerasoan bizpahiru aukera garbi izan zituzten, baina ez zuten asmatu, batzuetan Iraizoz agertu zelako, eta, besteetan ez zirelako fin ibili. Berdin zuen, ordurako festa zegoen harmailetan, kantuak, txaloak, irribarreak. Garaipenak ez zuen alde egingo Anoetatik. Giro hori goizeko ordu txikietaraino luzatu zuten gero zale ugarik.
Iaz mugarria izan zen Anoetako euskal derbia. Reala ondo zebilen liga hasieran, konfiantzaz beteta, baina planteamendu txar baten ondoren, altxa ezinik geratu ziren eta gorabeheraz betetako denboraldia egin zuten. Athletic berriz, kinka larrian ailegatu zen, Anoetan lortu zuen lehen garaipena, eta gero sekulako denboraldia egin zuen. Ikusi beharko da aurtengo derbia ere mugarri izango den. Hala balitz, garai onak datoz Donosti aldean, eta grisez bustitako egun gehiegi Bilbon. Ikusiko da.
Jokalari onenak:
3.- Antoine Griezmann: Euskal derbian golik sartu gabe zebilen. Atzo arte. Partida izugarria egin zuen, baloiak berreskuratzeko lan ugari eginda, eta gero arriskuko jokaldiak landuz. Agirretxeren pase bat baliatuta sartu zuen partidako lehen gola. Amesgaiztoa defentsentzat.
2.- Asier Illarramendi: Denboraldiko partida onena jokatu zuen mutrikuarrak. Bi aldiz gertu izan zuen gola, baina nabarmentzekoa da defentsan zein erasoan egindako lan eskerga. Baloi ugari lapurtu zituen Markelen laguntzaz, eta gero, Zurutuzarekin batera erasoko jokalariak bilatu zituen. Baita aurkitu ere. Nonahi zegoen.
1.- David Zurutuza: Udan izandako anemia atzean utzita, gora bidean dabil Debakoa. Celtaren aurka erritmo gabe zegoen, Levanteren aurka gol bikaina sartu zuen eta atzo erakustaldia eman zuen. Presioan fin ibili zen eta erasoan baloi arriskutsuak lapurtu zituen. Jokoaren erritmoa markatu zuen Illarramendirekin batera. On egiten dio biboteak.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario