sábado, 20 de octubre de 2012

HAUTESKUNDE GAUA ANOETAN

Bueltan da futbola Anoetara. Astebeteko atsedenaldiaren ondoren, etxetik kanpo berriro galdu ostean, etxeko bolada ona mantentzen saiatuko da Reala. Atletico Madril hartuko dute txuri-urdinek, Bartzelonarekin berdinduta sailkapenaren buruan dagoen taldea. Anoetak gotorleku izaten jarraitzen duela erakusteko erronka ona izango da (21:30, C+L). Gau berezia izango da, hauteskunde zapore gaua. Aanoetako zelaian ez dira lehiatuko Iñigo Urkullu, Laura Mintegi, Patxi Lopez edo Antonio Basagoiti. Haiek nahikoa izango dute bere egoitzan ospatu beharrekoa ospatu eta hausnartu beharrekoa hausnartzearekin. Anoetan Zubikarai, Agirretxe, Griezmann, Chory eta besteak egongo dira, zaleen botoen eske.

Txuri-urdinez jantzita aterako diren jokalarien jarduna, halere, bozetatik, baino, hurrengo egunetatik daude gertuago. Promesak entzun ditugu, bai udan, baita ere lehenengo sei jardunaldietan. Taldea Europako Ligara sailkatzeko lehian sar daitekeela uste dute zale gehienek, baina hankamotz geratzeko bidean dira etxetik kanpoko emaitza kaskarren erruz. Betisen aurkako porrotak, Anoetan irabazten jarraitzera behartzen du Reala. Etxetik kanpo irabazi ezean, hiru puntuz hiru puntu ibili behar Anoetan. Oraingoz jokoan zeuden puntu guztiak lortu dituzte donostiarrek, baina orain arteko erronka handienari egin beharko diote aurre bihar. Atletico Madril sasoiko dabil. Ez du partidarik galdu, bakarra berdindu du, eta Europako Superkopa irabazi zuen Chelsea hankapean ibili ondoren. Falcao une gozoan dago, gainera, jokatu duen partida guztietan sartu du golen bat, eta iaz hiru gol sartu zizkion Bravori.

Aurkaria gutxietsi gabe, konfiantza erakutsi dute txuri-urdinek astean zehar. Madrilgo taldeari irabazi zaiokeela esan dute jokalariek eta entrenatzaileak, eta noizbait galdu beharko dutela lehenengo partida. Zaleen babesarekin, partida txukuna egingo du Realak. Atzelarien jarduna berebizikoa izango da. Mikel Gonzalez eta Iñigo Martinez erne ibili beharko dira 90 minutuetan. Falcaok bost segundo nahikoa ditu aurkariaren atea zulatzeko. Falta bat, korner bat, aurkarien atzelariek urrundutako baloi bat; ezerezetik etekinak ateratzen iaioa da kolonbiarra. Baina Falcaok ez du bakarrik jokatzen, Adrian, Arda Turan —ez da Anoetan egongo—, Erme, Rodriguez eta enparauek ere emaitza bere alde jartzeko gaitasuna dute.

Zelai erdia da, beraz, partidan nagusitzeko beste gakoetako bat. Zurutuza eta Elustondo min hartuta daude. Markel eta Illarramendi hasieratik egongo dira ziur. Mutrikuarra sasoi betean dago, Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin erakustaldia eman zuen Danimarkaren aurka, eta kontratua 2018ra arte luzatu berri du. Eroso sentitzen bada, min asko egin dezake. Elgoibartarra, berriz, gero eta hobeto ari da jokatzen. Athleticen aurka izugarrizko partida egin zuen, baloi ugari lapurtuta. Izan ere, Lehen Mailan baloi gehien lapurtzen duen jokalarietako bat da. Montanierrek zalantzak ditu zelai erdian jokatuko duen hirugarren jokalariarekin. Ruben Pardok ez ditu aukera gehiegi Frantziako entrenatzailearekin, eta min hartuta ibili ondoren, hilabete luze darama minuturik izan gabe. Griezmannek ere joka dezake zelai erdian, baina entrenatzailea haserre dago Maçoneko gaztearekin. Frantziako 21 urtez azpiko selekzioarekin zegoenean, festa batean harrapatu zuten taldeko beste lau jokalarirekin, eta baliteke Frantziako Federazioak zigortzea. Montanierrek ere bere zigorra jar liezaioke, eta, orduan, ordezkoen aulkitik hasiko luke partida. Griezmannekin jokatzea gainera, erasorako apustua izango zen, eta Realeko prestatzailea ez da hain erasoan jokatzeko zalea.

Zelaierdian hartutako erabakiak baldintzatuko du nork jokatuko duen erasoan. Agirretxek ia beti jokatzen du hasieratik Anoetan, eta ez dirudi kontrako erabakirik egongo denik. Vela, Prieto eta Choryren artean aukeratuko du nork jokatu duen hegalean. Uruguaitarra ordezko ipini du Montanierrek azken partidetan, baina, Atletico Madrilen aurka hasieratik jokatzeko aukera izan dezake. Velari kosta egiten zaio sasoiko jartzea denboraldi hasieran. Prieto nahiko maila ona ematen ari da, baino gehiago emateko gai da.

Atletico Madrilen aurkako partidak iazkoa ekartzen du gogora. Aurten bezala, sendo zebilen Reala Anoetan, Athleticen eta Real Madrilen aurka galdu zuen arren. Hala eta guztiz ere, jipoi galanta jaso zuten txuri-urdinek: 0-4, Falcaoren erakustaldia eta guzti. Polemikarako beta ere egon zen, penalty bat, hurrengo kontraerasoa... baina madrildarrak gehiago izan ziren. Txuri-urdinek, beraz, badakite zer ez duten egin behar. Ez da partida erraza, baina hauteskunde gau horretan, Anoetako gau magikoen itxura hartu behar du estadioak, zaleen bultzada eta jokalarien grina eta esfortzua elkartuta. Txuri-urdinak lehendakaritzarako hautagai direla erakuts dezakete.

Deialdiak: 

Reala: Montanierrek zalantzak eduki ditu deialdian zein sartu eta zein kanpoan uzteko. Selekzioen arteko partidak, min hartuta dauden jokalariak... igande goizean emango du deialdiaren berri.

Atletico Madril: Asenjo, Courtois; Godin, Filipe, Silvio, Cata Diaz, Juanfran, Miranda; Kader, Mario, Tiago, Koke, Raul Garcia, Cristian Rodriguez, Gabi, Emre; Adrian, Falcao eta Diego Costa



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS