sábado, 26 de enero de 2013

DENA EZ DA DISTIRA

Handia izan zen pasa den asteburua. Izugarria. Amets batean atera ziren zale eta jokalari guztiak Anoetatik, Bartzelonari, historiako talde onenari, 3-2 merezimendu osoz irabazita. Handia izan da festa asteburuan, San Sebastian Egunarekin batera izarrak dirudite orain txuri-urdinek. Baina dena ez da distira, esnatzeko ordua iritsi da, oinak lurrean izatekoa eta Ligarekin jarraitzea. Bestela, gipuzkoarrek jai izango dute Vigon bihar, 16:00etan Celtaren aurka zorigaiztoko Balaidos zelaian.

Festa bikaina izan zen, baina festaondoak burukomin bat baino gehiago ekarri ditu Zubietara. Etorri dira ajeak eta Mikel Gonzalez eta Ion Ansotegi deialditik kanpo geratu dira min hartuta daudela. Chori Castro ozta-ozta sartu da deialdian eta ez dirudi hasieratik jokatzeko sasoi fisikoan dagoenik. David Zurutuzaren eta Liassine Cadamuroren hutsuneak gehituta, Philippe Montanierrek zailtasunak izan ditu deialdia egiteko. Jokatzeko moduan dauden lehen taldeko hemezortzi jokalari guztiak deitu ditu. Hala, Javi Ros itzuli da deialdira.

Lesioak ez dira izan asteko zalaparta eragile bakarrak. Carlos Vela deitu du berriro Mexikoko selekzioak, baina Cancungo jokalariak uko ekin dio bere herrialdearekin jokatzeari. Mexikarrak sumindu dituen erabakia izan da. Bere selekzioarekin aferen bat eduki zuen azken jokalaria Antoine Griezmann izan zen, eta ordutik ez du partida onik egin. Kezkatzeko modukoa.

Orain dela bi jardunaldi Deportivoren aurkako partidan hartutako erabaki bera hartu du teknikariak, eta ez du harrobiko jokalaririk deitu erdiko atzelarien hutsunea betetzeko. Hala, galiziarren aurka egin bezala, Ligako beste talde galiziarraren aurka atzelari gisa jokatuko du Gorka Elustondok. Txukun aritu zen partida hartan, akatsik egin gabe, eta gutxi sufrituta. Dena den, ez da erronka erraza izango. Iago Aspas aurrelari trebe eta azkarra izango du aurrean. Celtako jokalariak zortzi gol sartu ditu Lehen Mailako estreinako sasoian eta talde handiak daude hari begira. Bitartean partida bikainak egiten jarraitzen du. Celta gaur egun jaitsiera postuetatik kanpo badago, Aspasi esker da hein handi batean. Elustondok Iñigo Martinez izango du ondoan eta Carlos Martinezek eta Alberto de la Bellak jokatuko dute bi albotara. Bi hegaleko atzelariak esne mamitan daude azkenaldian.

Ruben Pardo itzuli daiteke zelai erdira. Markelek partida borobila jokatu zuen Bartzelonaren aurka, baloi ugari lapurtu eta pase errazak eginez, konplikatu gabe. Hala eta guztiz ere, Celtaren aurkako partidarako aproposagoa da errioxarraren jokatzeko modua. Ez da beharrezkoa zelai erdian hain presio itogarria egitea, eta Pardok Celtako atzelarien bizkarrera eman ditzakeen paseak erabakigarriak izan daitezke.

Beste behin ere aurrelarien mugikortasuna eta abiadura izango da Realaren erasoko arma nagusia. Agirretxek Bartzelonaren aurka garaipenaren gola lortu arren, ez dirudi hasieratik ariko den. Vela eskuin hegalean jarri eta Ifran aurrean ikustea ez litzateke harritzekoa izango. Prietok erditik jarraituko luke, Montanier gustura baitago donostiarrak hegaletik urrun eman duen errendimenduarekin. Ezkerrean ez dirudi Griezmann aulkira joango denik oraindik.

Balaidos oroitzapen txarrak dakartzan zelaia da, batez ere 2002-2003ko denboraldiko partidagatik. Azkenaurreko jardunaldian 3-2 galduta, azpi txapeldun geratu ziren txuri-urdinak, eta ezin izan zuten hirugarren liga irabazi. Baina estatistikei begiratuta hain zelai txarra ez dela ikus daiteke. Azken partidetan emaitza onak izan dituzte Realeko jokalariek. Gaur egungo bolada mantentzea garrantzitsua izango da Europara sailkatu ahal izateko. Euforia hitza asko errepikatu da azken egunotan, eta Europaz hitz egiteari beldurra galdu zaio, baina goiburuan esan bezala, oinak lurrean jokatu behar du Realak Vigon. Ez da lehen aldia partida bikain baten ostean kale egin dutena. Ohiko ere bihurtzen hasi da. Bidea ezaguna da, aurkariak bezalako grina erakustea, zelai erdian eta erasoan gogor estutzea eta defentsan ahalik eta serioen aritzea. Hegaletatik min handia egiten ari dira txuri-urdinak, eta Balaidos bezalako zelai luze eta azkarra aproposa izan daiteke jokalarien egitasmoentzat.

Dena den, ez lokartzea komeni da. Paco Herreraren Celta ez da Bartzelona, baina joko ona egiten ari da Bigarren Mailatik igo berri den taldea izateko. Zelai erdian eta defentsan samurregia izateak kondenatu ditu partida askotan, baina azken norgehiagoketan asko hobetu du. Gol aukera ugari egiten dituzte partida bakoitzean eta aurkari deserosoak dira oso. Neguko merkatuan bi fitxaketa egin dituzte: Vadim Demidov txuri-urdin ohia eta Daniel Pranjic kroaziarra. Atzelari norvegiarrak hasieratik jokatzeko aukera asko ditu, eta aurrean bere taldekide ohiak izango ditu. Realan lehen urtea etorkizun oparokoa izan zitekeela zirudien arren, errendimenduak behera egin zuen nabarmen bigarren urtean eta Alemaniako talde batek fitxatu zuen. Ez ditu minutu gehiegi jokatu eta Espainiako Ligara itzuli da.

Erdilari kroaziarra duela hiru egun iritsi da, eta lehenengo aukeran sartu du Herrerak deialdian. Sporting Lisboak utzitako jokalaria da, internazionala eta eskarmentu handikoa. Minutuak izan ditzake bigarren zatian. Beste jokalarien artean, aurretik aipatu bezala, Aspas da jokalari arriskutsuena, baina Krohn-Delhi hegaleko daniarra, Park aurrelari hego-korearra, Augusto eta Oubiña erdilariak eta De Lucas eta Bermejo eskarmentu handiko aurrelariak arriskutsuak izan daitezke. Ofiziozko partida izango da. Kostata izerditu beharko du Realak hiru puntuak edo berdinketa lortzeko. Izan ere, dena ez da distira, lokatz artean ere jokatu behar da futbolean.

Deialdiak: 

Celta: Javi Varas, Sergio Alvarez; Jonny, Bellvis, Roberto Lago, Demidov, Cabral, Vila; Oubiña, Alex Lopez, Insa, De Lucas, Toni, Augusto, Abalo, Krohn-Dehli, Pranjic; Bermejo, Aspas eta Park.

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Iñigo Martinez, De la Bella, Jose Angel; Illarramendi, Markel, Pardo, Elustondo, Ros; Xabi Prieto, Vela, Griezmann, Chori Castro, Agirretxe eta Ifran.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS