Izarrak izan dira astebetez. Festa handia izan da, luzea, eta gozatu egin dute kameren aurrean eta egunkarietako goiburuetan; baina gutxi balio zuen horrek Balaidosen 16:00etan. Ilargitik jaitsi, oinak lurrean jarri eta laneko arropa jartzeko unea baitzen. Mahukak bildu eta erruz izerdi egin Donostiara irribarretsu eta Europatik gertu ailegatzeko. Ondo ekin zion Realak partidari, Celta baino maila bat gorago dagoela erakutsita, partida kontrolatuz, baina ordu erdian jaso zuen zaplaztekoa. Ongi jokatzea ez da aski, eta Celta aurretik jarri zen Ligan gehiegitan pasa den moduan.
Jakinaren gainean zeuden jokalariak, bazekiten Celta ez zela Bartzelona baino aurkari samurragoa, izarrak noizbehinka lerrokatzen direla soilik. Deportivoren aurka bezala, Elustondo atzelari gisa jartzea erabaki zuen Montanierrek, lesioengatik zeuden hutsuneak betetzeko. Zelai erdian Markel mantendu zuen, Bartzelonaren aurkako partida ona saritu eta taldeari oreka emateko. Horrek metro batzuk aurrerago jokatzeko askatasuna eman zion Illarramendiri. Erasoan teknikariak atseden eman zion Griezmanni, eta aste osoa osatzen eman zuen Chory Castrok ordezkatu zuen. Ifran ere hamaikakora itzuli zen.
Lehen minutuak urduri eman zituen Realak, zelai erdian bigunegi ibilita, asmatu ezinik. 6. minutuan, gainera, Choryk min hartu zuen, salto batean gaizki erori eta ezker txorkatila bihurrituta. Lehen zati guztia erdi-errenka eman zuen. Hala eta guztiz ere, erasoan arrisku gehien egin zuen jokalarietakoa izan zen. Bereziki aipagarria 30. minutuan egin zuen korrikaldia, gerora jokaldia ezerezean geratu arren. Uruguaiarraren txorkatila lotzen ari ziren bitartean, bost bat minutu jokalari bat gutxiagorekin egon ziren txuri-urdinak.
Celtaren lehenengo oldarraldia iritsi zen momentu horietan. Talde erasokorra zelairatu zuen Paco Herrerak, Park, Aspas, Krohn-Dehli eta Bermejo guztiak hasieratik jarraita. Hala, galiziarrek muzin egin zioten zelai erdian baloia ukitzeari eta joko zuzena bilatu zuten, Realeko atzelarien bizkarra bilatzera. Nahiko aurreratuta zeuden atzelari txuri-urdinak, baina Aspasen abiadurak eragindako pare bat estuasun kenduta, ez zuten gehiegi sufritu. Iñigo Martinez betiko mailan ibili zen, eta Elustondo txukun aritu zen.
Galiziarrek zelai erdian jokatzeari uko egiten ziotela ikusita, baloia lurrera jaitsi eta konbinazioen bidez min egiteko erabakia hartu zuen Realak. Berehala jabetu zen baloiaz eta etxeko taldean atzean sartzen hasi zen. Illarramendi izan zen lemazaina, Markel alboan prestu zuela. Xabi Prieto ere jokoaren eraikitzaile bihurtu zen, hegaletatik Vela eta Castro sastaka egiten saiatu ziren, hegaleko atzelarien laguntzarekin. Aurreko partidetan bezala, Carlos Martinez nabarmendu zen, maila handiko pare bat erdiraketekin. Bartzelonaren aurkako gol erabakigarrian bezala, ezkerrez maisuki erdiratu zuen 20. minutuan, Ifran atezainaren aurrean bakar-bakarrik utzita. Uruguaiarrak kale egin zuen guztia alde zuenean. Huts egite larria.
Hobeto jokatzen ari zen Reala, eta erosoen sentitzen zen momentuan etorri zen aurkako gola. Celta Bigarren Mailatik igo berri den taldea da, baina erasoan maila handiko jokalariak ditu. Horietako bi elkartu ziren gola eraikitzeko. Ezker hegaletik erdira abiatu zen Krohn-Dehli, area barruan pasea eman zion Aspasi, eta galiziarrak orpoz lehengo ukituan itzuli zion baloia daniarrari, hegalekoak Bravo engainatuta atea erraz zula zezan. Merezi gabe, baina atzetik zen Reala. Celtak partida txukuna egin zuen lehengo zatian. Izan ere, Krohn-Dheliren golaren aurretik, Augusto Fernandezek izan zuen beste aukera bat.
Reala berera segitzen jarraitu zen, eta erasoan jarraitu zuen. Celtako atzelariak, baina, fin zebiltzan, eta falta egin behar zutenean beldurrik gabe egin zuten. Hamar faltatik gora egin zituzten lehen zatian, eta hiru txartel hori ikusi. Partida zakarra izan gabe, txartel ugari atera zituen Paradas Romero epaileak. Realean, Elustondok ikusi zuen txartel horia lehenengo zatian, txuri-urdinek egiten zuten lehenengo faltan —hiru egin zituzten soilik lehen zati osoan—. Etxeko atzelarien artean Demidov Realeko jokalari ohia nabarmendu behar da. Vigora iritsi berri da eta taldekide ohien aurka ongi jokatu zuen, beti erne eta aurrelariei aurrea artzen. Finean, Donostian erakutsi zuen gabeziarik gabe. Gol bateko desabantailarekin iritsi zen atsedenaldia, baina okerrago izatekotan egon zen, 40. minutan Krohn-Dehlik area kanpotik bidalitako zartakoa maisuki urrundu baitzuen Bravok.
Atsedenalditik biziberrituta atera ohi da Reala, eta Celtaren aurka berdina pasa zen. Montanierren hizketaldia kamara batekin jarraitzeko modukoa izango da. Bartzelonaren aurka eta beste hainbat talderen aurka gertatu bezala, erasoan ekin zioten txuri-urdinek bigarren zatiari. Lau minututan iritsi zen saria. Eskuin hegaletik zetorren erdiraketa bat eskuarekin oztopatu zuen Augusto Fernandezek eta bigarren txartel horia iuksi zuen. Lehenengo zatian Markeli sarrera zakar bat egin ondoren ikusi zuen lehenengoa. Fernandezenarekin, bosgarren partida jarraian du Realak jokalari bat gehiagorekin Ligan. Marka da. Baina ez du aukera baliatzen asmatzen. Real Madrilen aurka galdu egin zuen eta Deportivoren aurka berdindu.
Celtaren aurka ere ez zuen asmatu. 49. minututik aurrera egurrean hasi ziren donostiarrak, erasoan behin eta berriz. Izan hegaletatik, erditik edo urruneko jaurtiketekin; baina ezin izan zuten galiziarren horma erautsi. Behin eta berriz egin zuten talka, eta burugogor jarraitu zuten bide beretik, minik egin gabe. Eta hori, goiz iritsi zela txuri-urdinen gola. Korner bat bikain burukatu zuen Elustondok 59. minutuan. Atzelari guztiei aurre hartuta, mugimendu paregabea egin zuen beasaindarrak sasoiko lehen gola sartzeko. Indarrean ibiltzeak saria izan zuen. Aurretik Chory gola sartzear izan zen.
Erosoa izan zen oso bigarren zatia. Celtak nahikoa zuen partida eustearekin, eta pare bat kontraeraso saiakera alboratuta ez zuen arriskurik egin. Paco Herreraren aldaketak berdinketa lotzeko gisa uler daitezke. Bitartean, txuri-urdinek berdin jarraitu zuten, baina gero eta fede gutxiagorekin. Velak izan zuen aukera, Agirretxe zelairatu zuen Montanierrek eta gola gertu izan zuen bizpahiru aldiz, baina nahiko lasai zegoen Celta. Partida ez zen zakartu, baina Celtak falta ugari eginda norgehiagokaren erritmoa jaitsi zuen. Epaileak ez zuen txartelen erritmoa jaitsi, eta etxeko taldea ernegatu zuen. Parkek txartel horia ikusi zuen aulkian zegoenean protesta egiteagatik eta Herrera entrenatzailea egotzi zuen luzapenaren aurretik Paradas Romerok. Realaren aldetik, Markelek eta De la Bellak ikusi zituzten txartel horiak. Bosgarrena dute bi jokalariek, eta ezingo dute Mallorcaren aurka jokatu hurrengo jardunaldian. Jose Angelen aukera izango da, azkenean ez baita Getafera joango eta Donostian geratuko da denboraldia amaitu arte.
Azken minutuetan azken oldarraldia egin zuen Realak. Lehendabizi zutoinera bidali zuen baloia Markelek. Minutu batzuk geroago, Xabi Prietok falta bat atera zuen eta Javi Varasek ozta-ozta urrundu zuen. Griezmannek izan zuen azken aukera luzapenean, baina haren errematea kanpora joan zen. Berdinduta azkenean, eta bidean bi puntu galdu izanaren irudipenarekin. Baikor izanda, lehian segitzen dute txuri-urdinek, Europatik gertu. Baina ezin da ukatu baliatu gabeko aukera bat izan dela Vigokoa, enegarrena. Bidean gelditu diren puntu horiekin, lehenengo seien artean egongo lirateke donostiarrak. Dena den, hurrengo astean Mallorcari irabaziz gero, ona izango da berdinketa.
Fitxa teknikoa:
Hamaikakoak:
Celta: Javi Varas; Jonny, Cabral, Demidov, R. Lago; Oubiña, Bermejo (55. min. Pranjic), Augusto Fernandez, Park (61. min. Natxo Insa), Krohn-Dehli; Aspas (45. min. Alex Lopez)
Reala: Bravo; Carlos Martinez, Elustondo, Iñigo Martinez, De la Bella; Illarramendi (76. min Pardo), Markel, Vela, Prieto, Chory Castro (69. min. Griezmann); Ifran (60. min. Agirretxe)
Golak: 1-0: Krohn-Dehli, min. 32. 1-1-: Elustondo, min. 59
Txartelak: Horia: Celtako Krohn Delhi (17. minutua), Cabral (29. minutua), Augusto Fernandez (42. minutua), Roberto Lago (75. min) eta Park (86. minutua) jokalariei eta Realeko Elustondori (19. minutua), De la Bellari (64. minutua) eta Markeli (83. minutua). Gorria: Celtako Augusto Fernandezi (49. minutuan) eta Paco Herrera entrenatzaileari (86. minutuan).
Jokalari onenak:
3.- Claudio Bravo: Partida lasai batean oso erne egon eta bi geldiketa bikain egin zituen. Golean ezin izan zuen ezer ere egin, baina izugarrizko geldiketa egin zion Krohn-Dehliri lehenengo zatian (2-0ekoa izango zen). Bigarren zatian Celtak izandako aukera bakarrari erantzun ona eman zion gero.
2.- Gorka Elustondo: Bikain hartu zien aurre Celtako atzelariei eta burukada on batekin sartu zuen berdinketaren gola. Defentsan gutxi sufritu zuen. Ordezko interesgarria izan daiteke defentsan hutsuneak daudenerako.
1.- Asier Illarramendi: Taldeko lemazaina beste behin ere. Jaun eta jabe zelai erdian eta erasoan agertzeko askatasunarekin. Gustura jokatzen ari zen, baina Montanierrek Pardorengatik ordezkatzea erabaki zuen 76. minutuan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario