domingo, 3 de febrero de 2013

AMETSAK EGONKORTZEKO


Europa, oraindik ere Europa. Hain urrun eta hain gertu. Aste batean amets egiteko arrazoiak eman, eta hurrengoan haien hauskortasunaz jabetu. Lehenengo sei sailkatuen —edo zazpi edo zortzi— artean egon nahi du Realak, baina behin betiko pausoa eman behar duen bakoitzean kale egiten du. Amesten beti, baina desioak bete gabe. Jardunaldiak pasa, Liga amaiera gero eta gertuago izan eta beti leku berean. Ametsa eskura, baina eskuratu ezinda. Hiru puntu gutxi dira, partida bakarra, baina hesi psikologiko handia bihurtu du. Ametsak amets izanda, erraz egin dezakete ihes, baina amets horiek egonkortzeko, amesten jarraitzeko eskubidea izateko aukera du Realak igandean, San Blas Egunean, Mallorcaren aurka (21:00 C+L, GolT).

Ametsen motorra izango diren jokalariak erabakitzeko zalantza gutxi izan ditu Montanierrek aste honetan. Lehen taldetik dei zitzakeen 18 jokalariak deitu ditu. Txartelen ondorioz egotzitakoek eta min hartuta daudenek baldintzatu dute deialdia. De la Bellak eta Markelek bosgarren txartel horia ikusi zuten Balaidosen, Mikel Gonzalezek osatu gabe jarraitzen du eta Zurutuzak min hartu zuen asteazkenean Iñigo Martinezen sarrera gogor baten ondorioz. Hala, Ansotegiren eta Cadamuroren itzulera da albiste nagusia. Bizkaitarra min hartuta egon zen pasa den astean, eta horregatik jokatu zuen Elustondok bere ordez. Aljeriarra Afrikako Kopatik kanpo geratu da. Partida bakarra jokatu du, eskuin hegaleko atzelari gisa, eta bere selekzioak ezin izan du partidarik irabazi.

Bi atzelariak deialdian ikusita, biderkatu egin dira Montanierrek zelaraituko duen hamaikakoaren inguruan. Elustondo ez da atzelaria, eta jakina da Montanierrek gogoko duela beasaindarrak zelai erdian egiten duen lana. Baina Balaidosen lan txukuna egin zuen, gol eta guzti. Deportivore aurka jokatu egin behar izan zuenean ere egoki ibili zen. Horregatik ez litzateke harritzekoa izango beste behin ere atzeko laukoan jokatzea. Izan ere Ansotegi erritmoa hartu gabe dago eta Cadamurok oso minutu gutxi izan ditu

Itxaropen handia dago, baina irregulartasunaren erregulartasunak eragozten du bultzada. Bultza eta bultza, indarrik gabe geratzen dira askotan txuri-urdinak. Azken bost partidetan jokalari bat gehiagorekin jokatu dute donostiarrek, eta aurkariaren atea setiatzen saiatu dira. Bihotz betez, kolpez kolpe arerioak bandera zuria atera arte. Baina bihotzak burua lagun ez duenean huts egiten da. Bost partida horietan jokoan zeuden 15 puntuetatik erdia baino ez ditu eskuratu: zortzi. Zazpi airean geratu dira. Gehiegitxo Europa jomugan duen talde batentzat.

Eta halere, bolada ezin da txartzat jo. Ligako azken 11 partidetatik bakarra galdu dute txuri-urdinek. Real Madrilen aurka gainera, Santiago Bernabeun, 4-3. Hori bai, partida osoa jokalari bat gehiagorekin jokatuta. Izan ere, botila erdi hutsa eta erdi betea ikusten duten zaleek aldeko argudioak dituzte. Pozteko eta kopeta zimurtzeko arrazoiak elkar uztartzen baitira. Malagan etxetik kanpo lortutako bide hura jarraitu nahi dute txuri-urdinek. Bidean aurkari gogorrak topatu dituzte, Realaren goranzko ibilbidea oztopatu nahi izan dutenak. Baina Valentzia, Sevilla edo Bartzelona donostiarren aurrean makurtu dira.

Izen handiko taldeei irabazi zaie, baina sailkapenaren zuloan dauden aurkarien aurka egin da kale. Azken bagoian dauden taldeak itxi egiten dira, Realaren erasoko joko alaia oztopatzeko. Bai asmatu ere. Deportivo, Celta, Osasuna eta Granada bezalako taldeen aurka sufritu egiten dute txuri-urdinek. Eta multzo horretako taldea da Mallorca, txuri-urdinentzako oroitzapen txarrak dakartzan taldea. Izugarrizko bolada txar baten ondorioz, jaitsiera postuetan dabiltza, egoera irauli ezinik.

17 punturekin Deportivo soilik dute atzean —baldin eta Galiziarrek larunbatean Getaferen aurka ez irabazi izan—. Balearrek hiru puntura dute salbazioa. Bolada negargarria da oso, larritzeko modukoa. Azken 48 puntuetatik sei eskuratu dituzte soilik. Horregatik, ez da harritzekoa Joaquin Caparrosek bere postua arriskuan ikustea.

Badaezpada ere Serra Ferrer kirol zuzendariak teknikari andaluziarra berretsi du. Baina berrespena behin baino gehiagotan kalera bota aurreko pausoa besterik ez da izaten. Beraz, Anoetakoa match-ball bat izango da Caparrosentzat. Emaitza txarra izanez gero, kalera. Dena den, presioa ondo kudeatzen duela erakutsi du entrenatzaileak behin baino gehiagotan. Azkeneko jardunaldian, Malagaren aurka galdu arren, itxura ona eman zuen Mallorcak.

Defentsan ditu arazo nagusiak Caparrosek, izan ere gol mordoxka jasotzen ari dira. Hori gutxi balitz, Aouatek min hartu du eta hilabete batzuk emango ditu atepetik urrun. Miño jardunaldi askotan ordezko gisa aulkian egon den arren Calatayudek jokatu zuen Malagaren aurka. Zaragozaren atezain ohiak jokatuko du ziur aski Anoetan ere.

Lesioak ere gaitz larria izan dira denboraldi honetan Mallorca aldean. Aouatez gain hainbat jokalarik hartu dute min denboraldian zehar. Orain Bigas atzelaria dago lesionaturik, zuntz-haustura batekin. Nunes, Javi Marquez, Joao Victor, Gimenez, Antonio Lopez eta Gio Dos Santos dira arazo fisikoak izan dituzten beste jokalari batzuk.

Sailkapeneko egoerak nahastera eraman dezake Mallorca jarraitu ez duen zale bat baino gehiago. Izan ere, balearrek badituzte maila handiko jokalari bat baino gehiago. Horien artean Giovanni Dos Santos mexikarra nabarmentzen da. Jokalari gaztea, trebea, azkarra eta bat bikoan bikaina. Vela txuri-urdinarekin parekatu daiteke, Cancunekoa maila bat gorago dagoen arren. Txuri-urdin ohi Victor eta Hemed ere denboraldi ona egiten ari dira. Bi aurrelariak, haien golekin, dira Caparrosen makulua. Realean izandako beste bi jokalari daude Mallorcan. Batetik Nsue, eskuin hegaleko atzelari gisa jokatzen ari dena, eta, bestetik Marti beteranoa, aulkian gehienetan. Oroitzapen onak utzi zituzten biek Anoetan, baina arerio gisa bueltatuko dira oraingoan.

Egoera iraultze bidean hiru fitxaketa egin ditu Mallorcak neguko merkatuan: Luna, Tissone eta Hutton. Luna Sevillatik datorren erdilaria da. Tissone ere erdilaria da eta Mallorcan jokatu izan du orain arte. Hutton eskoziarra, berriz, eskuin hegaleko atzelaria da, 26 urte ditu eta Aston Villak utzita iritsi da. Azken fitxaketa Nsuek baliatuko du bereziki, erasoan jokatzera pasako baita. Hirurak hasierako hamaikakoan jar ditzake Caparrosek.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Iñigo Martinez, Ansotegi, Jose Angel, Cadamuro; Illarramendi, Elustondo, Pardo, Ros; Xabi Prieto, Carlos Vela, Griezmann, Chory Castro, Ifran eta Agirretxe

Mallorca: Calatayud, Miño; Hutton, Anderson, Antonio Lopez, Kevin, Fontas, Geromel, Nunes; Pereira, Nsue, Giovani, Javi Marquez, Tissone, Marti, Luna, Alfaro; Tomer eta Victor



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS