viernes, 22 de febrero de 2013

ETA DERBIA DA

11 puntuko aldea, talde bat Europara begira eta bestea, zeharka, amildegiari so; aro gozoa batentzat, iluna bestearentzat; positibismoaren eta ezkortasunaren aldea; bolada kontua; adorea eta beldurra. Baina derbia da. Aurreko adibide guztiak egia dira, eta Reala Athletic baino une nabarmen hobeagoan dago, bai; baina 21:30ean ez du baliorik izango. Zelai gainean aldeak murriztu egiten dira, eta adorea, grina eta harrotasun kontua da —noski, baita teknika, kalitate eta burua hotz mantentze kontua—, ez sailkapena edo orain arte egindakoa. San Mames historikoki ez da plaza ona izan txuri-urdinentzat, porrot eta lapurreta sinonimo izan da urte luzez; baina derbia da, azkenekoa gainera kasu honetan. Derbia da, eta derbi guztiak bezala, kosta ahala kosta irabazi nahi dute bi taldeek.

Ordutegien zirku burugabeak ostiralera mugitu du aurtengo derbia, partida atariko festa giroa nabarmen kaltetuz. Dena den, harmailak lepo beteko dira, ilara luzeak egon baitira bai Anoetan bai San Mamesen. Bi taldeek merezitako agurra eman nahi diote katedral zaharrari, hainbeste gau handiren lekuko izan den zelai handiari. Alboan eraikitzen ari dira zelai berria, San Mames Barria, eta hurrengo derbia bertan jokatuko da. Baina historiarako geratuko da gaurko norgehiagoka. Ozenago orro egiten duen taldea oroituko dute jarraitzaileek hemendik hamarkada batzuetara.

Reala eta Athleticen arteko partida guztietan bezala, berezia izan da oso derbiaren aurreko astea. Alde bateko zein besteko jokalari, entrenatzaile, presidente eta zaleek hizpide izan dute gaur gauekoa. Ohikoa baino beldur gehiago nabari da Bilbo aldean, eta hazita eta puztuta dira zale donostiarrak. Egia esan, gehiei gauza onerako. Epailearengan jarri dute arreta zuri-gorriek. Ander Herrera izan zen lehena kexatzen, eta Josu Urrutia presidenteak ere aipatu du “atentzioa deitzen” diola Realeko aurkariek txartel gorria ikusi izana zortzi partidan jarraian. Undiano Mallencoren aurrekariak ere tentu handiz aztertu dituzte, harekin askotan galdu dutela nabarmenduta. Baina ahaztu egin dute iaz Velak sarturiko gola, eta ez dute hitzik egin Adurizek eskuarekin baloia ukitu ondoren epaileak Athleticen aldeko penaltya adierazi zuen derbi hura. Memoria auzoka doa.

Faboritoa, zalantzarik gabe, Reala da. Jokoari eta sailkapenari begiratuz gero, Reala bikain dabil, eta Athletic iazkoaren itzal ñimiñoa baino ez da. Txuri-urdinen bolada onak, Real Madrilen aurka urtarrila hasieran galdutako partidak porrota ezagutu gabe egoteak, irrigarri uzten ditu zuri-gorriak. Pattal dabiltza bizkaitarrak. Oso eskas. Denboraldia hasi aurretik kirol esparrutik kanpo edukitako arazo guztiek gain hartu dute. Lorezain arduradunarekin hasi zen aferari, Fernando Llorantek jarraipena eman zion eta Javi Martinezek urratu zuen guztia. Denboraldian zehar Errioxako aurrelariarekin egondako ika-mikak eta Amorebietak eman dituen arazoak gehiago zorabiatu du dena, elur bola erraldoiak guztia zipriztindu duen arte.

Baina derbia da, eta ordu eta erdiz ez da hori zelai gainean islatuko. Bielsak arazo dezente eduki ditu deialdia prestatzeko. Hainbat jokalari min hartuta ibili dira, eta azken unera arte osatu ezinik ibili dira horietako asko. De Marcos, Munian, Llorente eta Amorebieta ziren horietako batzuk, eta azkenean deitu ditu Rosarioko teknikariak, baina ez dirudi hasieratik ariko direnik, ez guztiak behinik behin. Bielsak hamaikakoa egun bat lehenago esateko ohitura du, eta oraingoan halakorik egin ez duen arren, osteguneko entrenamenduko hamaikakoa erabiliko duela dirudi. Hala balitz, Raulek atean jarraituko luke, Iraolak, San Josek, Laportek eta Aurtenetxek osatuko lukete atzealdea; Iturraspe, De Marcos eta Herrera ariko lirateke zelai erdian; eta Susaetak, Adurizek eta Ibai Gomezek izango lukete gola sartzeko ardura. Ekiza eta Gurpegi, min hartuta biak, deialditik at geratu dira.

Montanierrek arazo gutxiago eduki ditu deialdiko hemezortzi jokalariak erabakitzeko. Min hartutako jokalaririk gabe —Gorka Elustondo osatu baita, baina erritmoa hartu beharrean dago—, Ros, Cadamuro Jose Angel eta Elustondo geratuko dira Donostian. Bestalde, Zurutuza deialdira itzuli da, Iñigo Martinezek entrenamendu batean egindako sarreratik osatuta, hilabete geroago. Estrada ere hamaikakora itzuli da. Ez da ohikoa zazpi atzelari deialdi batean sartzea, eta Jose Angelen lekua hartu du Estradak oraingoan.

Zalantza nagusiak zelai erdian daude. Jokatu dituen azken partida onen ondoren, Markelek jarraituko al du zelai erdian? Elgoibatarren presioa eta defentsako lan iluna garrantzitsuak dira San Mames bezalako plaza lehiakor batean. Edo izango du Pardok behingoagatik bere dohainak erakusteko aukera? Zurutuza hasieratik jokatzeko moduan da? Erasoan ere zalantza bat edo beste dago, bereziki Griezmannen sasoi eskasa ikusita. Agirretxerekin jokatu edo 9 faltsu batekin aritzea da kontua. Zuri-gorriak atzealdean izaten ari diren zailtasunak kontuan hartuta, Velak eta enparauek min handia egin dezakete. Izan ere mexikarra begiz jo dute bizkaitarrek, haren dohainez beldur direla dirudi. Iaz sartu zien gola, epaileak balio gabe utzi bazuen ere, eta aurten Anoetan jokaturiko derbian ere penaltiz gola sartu zuen. 2-0 amaitu zen derbi hura. Aurrelari trebea gelditzeko modu bakarra falta bidez izan daiteke, Athletic defentsan izaten ari den ahuleziak eta erabiltzen duen gogortasuna aintzat hartuta. Hari horri tiraka, Velak jasotzen duen falta kopurua eta eragiten duen txartel kopurua begiratuta, bederatzigarren txartel gorria etor liteke.

Derbia izanik, zinez berezia izango da gaur gauekoa, baina badu gehigarri bat, partidari are eta gatz eta piper gehiago botatzeko aitzakia. Realak irabaziz gero, eskura izango du Txapeldunen Liga —Malagari ezarritako zigorra kontuan izanda, Txapeldunen Ligako postuan egingo luke lo taldeak—, eta Europako Ligako postuetan egonkortuko da. Europa ametsa baino zerbait gehiago da jada. Athleticek, garaipena behar beharrezkoa du, jaitsieraren mamua baztertu nahi badu. Sei puntura du uneotan, baina aldea gero eta murritzagoa da. Larregi sufritu nahi ez badute, irabaztera derrigortuta daude, eta hala mintzatu da Bielsa partida atariko prentsaurrekoan.

Dena prest da, eta dagoeneko jende ugari egongo da Bilbon elastiko zuri-gorria eta txuri-urdina soinean eta bufanda airean astinduz. San Mamesen bi taldeek elkarren aurka jokatuko duten azken derbia izango da, historiarako geratuko den eguna. Eta txuri-urdinek merezi duen moduan agurtu nahi dute San Mames zaharra; garaipenarekin, alegia. Eta derbia da.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Iñigo Martinez, Mikel Gonzalez, Ansotegi, De la Bella; Illarramendi, Markel, Pardo, Zurutuza; Xabi Prieto, Griezmann, Chory Castro, Vela, Agirretxe eta Ifran.

Athletic: Raul, Iraizoz; Iraola, San Jose, Laporte, Aurtenetxe, Amorebieta, Ramalho; Iturraspe, De Marcos, Herrera; Susaeta, Ibai Gomez, Igor Martinez; Aduriz, Muniain, Llorente eta Toquero.


No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS