Historiarako geratuko da: San Mameseko azken
euskal derbia Realak irabazi du. Nola, gainera; Athletic nagusitasunez 1-3
irabazita. Partida atariko kezkak eta urduritasunak uxatu eta festa lehertu zen
Carlos Velak hirugarren gola sartu zuen unean. Txuri-urdinez jantzi ziren
Bilboko kaleak, eta lehoiek txuri-urdinez egin zuten orro Donostiako martxa
hirian barrena entzun zenean. Bosgarren postuan da Reala, Europan, Txapeldunen
Ligako postuetan Malagaren zigorra dela eta, egonkortuta. Amets zena,
errealitate bihurtu da, eta aurrera darrai, etenik gabe.
Burua makurtu beharko dute Athleticeko zaleek eta giza legez onartu beharko
dituzte realzaleen isekak eta burlak. Egoera nahasia bizi du Bilboko taldeak,
eta kontuz ez badabil ataka estuan sartuko dira. Sei puntura daude jaitsiera
postuak, eta azpitik dituzten taldeek partida bat gutxiago jokatu dute.
Derbitik txuri-urdinak atera dira garaile, eta halakoetan garesti ordaintzen
dute galtzaileek. Kostatu da, baina behingoz irabazi da San Mamesen, azken
norgehiagokan gainera.
Eta hori azken unean ezkortasuna nagusitu zela Gipuzkoan. Vela aulkian
geratuko zela baieztatu zenean, haserrea gailendu zen, zaleek erabakia ulertu
ez zutelako. Montanierrek Agirretxek buruz duen nagusitasuna bilatu nahi zuen,
eta bigarren zatira begira, mexikarrak freskotasunez laban baten gisa egin
zezakeela irudi zitzaion. Azken emaitza ikusita, asmatu zuela esan liteke. San
Mames ez da Anoetaren antzeko plaza, zelaia txikiagoa da eta baloia goitik asko
jokatzen da. Realeko jokalariek ezin zuten euren ohiko jokoa egin, eta joko
zuzena erabiltzera behartuta zeuden.
Halakoak izan ziren partidako lehen minutuak. Bi taldeek joko zuzena
erabili zuten. Zelai erdian gutxi jokatzen zen, eta defentsek eta aurrelariek
zuten baloia jokatzeko ardura. Hala, Realeko jokalariek San Joseri eta Laporti
utzi zioten baloia jokatzen ateratzen, kosta egingo zitzaiela pentsatuta. Baina
uste baino erosoago aritu ziren bi atzelariak, eta arriskuko jokaldiak eragin
zituzten Realeko atzelarien bizkarrera bidalitako pase luzeekin. Illarramendi
eta Markel desagertuta zeuden, eta apurka Athletic nagusitzen hasi zen. Dena
den, txuri-urdinek ez zuten asko sufritu, eta erdiko bi atzelariak eroso egon
ziren partida osoan zehar. Aduriz maila handiko aurrelaria da, baina ezin izan
zuen ezer egin Iñigo Martinezen eta Mikel Gonzalezen aurrean.
Hegaleko bi atzelariek, baina, gehiago sufritu zuten, eta zuri-gorrien
arriskuko jokaldi guztiak hegaletatik etorri ziren. Reala atzera egiten hasi
zen, eta gutxitan iritsi zen Raul Fernandezen area ertzera lehen minutuetan.
Lehen abisua goiz egin zuen Atlheticek. Erdiraketa bat bikain errematatu zuen
Adurizek, bi atzelarik oztopatu zuten arren, eta Bravok are hobeago gelditu
zuen, jauzi itzel batekin baloia kornerrera aldenduta. Bilbotarren minutu
onenak ziren, eta gozatzen ari ziren Reala pixkanaka atzera eta atzera botaz.
Askotan gertatzen da hori, Athleticek beti oldarkor hasten baititu partidak,
bultza eta bultza kemenez golaren bila. Ander Herrera eroso zebilen jokoa
eraikitzen eta zuri-gorriek segituan berreskuratzen zuten baloia.
Gola iritsiko zela zirudien. Tamalez, hala izan zen. Aurtenetxek erdiraketa
on bat egin zuen ezker hegaletik, eta Ibai Gomezen bolea aparta geldiezina izan
zen. Marrazki bizidunetan sarea apurtuko luke halako zartako batek. Bigun ibili
ziren jokaldian txuri-urdinak; bai erdiraketa galarazteko, baita jaurtiketa
oztopatzeko. Hurrengo bi minutuetan gola sartzear egon ziren zuri-gorriak,
baina kanpora jaurtiki zituzten edukitako bi aukera garbiak. Realarentzat kolpe
latza izan zitekeen, eta batek baino gehiagok atsedenaldira gol bateko
desabantailarekin iristea balekotzat jo zuten. Baina gehien behar zen momentuan
agertu ziren erasoko jokalariak. Chory Castrok ezker hegaletik erdiraketa
bikain bat egin zuen. Griezmannek burua sartu eta sareetara bidali zuen area
txikitik. Iraola lo harrapatu zuen jokaldiak, eta Raul Fernandezek gehiago egin
zezakeela zirudien, jokalari batek ezin baitu atezainaren area barnean baloi
bat burukatu. Horrenbestez, bana amaitu zen lehenengo zatia.
Etxeko taldeak sentsazio onekin amaitu zuen lehenengo zatia, eta Reala
pozik zen berdinduta egotearekin. Zuri-gorriek lehen zatiko joko ona berretsi
nahi zuten bigarren zatian; baina sasoi honetan maiz gertatu den bezala,
bigarren zatian itzal bat agertu zen soilik. Realak ondo konpondu zituen lehen
zatiko akatsak. Presioa gorago egiten hasi zen, batez ere lasaitasun osoz ibili
zen Herrerari. Zaragozako erdilari ohia ernegatu egin zen, eta protestaka pasa
zuen bigarren zatia, jokaldi on bat egiteko gai ez zela ikusita. Atzelariek ere
egin zituzten metro batzuk aurrera, eta Illarramendi zelai erdiaren jaun eta
jabe izan zen. Lemazaina belaontzian.
Bazirudien zelaiak aldapa zuela. Realak lehen zatian maldan gora jokatu
zuela, eta bigarren zatian zelaiz aldatuta maldan behera jokatu zuela. Lehen
zatiko zailtasun guztiak erraztasun bihurtu ziren. Orain Athletic zen atzera
ari zena, eta Reala aurrera. Xabi Prietok bihurrikeriak egiten zituen eskuin
hegalean. Griezmann eta Chory dantzaleku batean baina mugimendu gehiago egiten
zituzten. Eta atzelari zuri-gorriek jada ez zekiten zer egin. Horren erakusle
da bigarren golaren aurretik gertatuko guztia. Prietok enegarrenez barregarri
utzi zuen Aurtenetxe, nahieran baloia eramanda. Bielsak, suminduta, aldaketa
egitea erabaki zuen; Aurtenetxe aulkira, Muniain barrura. Bi mezu zituen
aldaketak: batetik, erasora zihoan talde zuri-gorria; bestetik, zigorra
Aurtenetxeri eta abisua taldekideei. Bielsaren komodina, De Marcos, jarri zen ezker
hegalean. Hurrengo jokaldian falta zentzugabe bat egin zuen arabarrak area
ertzean. Arriskutsua oso. Falta Castrok atera zuen, itxi-itxia. Raulek huts
egin zuen baloia gelditzerakoan, eta Agirretxek sareetara bultzatu zuen.
Hutsegite bat baino gehiago jarraian zuri-gorrien defentsan, hondamendia
atezainarentzat; eta zoramen txuri-urdina. Bigarren atzaparkada, eta lehenengo
orroa. Ileari tiraka egongo zen San Mames zeruan.
Baina ez zen aski. Realak denboraldi honetan izan duen akats errepikatuena
partidak ahal bezain azkarren ez ixtea izan da. Gola sartu ondoren, Agirretxe
Velarengatik ordezkatzea erabaki zuen Montanierrek. Athletic atzean erakusten
ari zen biguntasuna ikusita, eta etxean derbia galtzen joanda arriskatu behar
zuela pentsatuta; aldaketa bikaina. Goza zezakeen mexikarrak. Eta hala izan
zen. Athletic joko zuzenarekin saiatu zen, baina Realaren atzealdea sendo
zegoen. Gainera, baloia berreskuratzen zen bakoitzean, arriskua zegoen.
Zurutuzari minutuak eman zizkion teknikariak. Sartu eta berehala etorri zen
hirugarren gola. Rochefortekoak ukitu zuen lehenengo baloian, pase bikaina eman
zion Velari. Bakar-bakarrik geratu zen mexikarra, ez zuen atzelaririk alboan,
eta zutoinaren ondotik sartu zuen gola. Oraingoan Fernandezek ezin izan zuen
ezer egin. Baina non ziren atzelariak? San Jose Xabi Prietoren bila joan zen
ezker hegalera, donostiarrak eskuinera desmarke bikaina egin baitzuen. Laporte,
Griezmanni begira zegoen. Ez bat eta ez bestea, zuri-gorriek askotan egindako
huts egitea.
Gol festa handiagoa egiteko denbora zegoen oraindik, baina Realak ez zuen
zauria handitzerik nahi izan. Athletic alferrik saiatu zen, konfiantzarik gabe
egiari zor. Buru makur, zaleak zelaitik joaten hasi ziren, porrota kiroltasunez
hartu beharrean. Athleticeko zaleak, marmarka, pentsakor; bitartean, Donostiako
Martxa entzuten zen Realaren jarraitzaileen artean. Orro egiten ari zen San
Mames azken derbian. Azken euskal derbiko azken orroa amaierako minutuetan; eta
orroa kolore txuri-urdinekoa zen. Amets bete orro, hor dagoelako Europa,
eskura. Azken unerarte, Europari lotuta egongo delako orro txuri-urdina.
Partidako onenak:
3.- Antoine Griezmann: Itzuli da. Realak gehien behar zuen unean sartu
zuen gola, eta San Mames lasaitzeko eskatu ospakizunean. Erasoan min dezente
egin zuen gainera.
2.- Chory Castro: San Mamesen irabazi zuen jokalari bakarra zen.
Desborde handiko jokalaria dela erakutsi zuen. Sasoiko dabil, horren adierazle
lehenengo goleko erdiraketa bikaina; baita bigarren golekoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario