lunes, 4 de marzo de 2013

HARRO EGOTEKO MODUKOA


Etxean hiru gol sartu, eta ezin irabazi. Hamar minututan markagailua irauli, eta hortik gutxira beste gol bat jaso. Lehen zatian lau aukera garbi izan, legez kanpoko gol bat sartu, baina atsedenaldira galtzen iritsi. Eta, hala ere, txalo zaparrada jaso. Irabazi ez arren, harro egoteko moduko partida jokatu baitzuen igandean Realak Betisen aurka (3-3). Hala ulertu zuten zaleek, jokalariak heroiak baliran agurtuta. Gau magikoetako elektrizitatea zerion Anoetako atmosferari. Talde honek badu zerbait, zaleak aulkitik altxarazteko gai den zerbait; badario nolabaiteko sentipen bat; aurtengoan baietz, izango dela urte berezi eta emankorra.

Betis eta Realaren jardunaren inguruko paralelismoak azaleratu ziren aste osoan partidaren aurretik. Antzeko puntuak dituztela biek, buru-belarri murgildu direla Europarako lehian orain gutxi Bigarren Mailako garraztasuna ezagutu zuten arren; joko alaia eta erasokorra gustuko dutela eta gozatzen dela haien partidak ikusten. Bada, aurreikuspen guztiak bete ziren, nola gainera, sasoiko partida zirraragarriena eskaini baitzuten biek ala biek. Gol festa zaleen zoramenerako eta sufrikarioa atzelarientzako eta teknikarientzako. Dinamita dute erasoan bi taldeek, eta Anoetako gauean eztanda egin zuen.

Derbiaren ondoren, hazita iritsi ziren donostiarrak. Mundua jateko gai, irabazteko gosez. Bi jokalari garrantzitsu deialditik at geratu ziren, min hartuta: Illarramendi eta Chory Castro. Berdin zion, Zurutuza eta Agirretxe zelairatu eta lixto. Partidaro geratzen da jokalari garrantzitsuren bat jokatu gabe. Hamaikakoa baino, taldea da aurtengoa. Lehenengo jokalditik argi eta garbi geratu zen nolakoa izango zen partida: bizia eta erasokorra. Epaileak hasiera adierazi bezain pronto, lehen pasea atzera jo beharrean, erasora oldartu zen Betis, eta Reala oharkabean hartzekotan egon zen. Carlos Martinezek ozta-ozta bidali zuen baloia kornerrera. Segidan Realak izan zituen aukera nabarmenenak. Betisen atzeko lerro aurreratua baliatuta, hegaleko atzelarien bizkarra bilatu zuten etengabe. Behin baino gehiagotan aurkitu zuten, eta hegaletatik min handia egin zuten. Gola, baina, ez zen iristen.

Bi taldeak bere jokatzeko erara fidelak izan ziren. Ez ziren aldatu aurrean zuten  aurkaria gelditzeko, bere indarguneetan sinetsita zelairatu ziren. Hala, partida bizia eta erasokorra eskaini zuten Betisek eta Realak. Ikusgarria izan zen zelai erdiko lehia. Bereziki polita izan ez bazen ere, gerlariak bezala aritu ziren bi aldeetako erdilariak baloiak ostu eta erasoko pase zitalak ematen. Beñat gertutik jarraitu zuen Markelek, eta Igorrekoa ez zen eroso egon. Hain kalitate handiko jokalaria izanik, jokaldi on bat baino gehiago egin zituen, halere. Izan ere, hura da sevillarren birika, berak hasten ditu erasoko jokaldi guztiak. Baloiaren bila jaisten da, eta gainontzeko jokalariek bera bilatzen dute. Realak, berriz, normalean baino joko zuzenagoa egin zuen; akaso, Illarramendi falta zelako. Dena den, etekina atera zion halako jokaldiei. Behin baino gehiagotan, Iñigo Martinez bera zen baloi luzea jartzen zuen jokalaria.

Erabat nagusitu zen Reala lehenengo zatian. Baita barkatu ere. Griezmannek gol ikusgarria sartu zuen, baina epaileak baliogabe utzi zuen. Frantziarrak errematea egin aurretik jokoz kanpokoa adierazi zuen marrazainak, gerora errepikapenean huts egin zuela ikusi zen arren. Txuri-urdinek estu hartu zuten Betis, eta atezainak balio handiko geldiketa bat baino gehiago egin zituen.  Adrian azaltzen ez zenean, zutoina agertzen zen, edo gutxigatik kanpora botatzen zuten baloia aurrelariek. Horietako jokaldi batean, Agirretxek zutoinera bidali zuen Velak erdiraturiko kornerra. Damutzeko denbora izan aurretik, Betisek kontraeraso azkarra antolatu zuen. Bizpahiru pasetan Bravoren aurrean geratu ziren, Pabonek bakarrik utzi zuen Jorge Molina, eta aurrelariak gola sartu zuen. Kanpokoen lehen aukera garbia ¾aurretik ere iritsi ziren arren¾, eta gola.  30. Minutua zen eta kolpe gogorra izan zen, etxekoak nagusi zirelako.

Baina txuri-urdinek ez zuten amore eman, eta berera jarraitu zuten, Betisek kontraerasoan min egin arren. Realak oso goran egiten zuen presioa, eta jokalari ugarirekin erasotzen zuen. Betisek presio hori gainditzen zuenean, erasoan min egiteko beta garbia edukitzen zuen. Banakoa gertu egon zen, baina 0-2koa ere ez zegoen urruti. Bigarren zatiko eromenaren lehen sintomak izan ziren. Lehen zati bikaina jokatuta ere, atzetik ziren txuri-urdinak, baina zaleek txaloka agurtu zituzten jokalariak.

Eromena, epaileak bigarren zatiaren hasiera adierazi bezain pronto iritsi zen eromena. 49. Minutuan Beñatek pase sakona eman zion Paboni. Mikel Gonzalezek eta Bravok ez zuten elkar ulertu, aurrelaria azkarragoa izan zen eta bigarren gola sartu zuen. Erabakigarria? Akaso beste talde baten aurka, baina 2012-2013ko Realak ez du amore ematen. Amore ez emateaz gain, oldartu eta joko ona egiten du. Bi minutu behar izan zituen soilik aldeak murrizteko. De la Bellaren erdiraketa bat konfiantza osoz borrokatu zuen Agirretxek buruz. Aldaratzea Velari iritsi zitzaion eta denboraldiko hamabigarren gola sartu zuen.

Mexikarra gola ospatzen ari zela, guztiek sinesten zuten posible zela markagailua iraultzea. Berrogei minutu zeudela atzetik eta posible zela beste gol bat sartzea.  Pentsatu eta egin, bost minutu geroago. Korner batean iritsi zen gola, gainera. Motzean jokatu zuten, Velak erdiratu eta Iñigo Martinezek sareetara bidali zuen. Berdinketarekin nahikoa ez, eta garaipenaren bila joan ziren txuri-urdinak. Martinezek gola sartu eta bost minutura iritsi zen saria. Epaileak Mariok baloia eskuarekin jo zuela iritzi zion, eta Prietok ez zuen barkatu. Donostiarrak sei urte daramatza hutsik egin gabe. Profesionala denetik penalti bakarra huts egin du. Atzo, panenka erara bota zuen.

Baina, eromenerako partida zen igandekoa, eta Betisek lau minutu geroago berdindu zuen. Pabonek eta Ruben Castrok bat bikoa egin zuten, eta kolonbiarrak bere bigarren gola sartu zuen. Betisek aukera gutxiago izan zituen, baina gehiago asmatu zuen. Hogei eta bost minutu aurretik zeudela, edozer gerta zitekeen. Inor ez zen ausartuko partida hala bukatuko zela esatera. Txuri-urdinen laugarren gola gertu egon zen, Nachok Velari penaltia egin baitzion. Epaileak, baina, ez zuen hala ulertu. Aurrekoa baino garbiagoa zirudien.

Kolpeka jarraitu zuten bi taldeek, eraso bakoitza beste eraso batekin erantzunda, nork aurkaria lurrera botako. Aukera garbienak, dena den, txuri-urdinek izan zituzten. Velak jokaldi ikusgarriak egin zituen, baina azken pasean huts egin zuen. Amaya bere atean sartzear egon zen, baina baloia kanpora joan zen eta Adrian ere fin ibili zen.

Une gozoan dauden bi taldeek partida ikusgarria egin zuten. Berdinketak guztia berdin utzi du, Atletico Madrilek, Malagak eta Valentziak ere berdindu egin zutelako. Seigarren postuan jarraitzen du Realak, Europako Ligarako postuetan, eta partida bakarrera dago Txapeldunen Liga. Zortzigarren postuari hiru puntu ateratzen dizkio. Hamasei partida galdu gabe daramatzate txuri-urdinek, eta oraindik ez dute norgehiagokarik galdu bigarren itzulian. Hori bai, hurrengo astean erronka zaila izango dute. Atletico Madrilen etxean jokatu behar dute donostiarrek, eta Espainiarrek etxean jokatu dituzten partida guztiak irabazi dituzte. Betisen aurkakoa bezain ikusgarria izan dadila.

Jokalari onenak:

3.- Carlos Vela: Ikusgarria; gutxi gehiago esan daiteke. Hamabigarren gola eta enegarren asistentzia. Urte luzez Anoetan ikusi den jokalari onena da, eta 24 urte besterik ez ditu.

2.- Antoine Griezmann: Derbiko golak mesede egin dio eta maila ona eman zuen. Hegaletatik min handia egin zuen Realak. Lehen zatian gol ikusgarria sartu zuen, baina epaileak huts egin zuen hura baliogabe utzi zuenean.

1.- Markel Bergara: Lan iluna, baino garrantzitsua. Beñaten itzala izan zen eta baloi ugari ostu zituen.



No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS