sábado, 14 de abril de 2012

DUINTASUNA HELBURU


Partida zaila du aurretik Realak Malagaren aurka (16:00h). Petrodolarrez eraikitako taldea sasoiko dabil eta Txapeldunen Ligako lehian buru belarri murgildu da. Realak, berriz, arkume mozorroa janzten du Anoetatik kanpo jokatzen duenean. Aurrekari horiek ikusita, zaleek ezkor izateko arrazoiak dituzte, baina jokalariek aste osoan adierazi dute lortu daitekeela garaipena.

Realak eskura du salbazioa. Sei partiden faltan hamar puntuko tartea du jaitsiera postuekiko. Anoeta garaipen bat lortzearekin nahikoa izan daiteke. Horregatik bi partida begiz jota dituzte txuri-urdinek: Vila-realen aurkakoa eta Racingen aurkakoa. Hurrengo bi astetan jokatuko dira partidok. Horrek lasaitasuna sor dezake etxetik kanpo jokatzerakoan, puntu horiek hain beharrezkoak ez direla pentsatuz gero. Baina Betisen aurkako partidan Montanierren dimisioa eskatu zuten zaleek, eta Malagaren aurka emaitza txarra lortzeak presioa areagotuko luke, harmailak are oldarkorragoak izango liratekeelako. Duintasuna helburu zelairatuko dira txuri-urdinak, berebiziko garaipena ez den arren, salbazioa ahalik eta azkarren lortzeko, batetik, eta, gero, entrenatzailea eta eurek berak babesteko.

Gainera, zailtasunak pilatu egin zaizkio Montanierri. Cadamuro, Demidov, Ifran eta Aranburu kapitaina deialditik kanpo geratu dira, guztiak min hartuta baitaude. Horren aurrean Ros eta Pardo deitzea erabaki du entrenatzaileak. Bigarren taldeari kalte gehiegi ez eragitearren, 17 jokalari deitu ditu soilik Montanierrek. Hala, Ramirez atezainaz gain bost jokalari gehiago egongo dira soilik aulkian: Agirretxe, Llorente, Ros, Pardo eta Carlos Martinez.

Deialdian bost atzelari bakarrik daude. Ansotegik eta Mikel Gonzalezek osatuko dute erdiko atzelarien bikotea, baina bietako batek min hartzen badu edo txartel gorria ikusten badu, hegaleko jokalari batek jokatu beharko du postu horretan. Beste aukera Elustondo edo Illarramendi atzeratzea izango litzateke. Ez dirudi Montanierrek oraingoan ere hasieratik jokatzeko aukerarik emango dion Pardori. Beraz, Elustondok, Illarramendik eta Zurutuzak jokatuko dute, Betisen aurkako partidan bezala. Ea taldeari zelai erdian falta zaion jarraitutasun hori lortzen duten. Aurrean berriz, egongo dira aldaketak. Etxetik kanpo egin ohi duen bezala, Griezmann, Prieto eta Velaren mugikortasunaren alde egingo du Montanierrek.

Malaga, Txapeldunen Liga jomugan

Malaga aldean hazita daude. Taldea laugarren postuan dago, Valentziatik bi puntura bakarrik. Jada Txapeldunen Ligako postuetan daude, hasierako helburua; baina, gainera, hirugarren lekua eskuan artean dute. Liga hirugarren amaituz gero, zuzenean sailkatuko lirateke multzoen errondara, prebiarik jokatu gabe.

Hala, geratzen diren partida guztietan garaipena lortu nahi dute andaluziarrek. Hor dute ametsa, eta petrodolarren bitartez ez diote ihes egiten utzi nahi. Baina, erronkei aurre egiteko oztopo ororen gainetik salto egiten jakin behar da, eta ez du batere bide erraza Malagak. Caballero atezainak min hartu zuen, eta azken unean Kameni fitxatzea lortu zuten. Azken partidan, baina, txartel gorria ikusi zuen kamerundarrak. Rubenek, hirugarren atezainak, ordezkatu zuen, eta hamar minututan bi gol jaso zituen. Lehengoan ezin izan zuen ezer egin, penalty bat zelako, baina bigarren gola azkeneko jokaldian jaso zuen, irteera batean hutsegite larri bat egin ondoren. Realaren aurka Rubenek jokatuko du, eta Malagako zale bat baino gehiago urduri daude, ez daudelako ziur atezainak eman dezakeen mailaz. Urduritasun hori probestu behar dute txuri-urdinek. Badakite atezaina ez dagoela konfiantzaz gainezka, beraz, jaurtiketa ugari egin behar zaizkio.

Zelai erdian ere min hartutako jokalariak ditu Malagak. Baptistak eta Toulalanek agur esan diote denboraldiari. Frantziarrak oso partida egin zuen joanekoan Anoetan. Dena den, hamaikakoan Maresca eta Demichelis bezalako jokalariak egongo dira. Hamaikako on bat ez ezik, aulkian ere ordezko bikainak ditu Malagak. Horregatik dago hain goran. Eta Txapeldunen Ligarako hautagaia bada, oraindik aipatu ez ditugun jokalariengatik da: erasokoak. Cazorla, Isco eta Rondon gozo-gozo daude, izugarrizko sasoi onean. Cazorla sobera ezaguna da. Kalitate izugarria dauka, jaurtiketa gogorra eta hegaleko edozein atzelari erotzen aparta da. Isco gaztea berriz, etorkizuneko harribitxia da. Oso gaztea da, eta denboraldi hasieran aulkian minutu asko igaro zituen. Baina, Pellegrinik ezin izan zion ebidentziari eutsi: titular behar zuen gaztetxoak. Lotsa barik partidako zama bere gain hartu du behin baino gehiagotan. Anoetakoa izan zen horietako bat. Malagak 3-2 galdu zuen arren, oso minutu onak jokatu zituen. Azkenik, Rondon. Van Nistelrooyk baino izen gutxiago du, eta ez du haren garaipen zerrenda, baina Venezuelakoak, isil-isilik lekua kendu dio Herbehereetakoari. Atzelariei ez die bakean uzten presioan, eta gainera abiadura bizikoa da. Hiru jokalari hauek aski ez balira, aulkian Seba Fernandez, Van Nistelrooy, Bounanotte eta Camacho bezalako jokalariak egongo dira.

Pellegrinik 20 jokalariko deialdia egin du, tartean Pol harrobiko atezaina. Horrenbestez, bi jokalari deialditik at utzi beharko ditu, ziurrenik harrobiko jokalarietako bat: Juanmi, Portillo edo Recio gazteak. Irabaziz gero, Txapeldunen Liga gertuago izango dute andaluziarrek.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Ramírez; Estrada, Carlos Martínez, Mikel González, Ansotegi, De la  Bella;  Xabi Prieto, Illarra, Elustondo, Zurutuza, Pardo, Griezmann, Ros; Vela, Agirretxe eta Llorente

Malaga: Ruben, Pol; Gamez, Weligton, Demichelis, Sergio Sánchez, Mathijsen, Monreal; Camacho, Cazorla, Maresca, Eliseu, Buonanotte, Isco, Juanmi, Portillo; Van Nistelrooy, Seba Fernández, Rondón eta  Recio.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS