Ahaztu Iñaki Badiola, Eufemiano Fuentes eta Rsoc. Futbola zelai
gainean gozatzen da, ez bulegoetan. Eta Realak argi eta garbi hitz egin zuen
Romaredan, Europa hizpide zuen bakarrizketa batekin. Garrantzi handiko hiru
puntu eskuratu zituen, Zaragozari 1-2 nagusitasunez irabazita. Azkar jarri zen
partida txuri-urdinen alde, eta lasaitasun handiz jokatu zuten gero.
Zazpigarrena da jada Reala, Europako lehian buru belarri murgilduta. Ligako une
erabakigarriari aldarte onez eta konfiantza osoz ekingo dio Realak.
Mallorcaren aurkako partida ona izan zen arren, aldaketak egitea erabaki
zituen Montanierrek. De la Bella eta Markel hamaikakora itzuli ziren Jose
Angelen eta Pardoren kaltetan. Errioxarrak 90 minutu jokatu zituen asteartean
Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin eta teknikariak atseden ematea
erabaki zuen. Berbera egin zuen Chory Castrorekin, Catarreraino joan eta etorri
egin ondoren aulkian uztea hobe zelakoan. Castro aulkian utzita eta Ifan min
hartuta zeudenez, Agirretxek bere aukera izan zuen, ondo probestua gainera.
Neurtze lehen minutu batzuen ondoren, segituan jarri zen Reala aurretik.
Ordura arte Zaragoza zen arerioaren atera gehien hurbiltzen ari zena, baina
defentsan hanka sartu ondoren, Griezmannek sartu zuen gola. Velak pase bikaina
eman zion frantziarrari eta ez zuen hutsik egin Robertoren aurrean. Pixkanaka
bere maila errekuperatzen ari da gaztetxoa. Maldan behera jarri zitzaien
partida txuri-urdinei hamargarren minutuan, eta are errexago jarri zitzaion
hamar minutu geroago. Hectorrek txartel gorria ikusi zuen Velari bi falta gogor
egin ondoren. Bi txartelak argiak izan ziren eta epaileak ez zuen zalantzarik
izan. Txuri-urdinak jokalari bat gehiagorekin jokatzera ohitzen ari dira jada.
Aurreko partida askotan jokalari bat gehiagorekin jokatzean asmatu ezinik
ibili dira txuri-urdinak, baina ez zen hala izan Romaredan. Zaragozak
erraztasun ugari eman zituen eta oso partida lasaia izan zuten txuri-urdinek.
30. minutuan amaitu zen partida behin betiko. Agirretxek Illarramendiren pasea
bikain kontrolatu zuen, eta saretara bidali zuen baloia zartako gogor batekin.
Txakalaldi luze bat izan ondoren, bere aukerak baliatzen ari da azkenaldian
Agirretxe. Titular izateari utzi dio, baina Bartzelonaren aurkako gol
erabakigarriak eta atzokoak hamaikakora bidera dezake usurbildarra.
Bigarren gol horrekin, Zaragozak amore eman zuen eta zakukada bat gol
jasotzeko prestatu zen. Ez zen txuri-urdinen beste golik etorri ordea.
Jokalariak eroso zeuden, Carlos Martinez eta De la Bella erasoan agertzen
ziren, Prietok, Velak eta Griezmannek bat-bikoak egiten zituzten eta
Illarramendi zen lemazaina; baina ez zuten minik egiten. Jolasean zebiltzala
zirudien. Ez zuten behartzeko beharrik, eta partida hiltzen utzi zuten. Baten
bat baino gehiago ez zen gustura geratu txuri-urdinek atzo emandako
emaitzarekin.
Lehen zatian gozatu ondoren, bigarren zatia ez zen hain ona izan. Defentsak
sendo aritu ziren, baina erasoko argia itzali zen. Aukera garbi bat baino
gehiago izan arren, kamuts zebiltzan. Hala, amaitzerako, lokartu egin ziren
txuri-urdinak eta Markelek penalti garbia egin zion Helder Postigari
luzapenean. Apoñok panenka erara sartu zuen baina ez zegoen gehiagorako
astirik. Garaipen erosoa izan zen.
Zaragozari irabazita, 36 puntu ditu Realak, eta zazpigarren postuan
sailkatuta dago, Betisek Valladoliden aurka egingo duenaren esperoan. Europako
postuetan dira txuri-urdinak, izan ere Malagaren zigorra medio, zazpigarrena
Europarako sailkatuko da aurten, eta Atletico Madril Espainiako Kopako finalera
iristen bada, zortzigarrena ere Europara joango da. Amesten hasita, Txapeldunen
Liga ere oso gertu du Realak. Laugarren postua hiru puntura dago, eta
bosgarrena puntu bakarrera. Real Madrilen kontrako porrotetik galdu gabe dago
Reala, puntuak bereganatzen eta bereganatzen. Hurrengo partidan Levante hartuko
dute txuri-urdinek, arerio zaila eta ofizio handikoa. Oraingo mailarekin
jarraituz gero, handia egin dezake Realak. Derbira Europan irits daitezke
txuri-urdinak.
3.- Carlos Vela: Asistentziak eman, aurkariak erotu, txartelak
probokatu... Esne mamitan dago mexikarra, eta gozamena da hura ikustea.
2.- Imanol Agirretxe: Ixil-ixilik, azkenaldian aulkian minutu ugari
pasata, baina gol garrantzitsuak egiten. Bartzelonaren aurka garaipena eman
zuen bere golak eta atzo lasaitasuna ekarri zuen. Mugimendu interesgarriak egin
zituen gainera.


No hay comentarios:
Publicar un comentario