Bolada txarra eten ostean, bigarren garaipena erreskan lortzeko asmoa du Realak. Anoetaren babespean, jaitsiera postuetatik urrundu nahi dute txuri-urdinek, baina horretarako partida borobila egin beharko dute. Ez dirudi De la Bella eta Cadamuro garaiz osatuko direnik; beraz, seguru aski Estradak jarriko da ezkerreko atzelari gisa. Mikel Gonzalezek ere hamaikakoan jarraitu dezake, oso itxura ona eman baitu jokatu duen bi partidetan. Erditik gora ditu zalantza gehienak Montanierrek. Zaleen pazientzia agortu da Marigarekin, eta entrenatzailearena ere bide beretik doa. Ez harritu, beraz, Elustondok Aramburu eta Zurutuzarekin jokatzen badu.
Xabi Prieto ere hamaikakora itzuli daiteke. Horrek Vela
ezker hegalera mugituko luke, eta Griezmannek aulkitik ikusiko luke partida.
Agirretxek eta Llorentek gol bana sartu dute azken bi partidetan (Betisen eta
Eibarren kontra, hain zuzen ere). Montainerren beste aukera Vela aurrelari gisa
jartzea da, Griezmann edo Agirretxe ezker hegalean kokatuta. Aukera asko ditu
entrenatzaile frantziarrak, eta hamaikakoan aldaketak egitearen zale da
gainera. Nolanahi ere, berme handiko hamaikakoa egin dezake.
Malaga, Europako postuetan egonkortuta
Aurkari gogorra izango du, baina,
Realak aurrean. Hazita dator Malaga. Petrodolarrei etekina ateratzen hasi da,
eta Europarako postuetan egonkortuta daude andaluziarrak dagoeneko. Azken
partidan, astehelenean, 2-1 garaitu zuten noraezean dabilen Vila-real. Horrez
gain, partida txukunak egin ditu beti Malagak txuri-urdinen aurka. Lehengo
urtean azken postuan zegoela etorri zen Donostiara, Manuel Pellegriniren postua
zalantzan zegoela. 0-2 irabazi zuten, eta goraka bidean jarri ziren
andaluziarrak. Gaur egun arte. Realak alderantzizko bidea hartu zuen pasa den
denboraldian, sufritzen amaituta.
Toulalan frantziarra hasierako
hamaikakoan izango da. Txartel gorria ikusi zuen Vila-realen aurkako partidan,
baina Diziplina Batzordeak baliogabe utzi du bigarren txartela. Monreal, Van
Nistelrooy, Maresca, Joaquin, Gamez, Eliseu eta Baptista min hartuta daude.
Lehenengo biak Anoetan izango dira ziurrenik, baina gainontzeko guztiek etxetik
jarraituko dute partida. Jokalari garrantzitsuak dira gehienak, baina sakonera
handiko taldea du Malagak. Atzelariek erne ibiliko behar dute Cazorlarekin eta
Iscorekin. Oso partida onak egiten ari dira biak. Gaztetxoa izan da taldeko
onena azken bi partidetan. Pardorekin jokatu zuen 19 urte azpiko Eurokopan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario