sábado, 25 de febrero de 2012

ARANTZA KOROA KENDU NAHI DU REALAK


Min ematen du kaktus baten enborra eskuekin hartzeak, edo oharkabean hanka hutsik triku bat zapaltzeak. Arantzak azaletik haragira zuzenean sartzen dira, eta horiek kentzea beharrezkoa izaten da mina baretzeko. Bada, Reala iaioa da arantzak jartzen, eta ez hainbeste arantzak kentzen. Partida bat baino gehiago arantza koroa buruan jarrita jokatu du, Granadako azkena kasu, edo Kopako hura. Zauria miazkatzen ibili beharrean, arantzak kentzen jarraitu behar du, jaitsiera postuak gertuegi daudelako, eta taldeak kalitate adina duelako lasaiago egoteko. Urtarriletik zaleekin zorretan daude gainera, eta bihotzetik arantza handi zein ilun bat ken dezakete bihar Anoetan (18:00, C+L2/PPV) Mallorcari irabaziz gero.

Ez da partida erraza izango, aurrean talde orekatu eta deseroso bat izango duelako. Hiru aldiz ikusi dute elkar bi taldeek denboraldi honetan, eta balantzea ez da ona. Anoetan 2-0 erraz irabazi arren, Mallorcan 6-1 eta 2-1 galdu dutelako. Kopako partida lotsagarria alde batera utzita, gehiago merezi izan zuen Ligako partidan, baina esku hutsik itzuli ziren bietan etxera. Asier Illarramendi ez da hamaikakoan izango, ezta derbyan ere, bi partidako zigor gogorra jarri baitio Espainiako Apelazio batzordeak. Gorka Elustondo ere ez da garaiz iritsiko. Ruben Pardo gaztea hasierako hamaikakoan jartzeko enegarren aukera du Philippe Montanierrek, baina ez zen harritzekoa izango errioxarra aulkian uztea. Pardok laudorio gehiegi jaso dituela esan du azken asteotan. David Zurutuza osatu da sudur-hezurreko hausturatik, eta Mikel Aranbururekin eta Markel Bergararekin sor dezake zelai erdiko tribotea. Sasoi betean zebilen debatarra, eta maila berean jarraituz gero, ekarpen handia emango dio taldeari.

Atzeko laukoan ere aldaketak egongo dira. Carlos Martinezek kritika ugari jaso zituen Granadaren aurka emandako itxuragatik, eta azken partidetan sasoiko ez zebilelako. Montanierrek deialditik at utzi du, eta bere postua Dani Estradak hartuko du. De la Bella ere deialdian dago bigarrenez jarraian, baina ziurrenik Liassine Cadamurok jokatuko du hasieratik. Erdian ez da aldaketarik espero. Ion Ansotegik itxaron egin beharko du minutuak izateko. Erasoan, zorioneko buruhaustea. Carlos Vela, Xabi Prieto eta Antoine Griezmannen artean bat kanpoan utzi behar du Montanierrek. Azken bi partidetan mexikarra geratu da aulkian.

Partidaren garrantziaz ohartarazi du Montanierrek. Mallorca aurkari zuzena da, eta estutasunetan sartu aurretik komeni da Anoetako partidak irabaztea. Horretarako talde bezala jokatu beharko du Realak. Irabaziz gero Anoetan hiru partida jarraian irabaziko lituzkete txuri-urdinek. Lasai eta sendo jokatzen duenean itxura ona emateko gai dela erakutsi du taldeak, maizegi alde ilun bat aurkitu duen arren. Zaleen laguntzaz A aldea agertu behar du Mallorca garaitzeko.

Caparrosen Mallorca, goraka apurka

Askoz aldarte hobeagoarekin etorriko da Mallorca Donostiara. Realak Sevillari irabazi zionean bezala daude balearrak aurreko astean Vila-Reali 4-0 irabazi ondoren. Europa gertu ikusten dute —5 puntura—, eta jaitsierako postuetatik behin betiko aldendu nahi dute. Bigarren partida jarraian irabazteak asko lagunduko lieke lan horretan. Realak baino puntu bat gehiago daukate: 28.

Joaquín Caparrosek taldea hartu zuenean nahasi zeuden urak uhartean. Michael Laudrupek dimisioa eman zuen Lorenzo Serra Ferrerekin zituen desadostasunak bitarte. Utrerako entrenatzaileak egoera baretu eta norabidea zuzendu du. Kopan Reala kanporatu ondoren, Athleticen aurka galdu zuen. Bitartean Ligan egonkortzen saiatu dira, baina sailkapena oso estu dago oraindik. Anoetara begira Pau Cendrosen eta Joao Victorren hutsunea izango du Caparrosek; biak min hartuta daudelako. Horiez gain, Zuiverloon, Tejera, Kevin eta Bigas deialditik kanpo utzi ditu. Deigarria da lehendabiziko bi jokalarien kasua, Laudrupekin minutu asko izatetik harmailetara igaro baitira.

Esperientziaren alde egin du Caparrosek, eta Pep Martí Realeko jokalari ohia jarri du zelai erdian entrenatzailearen luzapen gisa. Tomas Pinarekin batera zelai erdi sendoa osatzen dute. Atzean Ramis eta Nunes jokalari altuak baina motelak dira. Erasoan, beste txuri-urdin ohi bat sasoi osoan dator. Victor Casadesus Mallorcako golegile nagusia da. Vila-reali sarturiko bi golen ondoren, sei sartu ditu jada. Bere alboan Tomer Hemed israeldarrak jokatu ohi du, Kopan bi gol sartu zituen jokalaria. Hegaletatik Chori Castro eta Michael Pereira sasoi onean daude, beraz hegaleko atzelariek erne ibili beharko dute. Baina Mallorcaren arrisku nagusia geldikako jokaldietan dago. Vila-realen aurkako 4 goletatik 3 halako jokaldietan etorri ziren, eta jakin badakigu zenbat sufritzen duen Realak kornerrak eta faltak defendatzen. Kontu handia eduki beharko dute, beraz.

Deialdia:

Reala: Bravo, Toño; Estrada, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Iñigo Martinez, Cadamuro, De la Vella; Prieto, Markel, Pardo, Aranburu, Zurutuza, Griezmann; Llorente, Agirretxe, Ifran eta Vela

Mallorca: Aouate, Calatayud; Chico, Crespi, Nunes, Ramis, Caceres; Pereira, Nsue, Alfaro, Pina, Tissone, Castro, Marti; Hemed, Victor, Alvaro, Ogunjimi

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS