martes, 6 de marzo de 2012

Fútbol Femenino
OREKA ETA GUTXI GEHIAGO


Realak eta Sporting Huelvak hutsean amaitu zuten igandean, Zubietako Jose Luis Orbegozo zelaian, emakumezkoen ligako 23. jardunaldian. Partida trabatua, geldoa eta, finean, orekatua izan zen. Bi taldetako inork ez zuen gailentzen asmatu, eta berdinketa justua izan zen.

Koparako sailkatzeko partida garrantzitsua zen igandekoa, laugarren posturako lehiarako puntuak pilatu behar direlako. Sporting Huelva eta Reala seigarren eta zazpigarren doaz, hurrenez hurren, eta jardunaldia amaituta zazpi puntura dute erronka. Oraindik urruti samar dago sailkapena, baina hamaika partida geratzen dira, eta iaz bezala, balentria handia egin dezakete jokalariek.

Sailkapenean hain gertu egonda, partida orekatua espero zen. Andaluziarrek baloiaren jabetza Realaren esku utzi zuten, eta atzean sendo aritzeari ekin zioten. Itxuraz, berdinketa nahikoa zen haientzat. Joko zuzena erabilita, Alharilla jokalaria bilatu zuten etengabe, hasieran ezker hegalean, erdian eta eskuinean Triniren lesioaren ondoren. Realeko lau atzelariak oso erne ibili ziren, eta aurkaria ez zen eroso sentitu. Arriskua eraman zuen jokalari bakarra izan zen Alharilla.

Aurkariaren joko zuzenaren aurrean, joko landuagoa eskaini zuen Realak. Pixkanaka Huelvakoen defentsan zirrikitu bat bilatzeko asmoa zuten jokalariek. Baina ezinezkoa izan zen. Atzeko lerro sendoa du taldeak, horren adierazle etxetik kanpo hamar gol besterik jaso ez izana. Defenditzeko orduan, Jenny euskarria atzelarien artean txertatzen zen. Txuri-urdinak jokoa zabaltzen saiatu ziren, eta partidaren iniziatiba hartu zuten. Huelvak falta bidez partida gelditzeari ekin zion orduan.

Atsedenaldiaren aurretik etorri ziren txuri-urdinen minutu onenak. Andaluziarren enegarren faltaren ondoren, Maite Lizasok bikain buruz erremate bikaina egin zuen, baina Lola atezainak ederki erantzun zuen. Tamalez, Lolak partida bikaina egin zuen. Bi jaurtiketa gatz ondo gelditu zituen, eta segurtasun handiz atera zen kornerretan eta erdiraketetan. Hala, berdinketarekin amaitu zen lehenengo zatia.

Bigarren zatia berdin-berdin hasi zen. Baloia txuri-urdinen oinetan, eta Sporting Huelva kontraerasoaren bila. Pare bat kontraeraso on egin zituzten, baina Realeko defentsa ez zegoen lokartzeko gogoz. Oso itxura ona eman zuen Realaren atzealdeak 90 minututan. 70. minutuan Maite Lizasok txartel horia ikusi zuen zelai erdian falta gogor bat egin ondoren. Kapitaina, baina, ez zen gustura geratu epailearen iritziarekin, eta baloiari ostiko bortitz bat eman zion, bere haserrea adierazteko. Halakoetan gertatzen den bezala, bigarren txartel horia atera zion Haro epaileak. Amorru biziz joan zen aldageletara Lizaso, kapitainaren besokoa eta zango-babesa lurrera bota ondoren. Epaileak ez zuen neurri bera erabili bi taldeei txartelak adierazterakoan, baina ez zen erabakigarria izan.

Hogei minutu geratzen ziren partidaren amaierarako, eta gauzak zail jarri ziren txuri-urdinentzat. Halere, kasta erakustaldi batean, aurrera egitea erabaki zuten atzean sartu beharrean. Partida ireki egin zen, Sporting Huelvak hiru puntuak lor zitzakeela pentsatu baitzuen. Kobazulotik atera bezain pronto, erosoan hasi zen Reala, eta kobazuloan babestera behartu zuen aurkaria. Azken minutuetan falta ugari ikusi ziren, eta partida itsustu egin zen. Tarteka, falta gogorrak egon ziren. Horregatik edo, epaileak amaiera adierazi ondoren, ika-mika bizia egon zen bi taldeko jokalarien artean. Hasi bezala, 0-0 amaitu zen partida orekatua. Oreka nagusi, baina, oraingoz, oreka ez da nahiko Koparako sailkatzeko.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS