Konfiantzaz
gainezka iritsiko da Reala Racingen aurkako igandeko partidara (19:45).
Philippe Montanierrek hanka eta erdi taldetik kanpo zuenean, itxuraldatu egin
dira txuri-urdinak. Emaitzak alde dituzte orain Betis, Malaga eta Granadari
irabazi eta Vila-realekin berdindu ostean. Emaitzak bakarrik ez, jokoa ere
aldatu da azken partidetan, ondo eta serio jokatu baitute. Asteartean
Granadaren aurka jokatu zuten lehenengo zatia txapela kentzeko modukoa izan
zen, eta aurrelariek bigarren zatian izan zituzten aukera guztietan asmatu izan
balute emaitza ikaragarria izango litzateke. Jokalariek, beraz, ezaguna dute
jarraitu beharreko bidea.
Hazita doaz,
beraz, Sardineroko partidara, eta garrantzitsuena: garaipen gosez. Granadaren
aurkako garaipena akuilu izan da gutxien jokatzen ari zirenentzat. Xabi Prietok
hamaikakoan egon behar duela erakutsi zuen. Betiko Antoine Griezmann ikusi
genuen berriro, ziur aski Anoetan jokatu duen partidarik biribilenean.
Kalitatea, borroka eta kasta bat izan ziren. De la Bellak asko eskertu zuen
Maçonekoaren lana defentsan, eta beste behin ere elkarrekin ondo ulertzen
direla erakutsi zuten —gogoangarria hirugarren gola sartzeko eginiko jokaldia—.
Joseba Llorenterentzat ere pizgarria izan zen. Golik sartu ez zuen arren,
aspaldi zeraman 90 minutu jokatu gabe, eta zelaian erakutsi zuen gogoa eta
presioa eskertzekoa izan zen. Lehen golan maisuki eraman zituen atzelariak
Griezmannek atea bakarrik zulatu zezan, eta bigarren golan aldaratzea hartzeko
egindako korrikaldia erabakigarria izan zen. Diego Ifranek beste behin ere
erakutsi zuen Realan arrakasta izateko haina maila duela; gol bat sartu zuen
eta bi aukera garbi izan zituen, non atezaina asko behartu zuen. Uruguaiarrak
jada ez daki zer egin behar duen minutu gehiago izateko, eta baliteke
Gabonetako merkatuan minutu gehiagoren bila ateratzea.
Halako partida
baten ostean, jarraipena ematea garrantzitsua da. Kopa asteazkenean itzuliko
da, baina aurretik Ligako partida dute txuri-urdinek. Racing oso talde
indartsua ez izan arren, ez da erraza hiru puntuak han lortzea. Aurkako giro
latza izaten da Sardinerokoa euskal talde guztientzat. Defentsa erdialdean
Mikel Gonzalezek eta Iñigo Martinezek jarraitzea izango litzateke normalena.
Eskuin hegalean Carlos Martinez sendo dabil, eta badirudi Dani Estradak Alberto
de la Bellari aurre hartu diola ezker hegaleko lehian. Zarauztarrak maila ona
eman du orain arte berea ez den postuan, eta kataluniarrak kirol legez hartu du
egoera. Hala eta guztiz ere, lekua berreskuratzeko prest dagoela argi utzi zuen
asteartean, aspaldi eman gabeko maila eman ondoren. Zalantza gehienak erdian
ditu Montanierrek.
Elustondo aspaldi eman gabeko maila ematen ari zen, baina aste batzuk
taldetik at eman beharko ditu lesio berri baten eraginez. Hala, Aranburu,
Mariga, Zurutuza eta Pardo daude hiru postutarako borrokatzen. Gaztetxo
errioxarra ate-joka dabil, titular gisa izan dezakeen lehen aukeraren eske.
Dena den, ziurrenik Marigak hartuko du Elustondoren lekua. Kritika guztien
jomuga izan ondoren, ez zuen guztiz gaizki jokatu Granadaren aurka, eta
Anoetako presiorik gabe bere mailarik hoberena eman beharko luke. Aurrealdeko
arazoa erabat desberdina da. Joko bolada onean daude ia jokalari guztiak:
lesioa alde batera utzita, betiko Xabi Prieto ikusi genuen asteartean; Velak
kalitateaz gain gola ere baduela erakutsi du; Griezmannek atzean utzi ditu
udarako kontu ilunak; Llorentek amaiera
arte presionatzen jarraitzen du; Agirretxek golak sartzen jarraitzen du eta
Ifranek dituen minutu apurretan gol garrantzitsuak sartzen ditu. Zein
hamaikakoan jarri baino, zein hamaikakotik kanpo utzi da Montanierren erronka.
Dena den, batzuek edo besteek jokatu talde ona zelairatu dezake frantziarrak.
Urak nahasi Santander aldean
Racing ez dago
oso egoera onean. Ali Syed indiarra akzionista nagusi bihurtu zenetik, ez da
giro Santander aldean. Dirua eta garaipenak promestu zituen, baina ez du ez bat
ez bestea egin. Dirurik gabe jarraitzen du Syed, eta justiziarekin hainbat
arazo dituela zabaldu dira. Egoera horretan, Konkurtso Legean jarraitzen du
Racingek. Giro instituzionala txarra bada, are txarragoa da zelai gainean
dagoen egoera. Jaitsiera postuetan murgilduta dago Racing 13 punturekin; Realak
baino 3 gutxiago. Athleticen aurka ozta-ozta berdindu zuen, luzapenean Alvaro atzelariak
sartutako golari esker. Etxean jokatutako azken partidan 1-0 irabazi zuen
Stuaniren golari esker. Kopan 3-2 irabazi zuen pasa den asteartean Rayoren
aurka.Ezohiko jokalari askok jokatu zuten, eta Stuanik bi aldiz eta Arielek
behin sartu zituzten golak.
Hector Cuper
entrenatzaile famatuak orain hilabete dimisioa eman zuen, bere burua Racingen
norabidea zuzentzeko indarrik gabe ikusi zuenean. Zuzendaritzak ezohiko
erabakia hartu zuen orduan, eta entrenatzaile berri bat fitxatu beharrean, hiru
jarri zituen karguan: Juanjo Gonzalez, Pablo Pinillos eta Fede Castaño. Hiruen
artean Gonzalezek darama aginte makila. Fitxatzeko dirurik gabe harrobiko
jokalarietan oinarrituta dago Racing, lau-bost kanpotarrekin. Lauro Acosta
azkarra, Pedro Munitis beteranoa eta Christian Stuani dira aurkariaren jokalari
arriskutsuenak. Talde sendoa dira atzean. Toñok segurtasun handia ematen du
bere irteeratan eta bat baten aurkakoetan erakusten duen erreflexuekin.
Defentsa gogorra du Racingek, 21 gol jaso ditu Realak baino bi gutxiago. Arazo
nagusiena golarekin dute, baina, 10 besterik ez dituzte sartu eta. Gol
horietako erdiak buruz sartu dituzte, erne ibili beharko dute beraz atzelariek
erdiraketetan, eta, batez ere, geldikako jokaldietan.
Ur nahasietan atzamarrak sartu nahi dituzte txuri-urdinek, zauria
sakontzeko. Hiru puntuko tartea besterik ez dago bi taldeen artean, eta Realak
irabaziz gero arerio zuzen bat kinka larrian utziko luke. Partida garrantzitsua
da, beraz. Iaz 2-1 irabazi zuen Racingek, Kennedy eta Giovaniren golei esker.
Bost jokalariko defentsa jarri zuen Lasartek orduan, kritika asko jaso zituen,
eta taldea beheraka begira hasi zen. Gerora, Lasarte taldetik botatzerakoan
Santanderrekoa bezalako partidak gogoratu zituen Lorenek. 2004-2005
denboraldian irabazi zuen azkenekoz Realak Sardineron. 23. jardunaldian
Aranburuk eta Nihatek birritan sartutako golei esker 1-3 irabazi zuen taldeak.
Antzeko egoeran zeuden bi taldeak, Racing jaitsiera postuetan itota, eta Reala
hurbil, bi puntura. Azken hilabeteko joko boladari eutsiz gero, gertu izango du
garaipena taldeak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario