Aukera ezin aproposagoa du Realak igande honetan (16:00, C+Liga,
GolT). Hirugarren partida erreskan irabazi dezake, horietako bi etxetik kanpo
jokatu izanaren balio erantsiarekin, gainera. Giroa erabat lasaituko luke
Vila-realen aurka hiru puntuak lortzeak, eta urtea bukatu arte leku erosoan
geratuko litzateke taldea, hamabost partidatan hemezortzi puntu irabazita;
orain gutxi itotzen zuen jaitsiera postuetatik urruti. Horregatik, bolada onari
jarraipena eman behar diote txuri-urdinek Madrilagen.
Partida zaila du, bai, Vila-real Espainiako Ligako talderik onenetarikoa
delako. Baina, egiari zor, oso makal aritu da urpekari horia denboraldi
osoan. Europatik at geratu dira, puntu bakar bat ere lortzeko gai izan gabe.
Talde gogorra zuen Txapeldunen Ligan ¾Bayern Munich, Napoli eta Manchester City¾, baina zerbait gehiago egiteko gai izan
behar zuen. Ligaren ere gorriak eta bi ikusten ari dira, eta larri antzean
dabil. Hamabosgarren postuan dago, Realak baino puntu bat gutxiagorekin. Pentsatzekoa
da behin Europako betebeharrez libre, gora begira hasiko direla orain.
Horregatik, egoera irauli aurretik azken sastakada emateko aukera du Realak.
Estastikak ere txuri-urdinen alde daude. 1998/99 denboraldian lehen aldiz
jokatu zutenetik ¾bana berdindu zuten¾, bederatzi aldiz jokatu du Realak Madrigalen: hiru partida irabazi ditu,
hiru galdu eta hiru berdindu. Aurreko denboraldian 2-1 galdu zuen, Aranburuk
taldea aurretik jarri zuen arren. Azken garaipena 2006an erdietsi zuten
txuri-urdinek. Vila-Real Txapeldunen Ligako finalera iristeko lehian zegoen,
eta Realak 0-2 garaitu zuen talde hura.
Ezin aproposagoa da, beraz, Castello alderako bidaia. Juan Carlos Garrido
larri antzean dabil, eta zaleak bere dimisio eske hasi dira dagoeneko.
Lesioekin arazo ugari izan ditu Garridoren taldeak, eta horietako batzuk berreskuratu
dituen arren, oraindik osatu gabe daude beste batzuk. Giuseppe Rossik agur esan
dio denboraldiari, eta Nilmar bi hilabetez min hartuta ibili ondoren lehen
minutuak jokatu ditu orain dela gutxi. Brasildarrak ziurrenik minutuak izango
ditu txuri-urdinen aurka, baina bere egoera fisikoa oraindik kezkagarria da.
Bitartean Marco Rubenek hartu behar izan du erasoko erantzukizun osoa, eta
jokalari trebea izan arren, ezin izan du maila altua mantendu. Harrobiko
jokalari askok bere aukera izan dute, baina ez dirudi lehen taldera igotzeko
moduan dauden oraindik. Camuñas, Zapata eta Bordas ere osatu egin dira, eta
Realaren aurka jokatzeko moduan egongo dira.
Realan ere osatu dira min hartuta zeuden jokalari gehienak, baina zaila
izango dute hasierako hamaikakoan egotea. Philippe Montanierrek ez zuen
hamaikakorik errepikatu Malagaren partidara arte. Talde berdinarekin bi partida
jarraian irabazi ditu taldeak, eta berriro haien alde egin dezake frantziarrak.
Xabi Prietok eta Alberto De la Bellak aulkitik ikusiko lukete partida, beraz.
Carlos Vela, Antoine Griezmann eta Imanol Agirretxe oso maila ona ematen ari
dira. Horregatik, Prieto taldeko jokalari talentudunena den arren, hamaikakotik
at geratu da. Dani Estradak ez du hain maila ona eman, txukun aritu den arren.
Eskuin petoa izanik, asko sufritu du ezker hegalean defenditzen. Hala eta
guztiz ere, zaleek gogoan dituzten jokaldiak egin ditu, eta berak eman zuen
Malagaren aurkako lehenengo golaren pasea ¾ezker oinarekin¾. Kataluniarrak argi adierazi du astean zehar
Estradak hala jarraituz gero, berak oso zaila izango duela hamaikakora
itzultzea. Zelaierdian titular jarraitzeko eskubidea irabazi du Gorka
Elustondok, Asier Illarramendi itzuli arte, behinik behin. McDonald Marigak
asko hobetu beharko du minutuak izateko.
Deialdia zehaztu gabe dago oraindik, baina Ifranek hor egon beharko luke.
Montanierren gogokoa ez den arren, lekua baduela erakutsi du uruguaitarrak.
Lehia bizia dago hamaikakoan sartzeko, eta hori berri ona da, jokalariek argi
dutelako lo hartuz gero kanpoan geratuko direla. Beldurrak eta aldarte txarrak
nolabaiteko lasaitasunari bidea eman diote. Izan dezala jarraipena!
No hay comentarios:
Publicar un comentario