Urak lasai jaitsi dira Zubieta aldean aste honetan, Bartzelona ahaltsuaren
aurka galdu arren, itxura ona eman zelako. Min hartuta zeuden jokalariak apurka
sendotze bidean daude gainera. Elustondo jokatzeko moduan egongo da gaur, eta
Zurutuza eta Illarramendi hobetzen doaz, eta pare bat astetan hamaikakoan egon
litezke. Arrazoi horiek direla eta, gutxi begiratu da sailkapenera.
Astelehenean jokatzeak aurreko talde guztiek egin dutena ikusteko aukera ematen
du, eta uneotan txuri-urdinak jaitsiera postuetatik puntu bakarrera daude. Dena
den, sailkapena hain dago estutua, gaur irabaziz gero 11. postuan legokeela
taldea.
Bartzelonaren aurka jokatu zuen taldeari jarraipena emango dio ziurrenik
Montanierrek. Aldaketa bakarra zelai erdian etorriko da, behin osatuta,
Elustondok hasieratik jokatuko baitu. Pardo edo Bergara kendu behar ditu
horretarako. Defentsa lanetan iaioagoa da Elgoibartarra, baina errioxarrak
itxura ona eman du jokatu duen minutu gutxietan, eta zaleek gazteak minutu
gehiago edukitzea nahi dute. Aurreko hirukotean, Agirretxe hamaikakora itzuliko
da, eta baliteke Velak hartzea Xabi Prietoren lekua. Taldeko jokalari
onenetakoa da Prieto, baina ez dabil sasoiko. Ustekaberik ezean, atzeko
laukotea Bartzelonako berdina izango da. Cadamuroren ordez Estradak joka dezake
akaso. Argeliako selekzioarekin jokatzeko deia jaso du Cadamurok.
Defentsan gogor eta kontraerasoan azkar ibili beharko du Realak gaur.
Hegaletatik mina egin dezake. Ezkerretik Fernando Navarro beteranoak jokatuko
du. Erdiko atzelari gisa jokatu izan du, eta ez da jokalari azkarra. Eskubian
Coke gazteak jokatuko du, jokalari azkarra eta erasoan ibiltzeko ohitura duena,
baina defentsan nahiko sufritzen duena. Griezmannek etekina atera dezake hor.
Defentsan kontuz ibili beharko dute Negredorekin eta Kanouterekin. Malikoak
begiz jota du Reala, eta beti maila izugarria ematen du txuri-urdinen aurka
jokatzen duenean.
Sevilla, ezinean
Ez da ohikoa Sevilla sailkapenean hain
azpian ikustea. Txapeldunen Ligarako eta Europa Ligarako lehian ibili da azken
urteotan. Monchik begi onez fitxatutako jokalari apartek maila izugarria eman
dute. Joaquin Caparrosekin eman zuen goia taldeak, eta gerora Juande Ramosek,
Manolo Jimenezek eta Antonio Alvarezek maila ona mantendu dute. Dena dela,
azken bi urteetan gainbeheran dago taldea. Monchik jada ez du hainbeste
asmatzen fitxaketak egiteko orduan, eta saldutako jokalariak ez dira era
egokian ordezkatu. Gainbehera horren isla da egungo Sevilla. Jada ez dira hain
oldarkorrak defentsan, eta erasoan kamuts dabiltza Navas eta Negredo bezalako
jokalariak. 22 gol sartu dituzte soilik.
Gregorio Manzanok iaz ez zuen ondo bukatu
Sevilla aldean, eta aurten Marcelinok gutxiago iraun du. Del Nidok pazientzia
gutxi du askotan, baina Sevillaren aurtengo emaitzek guztiak akitu ditu.
Jokalarien eta Marcelinoren artean ez zegoen harreman ona, eta Kanouterekin
arazo ugari izan zituen. Etxean Vila-realen aurka partida kaskar batean galdu
ondoren bota dute taldetik, eta Michel ekarri dute. Real Madrileko jokalari
ohiak taldea bide zuzenera eramango duen esperantza dute andaluziarrek, baina
lan eskerga egin beharko du. Giro nahasi samar dago, eta aste honetan Spahicek
eta Medelek ukabilka amaitu zuten entrenamendua. Michelek biak deialditik kanpo
uztea erabaki du, biak titularrak diren arren. Bosniarraren hutsunea Cala
gazteak beteko du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario