Ez dago zalantzarik, Reala goraka doa.
Taldea hazten ari da. Tentuz, eta jaitsiera postuei zeharka begira, baina pauso
irmoz aurrera. Goizegi da marra non dagoen jakiteko. Txapeldunen Liga? Europa
Liga? Hitz handiegiak orain hiru urte Bigarren Mailan zegoen talde batentzat.
Baina ukaezina da azken urteetan ereindako uzta biltzen ari direla
txuri-urdinak. Harrobiko jokalarietan oinarrituta, jaitsiera arriskutik urrundu
eta helburu lehiakorragoei ekiteko moduan dago taldea. Langa bat dute
gainditzeko. Gazte izanik, samurregi dira askotan; azken hogei urteotako
gaitza. Eta horrek porrotak ekar ditzake. Baina jokalari hauek ez dute
inauteririk behar magoz mozorrotzeko. Dakiten bezala jokatuz gero, urrutira
iritsiko dira, Granadari bihar (12:00 C+L2 / PPV) irabaztera bai, bederen.
Sevillaren aurka garaipen bikaina lortu ondoren, bolada ona mantendu nahi
du Philippe Montanierren taldeak. Aspaldi jokatutako partida onena izan zen
astelehenekoa, eta zaleak gustura atera ziren Anoetatik, talde indartsu bati
irabazi ondoren. Horregatik, ilusioa nagusi da Granadaren aurkako partidan.
Ligan, Anoetan 1-0 irabazi zuten txuri-urdinek, Estradaren gol paregabe bati
esker, eta, Kopan, Anoetan 4-1 irabazi ondoren 2-1 galdu zuten itzuleran.
Elkarren aurka hiru aldiz jokatu ondoren, badakite zer duten aurrean, eta
Realak badaki Granada baino gehiago direla.
Jokalari ugari min hartuta zeuden Sevillaren aurkako partidarako, eta
horrek Ruben Pardori titular gisa jokatzeko aukera eman zion. Aukera ederki probestu
zuen Rincón Del Sotokoak, eta zelai erdian jaun eta gabe izatez gain gol
ikusgarria sartu zuen. Zale, kazetari zein entrenatzailearen laudorioak jaso
ditu gaztetxoak, baina ez dago argi hasieratik jokatuko duen bihar eguerdian.
Harribitxi bat da, eta Montanierrek badaki hori, hala eta guztiz ere, babestu
egin nahi du. Etorkizuna berea da, eta entrenatzaileak apurka, progresiboki
sartu nahi du taldean. Elustondo eta Demidov min hartuta daudenez, Aranbururen
eta Markelen alde egingo du frantziarrak. Illarramendi ere osatu da belauneko
lesiotik, eta minutuak izango ditu, nahiz eta partida osoa ez duen jokatuko.
Sevillakoa ispilatze bat ez zela erakusteko aukera izango du, hortaz, Pardok.
19 jokalari deitu ditu Montanierrek, Xabi Prieto ondoezik dagoelako aste
osoan gaixo egon ondoren. Ansotegi deialdira itzuli da Demidoven ordez. De la
Bella ere itzuli da, hilabete luzez min hartuta egon ondoren. Zaila izango du
ordea hamaikakora itzultzea, Cadamuro maila onean baitabil. Atzealdea gutxien
mugitzen den lerroa izan ohi da, eta behin tekla egokia aurkituta, ez dirudi
aldaketa handirik egingo duen Montanierrek. Prieto guztiz ondo ez dagoenez,
normalena Vela —eskuinetik—, Griezmann —ezkerretik— eta Agirretxe —erdian—
aritzea izango litzateke.
Granada: Goraka, baina itotasunekin
Lehenengo Mailako talde apalenetakoa da
Granada. Orain bi urte Bigarren B Mailan egon ondoren, bi aldiz jarraian igo
da. Udinese aita ponteko duela, hazkunde handia izan du. Italiako taldeak
jokalari asko utzi dizkio, eta, horrek eragin zuen desoreka azken bi urtetan.
Baina, Lehengo Maila guztiz desberdina da, eta Granadari kosta egin zaio maila
gorenari neurria hartzea. Taldeko izarra, entrenatzailea, bota dute. Pertsona
miretsia eta maitea zen Fabri. Horren adierazle dira presidenteak botatako
malkoak haren kaleratzearen berri eman zuenean. Ez zuten bota nahi, baina
taldearen egoera iraultzeko beharra zuten. Abel Resino atezain ohia fitxatu
zuten. Atletico Madrilen eta Valladoliden entrenatzaile izandakoak urtarrilaren
26an hartu zuen kargua.
Resino entrenatzaile denetik, emaitza onak izan ditu Granadak, Betis eta
Malaga bezalako taldeei irabazita. Horrek Fabri bota izanaren inguruko
zurrumurruak areagotu ditu. Granada aldean diotenez, jokalariek bota zuten
Fabri, berarekin gustura ez zeudelako. Hala izan, edo ez, itxura hobeago du
orain Granadak. Dena den, 17. daude sailkapenean, jaitsiera postuetatik bi
puntura.
Ez du buruhausterik izan Resinok deialdia egiteko. Diakhaté zigortuta dago,
baina beste jokalari guztiak jokatzeko moduan daude. Senegaldarra taldeko
jokalari onenetakoa da, harresi bat atzean eta buruz abila. Kalte egingo dio
bere hutsuneak andaluziarrei. Baina, Dani Benitez osatu da, eta Carlos
Martinezek erne ibili beharko du haren abiadurarekin. Defentsa gogorra eta
sendoa du Granadak, lege zaharrekoa, baina erdiko atzelariak nahiko motelak
dira, eta Realaren kontraerasoarekin sufritu dezakete. Nyom eta Siquiera
hegalekoak erasoan asko agertu ohi dira, baina, gero, kaskarrak dira defentsa
lanetan. Griezmannek eta Velak min handia egin dezakete hortik. Anoetan, batez
ere Kopako partidan, ikusi zen hortik datorrela bidea. Zulo hori bilatu beharko
dute jokalariek.
Zelai erdian Aranburu, Pardo eta enparauek ez lukete arazo handiegirik
eduki behar Mikel Rico eta Yebda bezalako jokalariekin. Sendoak dira, eta
grinatsuak, baina ez dira bereziki onak. Dena den, euskal herritarrak
jaurtiketa ona du. Kontu handiagoa eduki beharko dute Martinsekin, abilagoa
baita. Portugaldarrak eraman ohi du andaluziarren aginte makila. Erasoan jokalari
interesgarriak ditu Granadak, arriskutsuak. Halere, hiru jokalariren artean
bost gol besterik ez dituzte sartu. Ighalo nigeriarra da minutu gehien izaten
ari den jokalaria, Geijoren eta Ucheren aurretik. Azkarra da Ighalo, baina ez
du zorterik erremateekin. Gol gutxi sartu arren, tentuz ibili beharko dute
Iñigo Martinezek eta Mikel Gonzalezek, hirukote horretako edonork sar baitezake
gola. Aipaturiko gol faltari aurre egiteko Henrique gaztea fitxatu du Granadak.
Sao Paulotik ekarri dute, 20 urte besterik ez ditu, baina etorkizun handiko
jokalaria da. 20 urte azpiko Munduko Txapelketan, jokalari onena eta golegile
nagusia izan zen. Erne, beraz, Henriquerekin. Utzita ekarri dute. Minutuak
dituen heinean, zeresana emango du. Hurrengo astetik aurrera, ez bihar.
Deialdia:
Granada: Julio Cesar, Roberto; Siqueira,
Nyom, Mainz, Iñigo Lopez, Borja Gomez, David Cortés; Mikel Rico, Fran Rico,
Abel Gómez, Jaime Romero, Franco Jara,
Martins; Ighalo, Geijo, Uche eta Henrique.
Reala: Bravo, Zubikarai, Carlos Martinez, Estrada, Ansotegi, Mikel
Gonzalez, Iñigo Martinez, Cadamuro, De la Bella; Markel, Illarramendi,
Aranburu, Pardo; Xabi Prieto, Griezmann, Vela, Agirretxe, Ifrán eta Llorente.
No hay comentarios:
Publicar un comentario