domingo, 25 de marzo de 2012

PLANTEAMENDU NEGARGARRI BATEN GATIBU


Gizakia omen leku berean bi aldiz iraultzen den animalia bakarra. Montanierren kasuan birritan ez, gehiagotan erori da leku berean, planteamendu eskas baten gatibu. Areago, beste behin ere erortzeko prest dirudi. 5-1 galdu zuen Realak Real Madril ahaltsuaren aurka. Bost gol jaso zituen, baina hamar ere izan zitzakeen, lasai asko. Okerrena ez zen porrota izan, ulergarria zelako Santiago Bernabeun galtzea; txarrena emandako itxura  izan zen. Jokalarien gogo falta eta ezintasuna kezkagarriek izan ziren.


Partida hasteko hogeita hamar minutu gelditzen zirenean Montanierren hamaikakoa zein izango zen jakitean, urduritzen hasi ziren zaleak. Planteamendu ultradefentsiboak izerdi hotza azalari zuen. Batek baino gehiagok pentsatu zuen “film hau ezagutzen dut, eta badakit nola amaitzen den”. Ez zelako entrenatzaile frantziarrak antzeko saiakera bat egiten zuen lehen aldia. Joanekoan Real Madrilen aurka, Bartzelonaren aurka Anoetan, eta Granadaren eta Mallorcaren aurka Kopako itzuliko partidetan antzeko planteamendua egin zuen Montanierrek. Ez agian bost atzelari jarrita, baina aurkariari jokatzen utzi eta baloiak xukatzen aritzea. Guzti horietan gaizki atera zen hasierako planteamendua, eta Bartzelonaren aurkakoa kenduta, galdu egin zuen Realak.

Horrek bost Montanierri. Bost atzelari zelairatu zituen, Illarramendi eta Aranburu euste lanean jarri zituen, eta Prieto eta Griezmann hegalez aldatu zituen. Joanekoan Real Madrilen aurka bederatzi minutu iraun zituen planteamenduak Higuainek atea zulatu zuen arte. Bada, atzokoan sei minutu iraun zituen, argentinarrak berriro gola sartu arte. Sei minutu eskas, eta 84 minutu aurretik, gehiegi. Aldez aurretik garaituta atera ziren jokalariak, segadatik ahalik eta zauri gutxienekin ateratzeko. Gazteak dira txuri-urdinak, eta nolabaiteko beldur eszenikoa bizi izan zuten.

Bost atzelari eta beste lau jokalariko lerro batekin ondo defendatzeko aukera dago, zelai erdiko jokalariei kosk egin eta korrika ibilita aurkariak deseroso edukitzea. Baina ez zen kasua. Golen errepikapenak ikustea nahikoa da Realak eman zituen erraztasun guztiak ikusteko. Defentsa aurreratua jarri zuen Montanierrek, Real Madrilen kontraerasoa oztopatu eta jokoz kanpokoarekin saiatzeko asmoz. Baina presiorik gabe hutsegite larria bihurtu zen defentsa aurreratua, Bartzelonaren aurka joanekoan bezala.

Real Madrilen zauriak sendatzeko medizina onena izan zen Reala –beste behin ere-, aurkariak ez zuelako lan gehiegi egin behar gol aukerak izateko. Kakak, Xabi Alonsok edo Khedirak baloia bere zelaian hartu eta burua altxatzeko denbora zuten, orduan Higuain, Benzema edo Cristiano Ronaldok hegalera mugimenduren bat egiten zuten begiratu, eta 40 metroko pase bat ematen zuten defentsaren atzekaldera. Bost defentsako lerroan beti aurkituko zuten pitzaduraren bat. Cadamuro ez bazen, Iñigo Martinez, edo De la Bella metro bat atzerago egongo zen jokoz kanpokoa hausten. Defentsa gehiagorekin jokatzeagatik ez da hobeago defendatzen. Hala etorri ziren lehen zatiko golak. Oso kezkagarria izan zen lehen bi goletan Realeko atzelariak geldirik Real Madrileko aurrelariei begira ikustea. Autografoa eskatzea falta zitzaien soilik! Kezkatzekoa izan zen ere Cadamurok hirugarren golan erakutsitako samurtasuna. Benzemak nahieran sartu zuen bere gola. Lehenengo berrogei minutuetan hankapean izan zuten talde txuri-urdina.


Lehenengo zatia amaitu aurretik, lauko defentsara itzuli zen Montanier. Baina ez bere planteamenduaren akatsaz konturatu zelako, Mikel Gonzalezek min hartu zuelako baizik. David Zurutuza sartu zuen bere ordez. Atsedenaldira joan aurretik Xabi Prietok gola sartu zuen Sergio Ramosen laguntzarekin. Donostiarrak area kanpotik jaurtikitako baloia urruntzen saiatu zen Camasekoa, baina atea barruan sartu zuen. Posible zen markagailuari buelta ematea eta Real Madril estutzea? Hemeretzi minutu iraun zituen galderak; atsedenaldiko hamabost eta bigarren zatiko lau. Txuri-urdinen defentsaren ahuleziaren enegarren erakuslea izan zen laugarren gola. Realaren zelaian baloia galdu –hamabost bat baloi galdu zituzten bere zelaian–, aldaratzean huts egin, denak begira pasea Benzemari nola iritsiko zitzaion begira, eta ia-ia gola txalotzen amaitu. 4-1 eta akabo baikorrenen esperantza apurra.

Ordularia begiratu eta aurkari gupida eskatzea bakarrik gelditzen zen. Gol gosez, Cristianok bosgarrena sartu zuen oraindik asko falta zen bitartean. Festa eta algara zegoen harmailetan, eta Real Madril Txapeldunen Ligako partidari begira jarri zen. Hain zen lasaia partida, Sahin eta Coentraori minutuak eman zizkiola Karankak –Mourinho egotzita zegoen–. Jese gazteak debuta egin zuen Lehen Mailan. Benzema eta Cristiano Ronaldo kendu zituen, atseden hartzeko. Montanierrek bitartean Vela eta Pardo sartu zituen. Errioxarrak hamabost minutu jokatu zituen, eta ezingo du Sanserekin jokatu asteburu honetan.

Bernabeuko deskalabroa ahaztu eta aurrera begiratu behar du taldeak. Hiru partida jarraian galdu dituzte txuri-urdinek, eta jaitsiera postuak gerturatzen hasi dira. Bigarren Mailan zirudien Zaragoza esnatu egin da, eta Realak partidak galtzen jarraitzen badu ez jaisteko lehian sartuko da. Arriskutsua litzateke, goitik behera datorrelako taldea. Rayoren aurka hortzak erakutsi beharko dituzte jokalariek, beren soldata merezi dutela erakusteko. Zaleak haserre daude, eta jokalarien ardura da giroa baretzea. Garaipenaren bidera itzuli behar dute txuri-urdinek.

PD: Zaila da partidako hiru jokalari onenak erabakitzea. Kasu honetan hain gaizki ibili ez diren hiru jokalariak litzateke. Ez dut uste gehiegi merezi duenik, beraz bertan-behera geratuko da. Punturik ez.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS