domingo, 22 de abril de 2012

BEHIN BETIKO LASAITASUNERANTZ


Salbazioa behin betiko lortzeko aukera du Realak, bihar Vila-realen aurkako partidan ( 12:00, CL2). 39 punturekin, esku eskura du Lehen Mailan jarraitzea, eta 42 puntu aski izango lirateke. Gainera, aurkari zuzen batek punturik ez lortzea ekarriko luke igandeko garaipenak. Denboraldia Txapeldunen Ligan hasi arren, jaisteko lehian buru belarri sartu da Vila-real. Mailan mantentzeko, txuri-urdinek ongi baino hobeto ezagutzen duten entrenatzailea fitxatu dute: Miguel Angel Lotina.

Denboraldi gorabeheratsuari amaiera eman diezaiokete txuri-urdinek. Udara partean tona bete ilusioz zegoena, kolpez kolpe apurtzen joan da, azken asteotako etsipenera arte. Denboraldia bukatu gabe, eta taldea mantentzeko lehian dagoen bitartean, zaleek Lorenen eta Montanierren burua eskatu dute. Geratzen diren jardunaldietan emaitza onak jasotzea entrenatzailea mantentzeko akuilu izan daitezke, emaitza txarrak, berriz, Frantziara bidean jartzeko pizgarria izango lirateke.

Vila-realen aurkako partidarako, Cadamuro deialditik kanpo uztea erabaki du entrenatzaileak. Iñigo Martinez min hartuta eta Mikel Gonzalez zigortuta daudenez, Demidov eta Ansotegi dira deialdiko erdiko atzelari bakarrak. Hartara, bietako batek min hartzen badu edo txartel gorria ikusten badu, Elustondok jokatu beharko du berriro erdiko atzelari bezala. Malagaren aurka uste baino hobeago ibili zen postu horretan, eta Montanierrek konfiantza du beasaindarrengan.

Baina, balizko arazo horiek etorri arte, euskarri lanetan ariko da Elustondo. Aranburu kapitaina deialdira itzuli da eta hasieratik joka dezake ere. Hala eta guztiz ere, azkeneko partidei so eginez gero, azpeitiarrak aulkitik hasi dezake partida, Illarramendi eta Zurutuza ariko direlako hasierako hamaikakoan. Erasoan ere betiko zalantzak ditu Montanierrek. Anoetan Agirretxe aldaezina da, eta Velak hasieratik jokatu beharko luke. Hala, Griezmann eta Prietoren artean dago zalantza, Maçonekoak edo Donostiarrak, bitako batek aulkian hasiko du partida.

Malagaren aurkako berdinketa ona izan zen, itxura ona eman zuelako Realak. Malaga ligako talde indartsuenetakoa da, Txapeldunen Ligarako sailkatzear dago, eta txuri-urdinek jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuten bigarren zati osoa. Bat gutxiagorekin sartu zuten gola, eta 45 minutuz eutsi zuten markagailua. Irabazteko aukera ere izan zuen Prietok, baina Rubenek gelditu egin zuen jaurtiketa.

Gauzak hala, 42 puntu emango lituzke garaipenak, salbazio birtuala, jaitsiera 8 edo 11 puntura geratuko litzakeela 12 puntu jokoan daudenean. Denboraldi amaiera lasaia ekarriko luke horrek, eta atzera begirada trankilago bat. Jokalariek ontzat eman dute denboraldia, hurrengo urtera begira egokia. Zaleak ez daude hain ziur, aurrerapauso bat espero zuten, eta erabaki batzuekin ez daude ados. Guzti hori salbatu ondoren luze eta zabal eztabaidatu ahal izango da.

Vila-real, zerutik infernura

Inork gutxik espero zuen Vila-realek halako denboraldia izatea. Lehenengo partidak galdu ondoren, goiz baino beranduago gora egingo zuela espero zuten adituek, baina ez da hala izan. Denboraldi hasieratik pilatu zaizkio zailtasunak Castelloko taldeari. Txapeldunen Ligan multzo oso gogorra izan zuen, Bayer Munich, Manchester City eta Napoliren multzoa. Partida guztiak galduta eta bi gol soilik sartuta esan zion agur lehiaketari. Horrez gain, Rossik lesio larria izan zuen eta Nilmarrek Brasilera itzuli nahi zuen. Zailtasun bati, zailtasun ugari elkartu zitzaizkion.

Zantzu txarra da talde batek denboraldi berean hiru entrenatzaile edukitzea. Garridok hasi zuen denboraldia, baina hasiera txarra iraultzen asmatu ez zuenez, kargutik kendu zuten. Molina atezain ohia eta harrobiko entrenatzailea jarri zuten bere lekuan. Ondo hasi zen, baina apurka beheraka joan zen, eta jaitsiera postuetatik gertuegi zela egotzi zuten. Salbaziorako Lotina fitxatu zuten, Deportivo eta Reala bezalako taldeak jaitsi dituen entrenatzailea. Puntu garrantzitsuak lortu ondoren, erronka lortzetik gertu dago meñakarra. Bost partidetan bi garaipen lortzea nahikoa izan daiteke. Oraintxe bertan, 5 puntuko distantzia du Zaragozarekiko.

Gol falta eta defentsako arazoak dira Vila-realen aurtengo handicapa. Etxetik kanpo gol gutxien sartu dituen taldea da: bederatzi. Rossiren lesioak —Realaren aurka itzuli behar zuen, baina berriro min hartu ondoren beste sei hilabetez egongo da jokatu gabe—, eta Nilmarren joko bolada txarrak Marco Rubeni aukera paregabea eman dio. Argentinarra oso jokalari ona da, baina oraindik aurrerapauso batzuk eman behar ditu. Beste urtetan atzean izandako sendotasuna galdu du  Vila-realek. Aurreko urteetan gol gutxi jaso arren, aurten 47 jaso ditu Ligan, Realak baina bi gutxiago. Diego Lopez, Mussachio, Marchena, Gonzalo... ez dira beti bezain fin ibili. Nabarmenenena, Zapata izan da. Diru asko ordaindu zuten kolonbiarra fitxatzeko, baina iruzur galanta izan da; defentsako harresi behar zuenak, lehenengo jardunalditik egin du huts.

Sailkapenean beherago egon arren, Realak kontuz ibili beharko du Vila-realekin. Borja Valero, Senna, Perez, Ruben, Nilmar... maila goreneko jokalariak dira, eta edozein momentutan irauli dezakete partida. Marco Ruben eta Borja Valero min hartuta ibili dira, baina jokatzeko moduan daudela dirudi. Halere, aurrelari argentinarrak aulkitik has dezake partida, eta Nilmarrek eta Martinucciok hasieratik jokatu. Futbola bolada kontua izan ohi da, eta horrek bakarrik esplika dezake aurten urpekari horiari gertatutakoa. Reala faboritoa da, baina erne ibili beharko du. Zaragozak eta Sportingek galduz gero, berdinketa ez litzateke emaitza txarra izango. Baina, zaleek, jokalariek eta entrenatzaileak lasaitasuna lortu nahi dute jada; eta, horretarako, garaipena beharrezkoa da.

Deialdiak:

Reala: Bravo, Zubikarai; Carlos Martinez, Estrada, Ansotegi, Demidov, De la Bella; Xabi Prieto, Elustondo, Pardo, Illarramendi, Aranburu, Zurutuza, Griezmann; Llorente, Vela, Agirretxe eta Ifran

Vila-real: Diego Lopez, Cesar; Gonzalo, Mussachio, Catala, Mario, Zapata, Angel, Marchena; Bruno, Senna, Borja Valero, Hernan Perez, Cani, De Guzmán; Nilmar, Martinuccio eta Marco Ruben

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS