lunes, 19 de diciembre de 2011

PUNTUA ONA, ZAPOREA GARRATZA


Galdu gabe jarraitzen du Realak. Golik gabe berdindu du Racingen aurka partida gogor, itsusi eta ero batean. Hamaika aukera izan dituzte bi taldeek, baina inork ez du lortu aurkarien atea zulatzea. Puntu ona lortu dute txuri-urdinek, landua eta merezitakoa; batez ere 60. minututik jokalari bat gutxiagorekin jokatu dutelako. Aurreko astean Elustondo izan bazen txartel gorria ikusi zuena, oraingo honetan Iñigo Martinezek hartu du aldageletarako bidea, falta inozo bat egin ondoren. Puntua ona izan arren zapore garratza utzi du zaleengan eta jokalariengan, Ondarruko atzelaria egotzi aurretik Reala nagusi zelako.

Aldaketa bakarra egin du Philippe Montanierrek hasierako hamaikakoan. Min hartuta eta egotzita dagoen Gorka Elustondoren partez, Vadim Demidovek jokatu du pibote gisa. Rosenborgen posizio horretan behin baino gehiagotan jokatu duen arren, lehen aldiz jokatu du defentsen aurretik Realean —oker ez banaiz behintzat—. Partidan zehar nagusi izan arren, hasi lokartuta hasi du Realak norgehiagoka. Racing goran presioa egiten hasi da, eta 5. minutuan lehen aukera izan du Alvarok area ertzetik egindako jaurtiketa-erdiraketa batekin. Alvaro bera izan da lehen zatian zehar Santandarreko taldetik erasoan min gehien egin duena. Dani Estradak asko sufritu beste behin ere defentsan. Lehen minutu horietan, argi geratu da Racingek arrisku handiena geldikako jokaldietan duela. Hamar gol besterik ez dituzte sartu ligan, horietako bost buruz. Hala eta guztiz ere, Realak oso ondo defendatu ditu korner eta falta guztiak.

Hamar minutu eskas iraun ditu Racingen nagusitasunak. Reala siestatik esnatu, eta aginte makila hartzen hasi da. David Zurutuzak izugarrizko pasea eman dio Antoine Griezmanni eta hark zutoinaren nagiak kendu ditu area kanpotik egindako jaurtiketan. Gipuzkoatik joandako zaleek gola eta guzti oihukatu dute. Hortik hiru minutura Agirretxek izan du aukera. Ordurako Carlos Vela eta Griezmann min egiten hasiak ziren. Ezker zein eskuin hegala tartekatuz, asko mugitzen dira bi jokalariak, eta min asko egiten diete atzelariei, defendatzeko zailak direlako. Hala, 16. minutuan izan du aukera garbiena talde txuri-urdinak. Velak jokaldi on bat egin du, Agirretxeri pasa dio, eta area barnean egindako erdiraketa Griezmannek kanpora bota du dena alde zuenean. Horrelako gol bat baino gehiago sartzen ikusi diogu frantziarrari, baina ez da bere eguna izan.
Realeko jokalariek erditik gora daukaten kalitatea ikusita, Racingeko jokalariak partida trabatzen saiatu dira 16. minututik aurrera. Falta asko egin dituzte, eta ordu erdian hiru txartel hori ikusi dituzte: Adrian, Colsa eta Bernardo. Aurretik jartzeko aukera ere izan du aurkariak, baina Claudio Bravo oso seguru egon da. Racingek partida geratzen asmatu du, eta 30. minututik aurrera futbol gutxi ikusi da Sardineron. Pare bat aukera, Racingen aldaketa Colsak min hartu duelako eta ezer gutxiago, 45. minutura arte. Luzapenean iskanbila sortu da jokalarien artean. Bernardok sarrera gogorra egin dio Agirretxeri eta Realeko jokalariek bigarren txartel horia eskatu dute. Epaileak Bernardo bota izan balu ez zen ezer pasako. Sesioan hasi dira bi taldetako jokalariak eta Stuanik Demidov bultzatu du. Txartel hori bana atera die Velasco Carballok biei. Iñigo Martinezek ere lehen txartel horia ikusi du protesta egiteagatik. Lurrean egon dela ikusi da telebistan, baina ez da antzeman zer gertatu den. Horrela, liskarraren ondoren aldagelako barealdirako bidea hartu dute bi taldeek.

Bigarren zatia zeharo desberdina izan da. Beste behin ere Racing txuri-urdinak baina hobeto hasi da. Lo zirudien. Lo kuluxka horretatik bortizki esnatu da, baina. Iñigo Martinezek falta nahiko txatxua egin du areatik gertu, Aranaren autopasea eragozteko. Velasco Carballok ez du zalantzarik izan eta bigarren txartel horia erakutsi du ondarrutarrari. Ezin dira horrelako faltak egin txartel horia daukazunean, eta batzuetan kemen gehiegirekin aritzen da Iñigo Martinez. Lehengo urtean 6 txartel gorri ikusi zituen 2.B mailan. Baina, tira, urteekin ikasten dira horrelako gauzak. Ordu erdi baino gehiago geratzen zen, eta berriz ere sufritzera kondenatua geratu da taldea.

Vila-realen aurka bi pauso atzera eman bazituen, ez du berdina egin Racingen aurka eta nor baino nor lehiatzen saiatu da. Zelaierdia sendotzeko ideiarekin Mariga Aranbururen ordez sartu du Montanierrek. Eta hurrengo jokaldian partidako aukera garbiena izan du Griezmannek. Maradonaz jantzi, eta area barnean bost edo sei jokalariri iskin egin ondoren, atzelariek baloia urrundu dute. Sinetsi ezina izan da aukera. Bost minutu geroago ere beste aukera bat izan du gazteak, baina zorterik gabe. Partidua erabat apurtuta geratu da, eta jokalari bat gutxiagorekin egon arren Reala ez da gutxiago izan. Griezmannek aurreko bi urtetako maila berreskuratu du, eta erasorako erantzukizuna hartu du. Partida zaila zegoela ikusita, gainera, lan eskerga egin du defentsan, eta Estradak asko eskertu du bere laguntza.

72. minutuan Xabi Prieto Agirretxegatik sartu da, baloiaren jabetza izateko asmoarekin, baina dagoeneko Racing nagusitzen ari zen. Txuri-urdinak nekatzen hasi diren heinean, etxeko taldea golaren bila joan da. Aukera oso garbia izan dute Alvarok ia-ia Estradarena egin duenean. Haren erdiraketa gaiztotzen hasi da eta langa jo du azkenean. Azken hamabost minutuetan bultzaka hasi da Racing, berdinketarekin urduri. Reala erasoan saiatzeko indarrik gabe geratu da, eta Racingek ez du aukera garbirik izan.

0-0 amaitu da partida, horrenbestez. Partida itsusia, trabatua, eta aldi berean aukeraz josia. Realak ez du golik jaso etxetik kanpo, eta marka da, azkenekoz aurreko Ligako 19. jardunaldian lortu zuelako hori. 0-4 irabazi zion Getaferi orduan. Urtarrilak 15 zen, ia urtebete pasa da. Bost partida galdu gabe eman ondoren, taldeak badaki zein den jarraitu beharreko bidea. Hurrengo geltokia Granada da, etxeko lanak amaitu behar dira, eta Kopako mamua behin betikoz uxatu.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS