Ahaztu Elustondoren txartel gorria, ahaztu joko bolada
ona, ahaztu 12 puntutik 8 lortu izana. Ahaztu guztia igandera arte. Orain
Koparen ordua da. Realak Granadaren aurka jokatuko du gaur 21:00etan.
Ogitartekoko partida, eta zergatik ez, ilusioa pizteko norgehiagoka. Halako
kanporaketen aurrean bi aukera daude: Kopa gutxietsi eta Ligan buru-belarri
jardun, edo ametsei aukera eman eta Kopan aurrera egiten saiatu. Bigarren
aukeraren aldekoa dirudi Philippe Montanierrek, eta Ruben Pardo deitu du soilik
bigarren taldetik. Claudio Bravo, Carlos Martinez, Iñigo Martinez eta Carlos
Vela deialditik kanpo utzi ditu atseden hartzeko. Hitz hauek idazterakoan 19
jokalariko deialdia osatu zuen entrenatzaileak; beraz, oraindik beste jokalari
bat geratuko da kanpoan.
Ordezkoek beren aukera izateko erabili ohi da Kopa, eta
horiek izango dira gaurko hamaikakoa osatuko duten jokalariak. Aulkira begira,
baina, Montanierrek maila hadiko jokalariak zelairatuko dituela antzeman
daiteke. De la Bella, Demidov, Pardo, Mariga, Prieto, Llorente eta Ifran
bezalako jokalariak hasieratik ariko dira ziurrenik. Ezin da ahaztu horietako
batzuk titularrak zirela lehengo urtean, eta lesioak tarte galdu dutela soilik
beren postua hamaikakoan. Pardo gaztetxoak ere sekulako aukera du Montanierri
etorkizuna ez ezik oraina ere badela erakusteko. Elustondok ere hasieratik joka
dezake, Vila-real aurka ordubete bakarrik jokatu zuelako, eta horrez gain,
Racingen aurka jokatu gabe geratuko delako –baldin eta batzordeak ez badio
bigarren txartel horia kentzen-. Hala eta guztiz ere, jokalari bakarrak du bere
postua bermaturik, Montanierrek aditzera eman duenez Eñaut Zubikarai izango da
atezaina. Maila handiko taldea beraz, lehiakorra izan behar duena.
Granada gainera ez dabil joko bolada onean. Andaluziarrak
15. dihoaz Ligan, Realaren puntu kopuru berberarekin. Ligan bi partida irabazi
gabe dago. Getaferen aurka 1-0 galdu zuen, eta Mallorcarekin bina berdindu
zuen, azken minutuak atxe itxiarekin jokatu zen partidan. Aurretik Zaragozari
etxean eta Athletici San Mamesen irabazi zioten. Fabrik dozena erdi jokalari
ditu min harturik: Pamarot, Lucena, Yebda, Fran Rico, Martins eta Abel Gomez.
Hala, defentsa osatzeko arazoekin daude. Roberto atezain titularra deialditik
kanpo geratu da, eta Boateng harrobiko jokalaria Donostian izango da. Granadak
eta Realak elkar ikusi dute dagoeneko Ligan. 1-0 irabazi zuten txuri-urdinek
Estradaren gol ikusgarri bati esker. Partida itxusia izan zen, trabatua, baina
Realak Granada baino hobeago dela erakutsi zuen.
Etsigarria da Realak azken urteetan Kopan eman duen
itxura. Azken hamar ediziotan bi aldiz soilik egin du aurrera, maiz Bigarren
edo Bigarren B mailako taldeen aurka jokatu duen arren. Aurrekari tamalgarriak
donostiarrentzat. Final hamaseirenetako langa pasaezina bihurtu da, eta Kopan
nolabaiteko madarikazio bat dagoela dirudi. Final zortzirenetan sartzeak
ilusioa piztuko luke zaleengan. Zozketan zorte izanez gero final laurdenetara
sailkatzea posible delako. Gero, librea da amets egitea. Baina poz iturri izan
daitekeena, aldarte onena ere iluntzeko zorigaizto bihurtu da azken urteetan.
Gaurko partidaren ondoren hilaren 21ean, Santo Tomas
eguna, jokatuko da itzuleko partida. Eta, zergatik ez? Gabonetako opari polita
izan daiteke final zortzirenetan sartzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario