domingo, 22 de enero de 2012

EZEREZEAN GALDUTA


Realak 0-4 galdu du Anoetan Atletico Madrilen aurka Ligako lehen itzuliko azken partidan –berez, lehenengo jardunaldia den arren-, eta 21 punturekin amaituko du lehen itzulia. Partida kaskarra jokatu dute txuri-urdinek, eta lau goleko desberdintasuna gehiegi izan arren, aurkaria baino gutxiago izan da.

Goiz jaso zuen lehenengo kolpea Realak, goizegi. Jokaldi aldrebes batean Elustondok huts egin zuen baloia aldentzeko eta Bravok ahal zuen moduan urrundu zuen Arda Turanen jaurtiketa. Jokaldia ez zen hor amaitu, eta erasoan jarraitu zuen Madrilgo taldeak. Erdiraketak Demidoven besoan eman zuen. Penalty garbia izan zen. Ez zion nahita eman, baina erdiraketa moztu zuen, txartel horia beraz. Falcaok bere ezkerretik sartu zuen, atezaina beste aldera bota zenean. Lehenengo minutua zen, eta atzetik zegoen dagoeneko Reala.

Cholo Simeone, Atletico Madrileko entrenatzaileak esan zuen beretzat nahikoa zela behin eraso egin, gola sartu eta atzean partida eustea. Ederki jarri zitzaion partida. Sansebastianetan goitik behetik euria egin ondoren, Anoetako zelaia oso azkar zegoen, eta bi taldeek zailtasunak izan zituzten jokoa sortzeko. Pase erraz askotan huts egin zuten, eta bi taldeetako inork ez zuen jokaldi landurik egin. Zelaiaren bizkortasuna gutxi ez balitz, Muñiz Fernandezek protagonismoa hartu nahi izan zuen hasieratik. Bere ohiko harrokeriarekin txartel hori ugari atera zituen lehenengo zatian. 12. minutuan Realeko hiru jokalarik ikusi zuten txartela, tartean aulkian zegoen Zubikaraik. Talka bakoitza falta izan zen epailearentzat, eta hala oso trabatua izan zen lehenengo zatia. Itsusia guztiz. Futbol gutxi ikusi zen. Atsedenaldira iritsi aurretik Muñiz Fernandezek Anoetako guztiak haserretu zituen, Atletico Madrilen arean Juanfranen eskua ikusi nahi izan ez zuenean. Realaren area barnean penalty izan zena, ez zen penaltya izan zelaiaren beste puntan.

Horrenbestez markagailuan atzetik amaitu zuen Realak lehenengo zatian. Montanierren mutilek bigarren zatian partida irauli egingo zutela uste zutenek kolpe latza jaso zuten hasieran. Eskuin hegaletik jokaldi ona egin zuten Diegok eta Juanfranek, eta azkenaren erdiraketa Adrianek bakar bakarrik burukatu zuen. Bravok sekulako geldiketa egin zuen, baina defentsak baloiaren bila joan beharrean, Adrianek berriro baloia nola hartu eta sare barrura nola botatzen zuen begira geratu ziren. Lehen eta bigarren zatiko lehenengo minutuan bi gol. Malda handiegia Atletico Madril bezalako talde baten aurka jokatzeko. Ez zuen inoiz altxatzerik lortu Realak. Atzokoa ez zuten eguna. Diego, Mario Suarez, Gabi eta enparauak Realeko erdilariak baino gehiago izan ziren. Demidov, Cadamuro, Griezmann edota Vela urduri ibili ziren, eta ez zuten bere maila eman.

Montanier gauzak aldatzen saiatu zen, eta ausart jo zuen hegaleko bi atzelariak kendu eta Ifran eta Xabi Prieto sartuta. Mikel Gonzalez eta Prieto bera jarri ziren hegaleko defentsa lanetan, eta Elustondo berago jarri zen. Zelaierdian jokoa eraikitzea lortu ez zutenez, joko zuzena, eta hegaletatik min egitea erabaki zuen. Ezohiko saiakera egin zuen Montanierrek, baina ez zuen zorterik izan. Atletico Madrilek oso ondo defendatu zuen, gutxienez sei jokalari zeuden defendatzen uneoro, eta faltak egin behar bazituzten, beldurrik gabe egiten zituzten. Reala benetan kamuts ibili zen erasoan. Partida guztian hiru zutoinen artean jaurtiketa bakarra egin zuen. Azken minutuetan Realak utzi zituen hutsuneak probestuz, bi gol sartu zituen Falcaok, Anoetatik hat-trick batekin ateratzeko. Baselina bikain bat egin zuen lehenik, aurreratuta zegoen Bravo baten gainetik, eta jokaldi polit bat amaitu zuen gero. Buruhauste ugari egin zituen kolonbiarrak txuri-urdinen artean. Jokalari osoa da, eta golak sartzeaz gain lan asko egiten du. Goi mailako jokalaria.

Etxetik kanpo partidarik irabazi gabe zegoen Atletico Madril, bost gol soilik sartuta. Atzo lehenengo garaipena ez ezik, lau gol sartu zituzten. Realak gutxi egin zuen. Goizegi makurtu zuten burua, eta partidatik at minutu asko eman zituzten. Bigarren zatian bultzaka aurkaria lurrera botatzen saiatu ziren, bihotzarekin baina bururik gabe. Partida txarra izan zen dudarik gabe, Mallorcako estropezutik gertuegi. Ezin dira 38 partida on egin, partida txarrak ulertzekoak dira, atzoko porrotak benetan mingarriak diren arren. Mallorcako zauria itxi gabe dagoela gogora ekartzeko, txistu egiten hartu zuten taldea zaleek partida hasieran. Partidan zehar txalo egin zuten, baina txistu gehiagorekin agurtu zituzten gero. Talde honek altxatzen dakiela erakutsi du sarri, eta hori egin behar du berriro. Ligan Anoetan jokatutako bederatzi partidetatik bi irabazi ditu soilik, eta zazpi gol sartu. Hurrengo igandean Sportingen aurka hori aldatzeko aukera du. Zuzeneko aurkaria da Asturiaseko taldea.

Partidako onenak:

3.- Mikel Gonzalez: Realak lau gol jaso arren, itxura onena eman zuen jokalaria izan zen. Ez zuen Falcao geratu, baina jokaldi arriskutsu ugari moztu zituen. Ez zuen Liga titular gisa hasi, baina momentu honetan hamaikakoan egon behar du beti.
2.- Elustondo: Atletico Madrielk zelai erdia mendean izan zuen arren, uneoro eman zuen aurpegia beasaindarrak. Lan asko egin zuen.
1.- Xabi Prieto: Partida onegia egin ez zuen arren, bera zelaian sartzearekin bat etorri ziren txuri-urdinen minutu onenak. Erasoan arriskua egin zuen.

No hay comentarios:

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...

TODAS LAS NOTICIAS
POR FECHAS