Harrobiko taldeko hiru jokalari jarri zituen
Guardiolak hasieratik: Cristian Tello, Jonathan dos Santos eta Isaac Cuenca.
Bazirudien Sampedorrekoak ez ziola beldur handirik Realari, eta lesioak eta
Kopako asteazkeneko partidua tartean, jokalari batzuei atseden emateko baliatu
nahi zuen. Nolanahi ere, kalitatea soberan zuen taldea jarri zuen zelai
gainean. Montanierrek ere ezohiko hamaikakoa jarri zuen, eta Markel Bergarak
eta Ruben Pardok hasieratik jokatu zuen erdian; eta Ifranek aukera berri bat
izan zuen zelairik zailenean.
Bartzelonaren hamaikakoa ikusita, aukeraren
bat egon zitekeela pentsatu zuten askok, baina, goizegi hasi zen okertzen
partida txuri-urdinentzat. 8. minutuan Tellok aurre hartu zion Carlos
Martinezi, Messik zuloa ikusi zuen eta pase neurtua eman zion harrobiko
jokalariari. Bravo angelua ixtera atera zen, baina Bartzelonakoa azkarrago
iritsi zen eta atean emeki sartu zuen. Ez zen Bartzelonak izandako aukera
bakarra. Aurretik txuri-urdinen atezainak sekulako geldiketa egin zion Messi
izarrari; eta minutu bat geroago Ifranek izan zuen aukera Bartzelonaren arean,
baina Valdesek ondo erantzun zion uruguaitarraren jaurtiketari.
8. minutuan ahitu zen Realaren itxaropena.
Markagailuan atzetik ikusita urduri jarri ziren. Baloia behin eta berriz galdu
zuten, eta defentsan ongi moldatu arren, ezin izan zuten erasorik eraiki,
baloia zelai erdian galtzen zutelako. Aranburuk lan eskerga egin zuen, eta
Pardo, lehen aldiz titular Ligan, galdu samar zegoen. Bitartean Markelek nahikoa
zuen defentsan jo eta su ibiltzearekin. Txuri-urdinen lehenengo atzelariak
Griezmann eta Prieto ziren, eta Ifran oso bakarrik geratu zen Puyolen eta
Mascheranoren aurrean. Saiatu, saiatu zen, baina ezin izan zuen arrisku
handirik sortu.
Bartzelona erditik eraso egiten saiatu zen, baina behin eta berriz egin
zuen topo Realeko jokalariekin. Area ingurura iristen zirenean baloia galtzen
zuten, bost segundo geroago berriz ere berreskuratu eta berriro saiatzeko.
Ernegatu ere egin ziren momentu batzuetan, horren froga Cescek area kanpotik
eginiko jaurtiketa. Gutxitan ikusten da Bartzelona area kanpotik jaurtiketak
egiten. Halere, munduko jokalari onenak izaki, azkar ikusi zuten non zegoen
Realaren ahultasuna; hegaletan. Cuenca eta, batez ere, Tello gazteek baloia
hartu zutenean min handia egin zuten. Cadamurok eta Carlos Martinezek asko
sufritu zuten bi horien abiadurarekin. Tellok behin eta berriz hartu zion aurre
Lodosakoari. Baina lehenengo zatian ez zuen golik sartu Bartzelonak. Bravok
bost bat geldiketa egin zituen lehenengo 45 minutuetan. Batzuk errazagoak,
besteak zailagoak; baina guztietan ziurtasun osoz ibili zen txiletarra.
Erdiraketa eta pase guztietan ere ausart ibili zen, eta baloira aurkariak baino
lehenago iritsi zen.
Bizirik iritsi zen bigarren zatira Reala; baina gidoi bera jarraitu zuen
partidak lehendabiziko minutuetan: Bartzelona erasoan, eta Reala oldarraldiei
eutsi nahian. Lehen zatian gertatu bezala, partida hasi bezain pronto gola
sartzeko aukera izan zuten txuri-urdinek. Oraingoan Griezmann izan zen Valdesen
aurrean bakarrik geratu zena, baina atezainak geldiketa ona egin zion. Realaren
arrisku guztia frantziarraren oinetatik etorri zen. Ez zuen golik sartu, baina,
bere abiadurak estutasun bat baino gehiagotan jarri zuen Bartzelona. Ifran Velagatik
ordezkatu zutenean, aurrelari gisa jokatu zuen, balizko kontraerasotan bere
abiaduragaz min egiteko. Txorkatilan min hartuta utzi zuen zelaia Uruguaiko
aurrelariak.
Messik hiru partida zeramatzan golik sartu gabe, eta bolada txarra eten
nahi zuen hedabideek laugarren partida jarraian lau haizeetara hedatu aurretik.
Jokaldiak bera bakarrik egiten saiatu zen, baina ez zuen golik sartzen. Bravo
ez zenean, Iñigo Martinez zen argentinarra gelditzen zuena. 64. minutuan
atezainari iskin egin zion Messik, eta atean atezainik ez zegoenean, Martinezek
urrundu zuen baloia. Bost minutu geroago gola sartu zuen Bartzelonak, baina
balio gabe utzi zuen epaileak. Dani Alvesengan jo zuen Telloren jaurtiketak,
Brasilekoa goleko-marran jokoz kanpo zegoen. Bila eta bila, 72. minutuan
aurkitu zuen Messik bere gola. Bravo Alvesen pasearen bila atera zen,
baina argentinarra azkarragoa izan zen, eta atezainaren aurrean gurutzatu zuen
baloia.
Pozik eta lasai zeuden Bartzelonakoak. Bi goleko errentak nahikoa zirudien
arrisku gehiegi egiten ari ez zen aurkari baten aurka. Gol festaren zain zeuden
zale asko. Baina, minutu bat geroago Velak izoztuta utzi zituen denak.
Griezmannek, zeinek bestela, pase ona eman zion Arsenaleko jokalariari, eta
hark, ez zuen huts egin Valdesen aurrean. Ordu erdi geratzen zen partida
amaitzeko, eta gauzak ez zeuden hain argi. Llorente eta Agirretxe sartu zituen
Montanierrek berdinketaren bila. Minutuak pasa ahala, urduritzen hasi ziren
Bartzelonako jokalariak. Ez daude sufritzera ohituak, eta gaizki pasa zuten
partida defendatzen amaituta.
Realak ez zuen berebiziko arriskurik eragin, baina, Bartzelonaren zelaian
jokatu ziren azken hamar minutuak. Partida amaitu aurretik, Busquetsek min
hartuta zelaia utzi behar izan zuen. Carlos Martinezekin talka egin zuen.
Bartzelonako jokalaria lurrera bota zen Realekoari baloia kentzeko, eta
azkenak, nahi gabe, takoekin belaunean jo zuen. Irudiak ikusgarriak izan ziren,
baina ez du ezer larririk. Azken aukera Realarena izan zen, Velaren erdiraketa
bat buruz jaurtiki zuen Agirretxek, baina indar gabe iritsi zen Valdesen
eskuetara. Azken minutuetan Bartzelona estutu arren, galdu egin zuen Realak
azkenean. Ezin denean, ezin da.
Jokalari onenak:
1.- Antoine Griezmann: Realaren erasoko jokaldi guztiak frantziarraren
eskutik etorri ziren. Batzuetan berekoiegia izan zen, eta jokaldia bakarrik
egiten saiatu zen. Min handia egin zuen bere abiadurarekin. Velaren gola bere
pase batetik etorri zen.
2.- Iñigo Martinez: Lan oso ona egin zuen Ondarrutarrak defentsan.
Messitik ahalik eta gertuen ibiltzen saiatu zen. Buruz baloi guztiak eraman
zituen, eta Bartzelonako jokalarien jaurtiketa asko galarazi zituen azken
segundoan oina sartuta. Ikaragarria izan zen Messik Bravori iskin egin ondoren
argentinarrari atera zion baloia.
3.- Claudio Bravo: Geldiketa ugari egin zituen txiletarrak. Horma bat
izan zen Bartzelonako jokalarien jaurtiketa gehienetan. Ausart atera zen
erdiraketa eta pase guztien bila. Agian, bi goletan hain ausart atera izan ez
balitz hobeagoa izan zitekeen; edo akaso ez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario